BECek esku pribatuetan utziko du Bizkaia Arenaren kudeaketa

Erakustazoka defendatu du Arantza Tapia sailburuak, eta 2016. urterako ustiapen galerak ezabatzen ahaleginduko diraOrubeak, pabiloiak eta bulegoak salgai jartzea baztertu dute oraingoz erakundeek

Bilbao Exhibition Centre erakustazokak 300 milioi euroren galerak pilatu ditu ireki zenetik. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2013ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
BEC Bilbao Exhibition Centre erakustazokako espazio handiena enpresa batek kudeatuko du. Erakundeen asmoa da Bizkaia Arena adjudikatzea eta urte batzuetarako esku pribatuetan uztea. BECek martxan jarri duen Lehiakortasun Planaren barruan hartuko da erabaki hori. Azpiegiturako orubeak, pabiloiak eta bulego gehiago alokairuan jarriko dituzte, baina oraingoz erabat baztertu dute salgai jartzea.

Arantza Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak agerraldia egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrean, erakustazokaren arazo ekonomikoei aurre egiteko plangintza azaltzeko. Azken urteotan galera handiak izan ditu BECek. 2011. urtean goia jo zuten, eta 41 milioi eurora iritsi ziren, amortizazioak eta finantza gastuak kontuan hartuta.

Bizkaia Arenaren kudeaketa pribatizatzeko prozesuari ekin diotela azaldu zuen Tapiak. Espazioaren erabilera eta arriskua sustatzaile pribatu batek bere gain hartzea nahi dute, eta BECek horren truke diru kopuru bat kobratzea. Ez zuen azaldu nolako baldintzak eskatuko zaizkion enpresa horri. Bizkaia Arena «zirkuituan jarri eta dinamizatzea» nahi dute.

Oraingoz, BECeko jabeek—Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak jabetzaren %93 dute, erdibana— azpiegiturako espazioren bat salgai jartzea baztertu dute, baina bezeroak bilatuko dituzte alokairuan 6. eta 7. pabiloientzat, dorreko bulegoentzat edo hotel bat eraiki behar zen kanpoaldeko orubearentzat. Jabetza publiko osoari eustea defendatu zuen Tapiak: «Azken finean, oraindik ere diru publikoarekin ordaintzen ari da, eta posible da guztiari balioa ematea».

Oposizioko alderdi guztien kezka eta kritika jaso zituen erakustazokaren egoerak, antzeko arrazoiak argudiatuta: proiektu handiegia izan zela eta egin den kudeaketa oso eskasa izan dela. Tapiak onartu zuen orain arazoak daudela erabilerarekin, baina eraikitzea erabaki zen garaiko ikuspuntua aintzat hartzeko eskatu zien. Azpiegituraren onurak aldarrikatu zituen. Haren arabera, 600 milioiko eragin ekonomikoa izan du, eta 100 milioi gehitu dizkio zerga bilketari.

Txikiegia dela salatu zutenei sailburuak erantzun zien urte eta ekintza batzuekin —Biemh azokarekin, esaterako— erakustazoka osorik betetzea lortu zela, baina ondoren krisiak azoken tamaina murriztu duela. Argudio horri buelta eman zioten PPko eta EH Bilduko bozeramaileek, eta espazioa bete eta jarduera gehiago zeuden garaietan ere azpiegiturak galerak zituela aurpegiratu zioten.

2016. urterako, galerarik ez

Galerak dira BECen buruhauste nagusia. 2004. urtean ireki zutenetik gutxienez 300 milioi euroren galerak izan ditu. 2008 eta 2011 urteen arteko emaitzak ikuskatu zituen EAEko Herri Kontuen Auzitegiak. Horren arabera, lau urtean BECen fakturazioa erdira jaitsi zen, eta ia 160 milioi galdu zituen. Galeraren parterik handiena eraikitzeko kredituen amortizazioa eta interesak dira, baina azken urteotan ustiapen gastuak ere estali ezinik dabil erakustazoka. Hots, dituen diru sarrerak ez dira jarduera gastuak estaltzeko adina. Galera horiek aktibo korronteak murriztu eta kaudimen maila nabarmen jaitsi dute. Lehiakortasun Planaren bidez ustiapeneko zuloa 2016. urterako estali nahi dute.

Oraindik 350 milioi euroko zorra ordaintzea geratzen zaio erakustazokari. 2014. urtean, gainera, bi kredituren epemuga amaitzen da (150 milioi, guztira). Diru hori osorik bueltatzea «ezinezkoa» dela onartu zuen Tapiak, eta berfinantzatzen saiatzeko lantalde bat sortu dute BECen.

150 milioi euro horiek mailegatzea hainbat finantza erakunderekin sinatu zen, eta, balizko aldaketak estaltzeko asmoz, %4,57ko interesa bermatzen zuen swap bat sinatu zuten erakundeek. Estaldura horren kontratua 14 milioi euro kostatu zaie Jaurlaritzari eta Aldundiari 2008tik 2011ra. Kontu epaitegiko azterketaren arabera, maileguetako interesen truke 90 milioi ordainduko dituzte 2027. urtera arte, eta diru gehiago izango da bi kredituak 2014an itzuli ordez berfinantzatzen badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.