Ziurtagiria eskuetan

Realeko zuzendaritzak argi dauka ez duela Montanier baino entrenatzaile egokiagorik topatuko proiektua mamitzen jarraitzekoFrantziarraren aginduetara lehiakorragoa bilakatu da talde txuri-urdina Lehen Mailan

Donostia
2013ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Arantzarik gabeko arrosak ari da biltzen aspalditxoan Reala. Gozatzen eta egoera atsegin hori azaltzeko irudirik egokiena Betisen aurkako partidaren atsedenaldian zaleen berezko portaera izan liteke. Markagailuan atzetik joan arren, etxekoek egindako lana gogotik txalotu zuten, zutik jarrita. Erantzun ezohikoa izan zen. Europako tokietara sailkatzeko borrokan sartuta, zaleek lagundu egin nahi diete futbolariei, hauspotu egin nahi dituzte. Gehiengoari dagoeneko ez dio ardura Philippe Montanierrek jarraituko duen ala ez edo entrenatzailearen inguruan sor litezkeen iritzi kontrajarriak eta eztabaidak. Edozein konturen gainetik Realaren jardunak balio du, eta hamar urteren ostean mailari eusteaz eta igoeraz urrutiko lehiaz kanpoko pentsaera izate hutsa gozatzeko modukoa da, inondik ere.

Lemazainik gabe funtzionatuko duen talderik ez dago. Hor daude datu eta adibideak ganorazko argudioak osatzeko. Entrenatzailearen lana gutxiesteko joerari gutxi batzuek eusten badiote ere, azkenaldian zabaldutako oinarririk gabeko ustea da Realak aulkiko agintaririk gabe ere joka dezakeela, jokalariek Montanierren esanak onartu dituzte. Eta bere lana aitortu ere bai. Betisen aurrekoan, Xabi Prietok adierazi zuen lan «bikaina» ari zela burutzen frantziarra eta berarekin jarraitu nahi zutela. Kapitainaren aitortza aldagelaren sentimenduaren ahots bakarra baino ez zen izan, gehiengoak aintzat hartzen baitu Montanierrek egindakoa. Zuzendaritzako kide garrantzitsuenen kasua ere bada, nahiz eta oraindik ez dioten jarraitzeko eskatu modu jakin batean.

Irizpideen barruan

Montanierren aurkezpen agerraldian, Lorenzo Juarros Loren kirol zuzendariak entrenatzaile aldaketaren arrazoiak argitzeaz gain, berriak izango zituen erronkak nabarmendu zituen: «Jokalari bakoitzaren gorputzaldi onena lortuz Lehen Mailan ahalik eta lehiakorren izatea da helburua. Harrobian sakontzen jarraitu beharko du ezinbestean».

Egun hartatik hona inor gutxik jartzen du zalantzan Realaren proiektua koskortzen ari ez denik, eta egiazko aurrerapausoa eman ez duenik lehiakorrago izateko. Emaitzen nagusikeriaren gainetik, garapen prozesu etengabean jarraitzen du Realak, fruituak biltzen. Jokalari gehienek gora egin dutenez, taldearen gorakada denbora kontua baino ez zen.

Ez da bidezkoa esatea oraingo taldea aurreko sasoikoa eta orain bi sasoikoa baino hobea denik. Betisen aurka hasieratik aritu ziren bederatzi jokalari Bigarren Mailan zeuden, eta horietako asko, gainera, bultzada handi baten beharrean zeuden frantziarra iritsi zenean. Carlos Martinez, De la Bella, Markel eta Agirretxek, esaterako, zalantza guztiak uxatu dituzte. Illarramendi funtsezkoa da egun, baina Martin Lasartek nahiago izan zuen Diego Rivasen alde egin. Iñigo Martinezen lan aparta ere ez da halabeharraren ondoriozko kontua. Vela bera zalantzaz gainezka iritsi zen. Entrenatzaileari onartu zion behin bera ez zela errematatzailea, baizik eta sortzailea. Pentsaera hori aldatzeko eskatu zion Montanierrek, eta lortu du. 24 gol sartu ditu, eta azken pase asko eman. Asko dira. Tarte horretan Messi, Cristiano Ronaldo, Falcao, Higuain, Benzema, Soldado eta Ruben Castro baino ez dira izan eraginkorrago ate aurrean. Argigarria.

Emaitzen aterpean

Jakina Montanierrek hutsak egin dituela, batez ere egokitzeko behar izan zuen tartean, eta orduan susmo txarra hartu ziotenek askok fidagaitz jarraitzen dute, baina garrantzitsuena da Realaren betiko tresnak erabiliz, klubaren izateko erarekin bat eginez, agintariek jarritako helburuak betetzen ari dela.

Futbolean azterketak gainditu behar dira derrigorrean, eguneroko lanaren ziurtagiri fidagarriena baita agintari zein zaleen aurrean. Sailkapenean zenbat eta gora egon, orduan eta onespen handiagoa izango du dena delako entrenatzaile eta taldeak. Horretan zalantzarik ez. Iragan sasoia amaitu berritan, Montanierrek adierazi zuen lanarekin jarraitzeko pentsamendua zuela eta helburua maila hobetzea zela. Esan eta egin. Txuri-urdinen jokoa edozein tokitan ezagutzeko modukoa izateaz gain, geroz eta eraginkorragoa ere bada. Gustu kontuak ezin du estali-eta Realaren jario emankorra. Aurreko sasoian Betisen zelaian jokatu zuenean, azkena zen, bederatzi punturekin. Bada, hurrengo 40 jardunalditan 79 puntu atera ditu. Bosgarren talderik onena izan da tarte horretan, Malagarengandik bi puntura eta Valentziaren aurretik.

BERRIArekin hitz egin zuen azken aldian, Montanierrek nabarmendu zuen geroz eta fidagarriagoak izan nahi zutela bigarren itzulian, eraginkorragoak, kalitatezko jokoari eutsiz eta baloi zirkulazio arinekin. Bere taldeak Betisen aurkako puntuarekin lortu zuen zortzi jardunaldiz segidan ez galtzea. Hamar urte luze ziren horrelakorik lortzen ez zuela Realak. Edonola ere, entrenatzailearen pentsamoldea ez da aldatu. «Ez dut nire jarraipenaz hitz egiteko gogorik, ez baita kontu garrantzitsuena. Gure jokoa nola hobetu eta hurrengo aurkariaren ahalmenak kezkatzen naute soilik». Bulegoen bakardadean ere, gertuen dituen lagunekin pentsaera horri eutsi dio. Europarako txartela lortzean bildu du arreta osoa, eta ez du oraingoz beste ezerekin gogoa estutzerik nahi.

Horregatik, ez dirudi maiatz arte Realak entrenatzailearen jarraipena ziurtatzerik izango duenik, nahiz eta hitz egiten hasiko diren aurki. Bi aldeen borondatearen araberakoa izango da. Txuri-urdinek bene-benetan nahi baldin badute Montanierrek Zubietan segitzea ez dirudi akordioa lortzeko arazo handirik izango dutenik. Nahi hori azaltzeko moduan egongo da irtenbidea. Emaitzez haragoko konfiantza sentitu nahiko du frantziarrak, bere lanaren aitortza moduko frogatzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.