Alfan kaleratzerik gabeko akordioa eskatu dute lehen greba egunean

Alfa Hogar, Alfalan eta Mecanicas Mallabia enpresetako langileek 87 kaleratzeren aurkako protesta egin dute egun osoanLABek dio enpresak ez duela esandakoa bete, eta lana «alderantziz» egiten ari dela

Maite Alustiza.
2013ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Mobilizazioekin jarraitzen dute Alfa taldeko langileek. Joan den astean bi orduko bi lanuzte egin ondoren, lehen greba eguna izan zuten atzo, zuzendaritzak egin nahi dituen 87 kaleratzeen kontra. LABek gogorarazi du taldeak ez duela hitza bete, ez baititu oraindik agindutako bideragarritasun planak aurkeztu. Gainera, akordio bat lotzeko prest agertu da, betiere kaleratzerik ez badago.

«Lana alderantziz egiten ari dira», azaldu du Jon Kirru Iparragirre LABeko kideak. Haren ustetan, beharrezkoa da bideragarritasun planak egitea, doikuntzez hitz egin aurretik. Mecanicas Mallabian 47 lagun bota nahi dituzte, beste 27 Eibarko Alfa Hogar lantegian eta 13 Alfalanen. Hiru enpresa horietan ez zen «ohiko» egun bat izan atzokoa; sindikatuen arabera, eguerdi aldean «handia» zen grebaren oihartzuna. Bihar eta ostiralean ere greba egunak izango dituzte.

Alfa taldea hartzekodunen konkurtsoan dago urriaren 23tik, eta joan den hilean aurkeztu zuen 87 langileri eragingo dien erregulazio dosierra. Kaleratzeen berri izan zuten moduarekin, ordea, LAB ez dator bat. Sindikatuak dio taldeak beharrezko dokumentazioa aurkeztu besterik ez zuela egin, langileen ordezkariekin bildu gabe. «Biderik errazena» aukeratu duela uste du Iparragirrek, hau da, «[Mariano] Raxoiren erreforma besarkatu» duela.

Alfako administrazio kontseiluak, berriz, argitu du eskatutako informazio guztia aurkeztu duela, taldeko enpresa bakoitzaren egoera ekonomikoa eta 2013-2015 urteetako plana barne. Aurrerantzean ere eskatutako edozein informazio emateko konpromisoa hartu du.

Taldearen helburu nagusia enpresen jarduera «salbatzea» dela azaldu zuen administrazio kontseiluak larunbatean plazaratutako ohar batean —guztira hamabi enpresa biltzen ditu—. Haren arabera, gaur egun dituzten 700 lanpostuetatik «posible da 500 baino gehiago mantentzea», baina horretarako, ezinbestekoa da lantaldean eta soldatetan doikuntzak egitea. Helburu horretara heltzeko talde osoaren ahalegina eta guztien babesa beharrezkoak direla nabarmendu zuen. Iparragirrek, baina, murrizketa horiek dagoeneko martxan daudela salatu du. Abenduko soldatan langile batzuek %5 eta %15 bitarteko jaitsierak izan dituztela dio; soldataren arabera jaitsiera ezberdina dela azaldu du.

Barakaldoko (Bizkaia) Megapark merkataritza gunean ere kaleratzeen aurka mobilizatu ziren atzo, hainbat gizarte eragilek eta sindikatuk deituta. Merkealdiaren hasieraz baliatuta, lan baldintzetan «beherapenak» egiten ari direla salatu zuten, eta jakinarazi zuten 1.200 langile 500 eurotik behera kobratzen ari direla. Darty saltokiaren aurrean elkartu ziren; horretan, hain justu, 20 lagun bota nahi dituzte, denda ixteko asmoa baitute. Yelmon, Megaparkeko zinemak kudeatzen dituen enpresan, erregulazio bat negoziatzen ari dira langileak eta zuzendaritza, eta Leroy Merlinen ere hainbat langile kalean utzi berri dituzte.

Protesta El Corte Inglesen

Bilboko El Corte Ingles saltokian lagun bat kaleratu nahi dutela salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur eta bihar, LABek deituta. Gaurkoa merkataritza gunearen parean izango da, eta biharkoa, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan.

Forondako langileek Madrilera eramango dituzte gaur euren aldarrikapenak. Aireportuak egun osoko jarduna berreskura dezala eskatuko dute Espainiako Sustapen Ministerioaren eta AENAko bulegoen aurrean—orain hamabi orduz aritzen da martxan—.

AENAk erregulazio dosier bat aurkeztu du, eta horren barruan, Forondan dauden 120 beharginetatik 70ek aldez aurreko erretiroa hartzeko aukera dute. 55 urte baino gehiago dituzten 52 langilek dagoeneko aurkeztu dituzte eskabideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.