Agur hezitzaileari

Ezustekorik ezean, Philippe Montanierrek ez du kontratua berrituko Realarekin, eta Stade Roazhonekin sinatuko duBretainian luzera begira lan egiteko bermeak eman dizkiotelako utziko du Donostia

Donostia
2013ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Azken orduko aldaketa handirik ezean, Philippe Montanierrek ez du Realean jarraituko datorren sasoian. Bi eskaintza zituen jarriak entrenatzaile frantziarrak aukeren artean, eta Stade Roazhon Bretainiako taldearen proposamena txuri-urdinekin adostutakoa baino pisutsuagoa izan da.

Erabaki horren atzean ez dago arrazoi bakarra, eta alferrikako kontua litzateke errudunak topatzen hastea. Anoetako agintariak aspaldi ohartu ziren ez zutela Montanier baino gidari egokiagorik topatuko esku artean zeukaten proiektu erakargarria mamitzeko. Hala ere, ez ziren itsutu txapelketako emaitza baikorren distirarekin, eta entrenatzaileak berak ere denbora eskatu zien hitz egiten hasi aurretik. Zubietako eguneroko lanean zeukan bildua arreta osoa, eta ez zuen nahi ez inork eta ez ezerk hori hausterik, taldearen funtzionamendu ezin egokiagoa baldintza zezakeelakoan. Kirol arduradunak bat etorri ziren pentsamolde horrekin. Alde biek ziurtzat jo zuten akordioa lortuko zutela garai hartan.

Elkartzeko aurreneko urratsa Jokin Aperribaik egin zuen udaberriaren hasieran. Bigarren bilerarako deia ere hark egin zuen, lehen hartu-emana ez baitzen atsegina izan. Bi aldeek haserre amaitu zuten. Realak urtebetez jarraitzeko eskatu zion Montanierri aurren-aurrena. Ezustean harrapatu zuen horrek frantziarra, eta atsekabea eragin zion. Lan helburuak betetzeaz gain, kirol aurreikuspenak txiki utzi zituenez, hark pentsatu zuen luzera begirako plangintza baten inguruan jardungo zirela. Presidenteak azaldu zion eurek ezin ziotela hiru urteko hitzarmena eskaini, hurrengo sasoiaren hasieran hauteskundeak egingo baitira. Orduantxe aldendu ziren, nahiz eta talde txuri-urdinak hasierako eskaintzari beste urtebete erantsi.

Montanierrek hezitzaile sena du. Harrobietan sakonduz talde gazte eta lehiakorrak eratzea da haren jomuga. Horregatik onartu zuen Gipuzkoa aldetik jaso zuen eskaintza duela bi urte. Horregatik onartuko du Roazhon taldearena orain. Luzera begira haren lan prozesua gauzatzeko bermeak eman dizkiotelako, batik bat.

Montanierrentzat, gainera, ezinbesteko kontua da Michel Troin aldamenean izatea. Ez baita laguntzaile edo aholkulari arrunta. Urteak daramatzate elkarrekin lanean, eta ez dute harreman estu hori bukatzerik nahi, inondik ere. Taldea utzi eta bere herrialdera itzultzeko hautua egina zuen Troinek. Horrek eragin sakona izan du Montanierren pentsatzeko eran.

Realarekin eztabaidatzen ari zela azaldu zen Francois-Henri Pinault enpresaburu aberatsa. Roazhon taldearen jabe egin zenean argi utzi zuen bere eltzetxoa hautsi eta sosak uzteko prest zegoela multzoa indartzeko. Montanierrekin hitz egin zuen egun batzuk atzera, eta bere beharrak aseko zituela zin egin zion.

Horri guztiari lehentasuna eman dio txuri-urdinen aulkiko arduradunak azkenerako. Hutsetik hasteko aukera izango du baliabide sendoekin. Hiru urteko kontratua sinatuko du, hori da Realarekin lortu nahi zuena, eta, Donostian baino soldata dezente hobea jasotzeaz gain, jokalari bikainak fitxatu ahal izateko modua emango diote.

Bukaeran, txaloak

Aperribai, Lorenzo Juarros Loren eta inguruko agintariak jakinaren gainean daude. Ez dira larritu, eta ez daukate Montanierrengatik gaizki-esaka hasteko inolako asmorik. Denboraldia zoragarria ari da izaten, eta ez luke zentzurik izango. Horren aurkakoa egin nahi dute. Reala, taldea bera, edozeinen eta edozeren gainetik baitago. Sevillan lortutako garaipen bikainaren ondotik, eskura dauka laugarren tokiari eustea, eta hori da gauzarik garrantzitsuena.

Montanierren lana txalogarria iruditu zaie arduradunei, eta bi urte hauetan erakutsitako portaera, berriz, eredugarria. Behin eta berriz nabarmendu dute klubaren mesedetan hartu dituela erabakiak, nahiz eta jakin zale asko aurka izango zuela horregatik. Frantziarrak berak ere izugarri estimatu die harekin izandako pazientzia unerik txarrenetan. Zenbait unetan baldar jokatu badute ere, bi aldeetako harremanak ez dira hoztu. Txuri-urdinek hanka sartu zuten Montanierren jarraipena baieztatu zutenean iaz, urtebete gehiagorako kontratua izenpetua zuelako. Frantziarra, berriz, ez da erabat argia izan klubarekin azken asteetan bere asmoen aldaketa zela eta.

Hain zuzen, Realak, Montanierrek eta zaleek norabide bera hartu beharko lukete Real Madril eta Deportivoren aurka. Bere historiaren atalik ederrenetarikoa ari dira berridazten gipuzkoarrak, eta igandean Anoetak eztanda egin beharko luke Real Madrilen aurka.

Montanierrik gabe Realak bidean aurrera egingo du, eta entrenatzaileak Zubietatik urrun irakasten jarraitzeko aukera izango du, hark nahi izan duen tokian gainera. Batak besteari asko zor diote. Esker ona adieraztea izango da egokiena, sasoi bikain honek ez duelako merezi arantzaz inguratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.