«Mendeku politikak» indargabetzeko eskatu dute EH Bilduk eta EAJk

'Parot doktrina' bertan behera uztea eta neurri hori ezarri dieten presoak berehala askatzea galdegin dute Eusko LegebiltzarreanPSE-EEk ebazpenaren aurka bozkatu du, eta ezinbestekotzat jo du ETAk armak uztea

jokin sagarzazu
2013ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk eta EAJk eskatu dute euskal presoen aurkako «salbuespen legeak» indargabetzeko eta 197/2006 doktrina ezarrita dutenak «berehala» aske uzteko. EH Bilduren ekimenez, ebazpen bat bozkatu zuten atzo; jeltzaleek aldeko botoa eman zuten, eta aurkakoa PSE-EEk, PPk eta UPDk. Legebiltzarraren gehiengoak babestu zuen, beraz, ekinbidea. Testuan gogorarazten da Ines del Rioren auzian Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuela oinarrizko eskubideak urratzen dituela doktrinak. EH Biduko legebiltzarkide Julen Arzuagak atzoko saioan zehaztu zuenez, Espainiako Justiziak 94 euskal presori ezarri die Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina edo Parot doktrina deiturikoa, eta horietako 73 espetxean daude oraindik. Gaineratu zuen, 95 presok 20 urte baino gehiago egin dutela espetxean eta beste 29k 25 urtetik gora.

EH Bilduko legebiltzarkideak salatu zuen bereziki «euskal preso politikoei» ezarri dietela neurri hori, eta horrek agerian uzten duela erabaki politikoa dela. Adierazpen hori eta, zehazki, preso politiko esapidea erabili izanak, eztabaida gogorra piztu zuen legebiltzarrean. PPk hauspotu zuen ika-mika, eta horrek eragin zuen ondoren osatzekoa zen bakerako lantaldearen sorrera bertan behera uztea.

Arzuagak azaldu zuenez, «etsaiaren aurkako zigor zuzenbidean» oinarrituta jokatzen du Espainiako Justiziak, disidentzia politiko oro makurrarazteko. 197/2006 doktrinaren kasuan, esan zuen «praktikan» bizitza osorako espetxe zigorra ezartzea ahalbidetzen duela, «Zuzenbide Estatuaren oinarriak urratuz». Horren harira, Arzuagak egokitzat jo zuen legebiltzarraren adierazpena, bat egiten duelako Estrasburgoko Auzitegiarekin eta «euskal jendartearen gehiengoaren sentimenduarekin».

Antzera mintzatu zen EAJko Maribel Vaquero. Legebiltzarkide jeltzalea, baina, PPren kexen tonua leuntzen saiatu zen. Esan zuen legedia ezin dela ezarri «mendeku izpiritu batetik», eta gaineratu presoen eskubideak bermatu egin behar direla, eta hori bateragarria dela biktimek merezi duten justiziarekin. Halaber, ezker abertzaleari eskatu zion eurak eginiko «bide bera» egiten uzteko presoei.

Rodolfo Ares PSE-EEko legebiltzarkideak, berriz, EH Bilduri leporatu zion ebazpenarekin «propaganda» egitea. Horrekin batera, presoak «engainatzea» egotzi zion, «irtenbide kolektiboetara itxaropena» ematen ari zaielako. Horren harira, berretsi zuen bere alderdia espetxe politika «malgutzearen» alde dagoela, baina, ez zuen azaldu zergatik bozkatu duten doktrinaren aurka beste instituzio batzuetan —Donostiako Udalean, adibidez—eta ez Eusko Legebiltzarrean. PSE-EEko legebiltzarkideak nabarmendu zuen espetxe politikan aldaketak egon daitezen «ezinbestekoa» dela ETAk armak uztea.

Ares bezala, PPko Nerea Llanos eta UPDko Gorka Maneiro ebazpenaren aurka azaldu ziren. PPko legebiltzarkidea ez zen testuaren mamian sartu, eta Arzuagaren preso politiko esapidearen ingurua polemika baino ez zuen sortu, eta legebiltzarrean eztabaida gogorra sortu. Llanosek EH Bildukoari leporatu zion demokrazia «iraintzea», «ETAko presoak ez daudelako espetxean politika egitegatik edo euskal herritarrak izategatik». Maneirok ere «iraintzat» jo zuen EH Bilduk «giza eskubideez» hitz egitea, «koalizioak ez baitu ETA inoiz gaitzetsi».

Hilaren 20an bilduko da Estrasburgoko Auzitegiko areto nagusia, Ines del Rioren ebazpenaren aurka Espainiako Estatuak aurkeztu duen helegitea aztertzeko. Aldeek uda parterako espero dute behin betiko epaia. Azken asteetan, doktrinaren aldeko zein aurkako ekintza ugari egin dira, Euskal Herrian eta nazioartean.Arzuagak salatu du Espainiako Gobernua Estrasburgoko Auzitegia «presionatzen» ari dela.

Konponbiderako garaia

Doktrina ezarri zieten hainbat preso ohik agerraldia egin zuten atzo Gernikan. Nabarmendu zuten garaia dela «konponbideari eta bakeari ateak irekitzeko» eta baztertzeko «gorrotoan eta mendekuan» oinarritutako politikak. Europako erakundeei eta nazioarteari ere dei egin zieten Espainiako eta Frantziako estatuen egungo espetxe politikaren bukaera bultzatzeko, eta «euskal gizartearen ondoan egoteko», gatazkaren konponbidearen alde. «Ez dugu mendekurik eskatzen, konponbideak baizik; mina atzean uzteko garaia da: aukera bat eman behar zaio Euskal Herriko bakeari», azpimarratu zuten.

Halaber, bihar Tafallan egingo den manifestazioan eta beste mobilizazioetan parte hartzera deitu zuten preso ohiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.