Ofiziala da: badoa

Realak jakinarazi du Philippe Montanierrek baieztatu egin diela ez duela berrituko; Stade Roazhonek ofiziala egin du fitxaketaEntrenatzailearen aferan gertatutakoaz iritzia eman diote taldeko hiru kide ohik BERRIAri

Julen Etxeberria.
Donostia
2013ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Jada ez da zurrumurrua, ez gorpuzten ari den albiste bat. Ofiziala da jada. Philippe Montanierrek Reala utziko du sasoiaren amaieran, eta Stade Roazhon Bretainiako taldea entrenatuko du. Talde txuri-urdinak atzo eguerdian jakinarazi zuen Montanierrek berak azaldu ziela klubeko agintariei ez zuela kontratua berrituko. Prentsa ohar labur batean eman zuen albistearen berri Realak. Sasoia amaitutakoan emango ditu azalpenak. Izan ere, lehiaketatik kanpo dauden gaiak «bazter batean» utzi nahi ditu, eta «indar guztiak» sasoi honetako helburua lortzera bideratu. Realak Montanierren erabakiaren berri eman eta gutxira baieztatu zuen albistea Stade Roazhonek, hots, entrenatzaile frantziarrak hiru denboraldirako kontratua sinatu duela.

Akabo Montanierren aroa Realean. Bi urtez eseri da talde txuri-urdinaren aulkian. Lan bikaina egin du, batez ere denboraldi honetan. Eta lan hori ez da oharkabean pasatu. Horregatik jo du haren atea Stade Roazhonek, eta eskaintza bikaina egin, Realarena txiki egin duena. Horregatik doa. Hori esan diote BERRIAri Realeko kide izandako hiru lagunek.

GALDERAK

1. Zein iritzi duzu Philippe Montanierrek hartutako erabakiaz?

2. Zein iritzi duzu Montanierrek egindako lanaz?

3. Nolakoa izan behar du Montanierren ordezkoak?

JUANAN LARRAÑAGA Realeko jokalari ohia

«Montanierrek argitu beharko du benetan zergatik doan»

1. «Beste talde batek eskaintza hobea egin eta hark onartu egin badu, hor gutxi dago esateko. Hori, hala ere, hark argitu beharko du. Izan ere, agian, Roazhonek egindako eskaintza bikainak baino pisu handiagoa izan du Realak egindakoa gustukoa ez izateak. Ez dela une aproposa? Zaila da une aproposa aukeratzea, beharbada taldearentzat aproposa izan daitekeen unea ez da aproposa entrenatzailearentzat».

2. «Asteburuko lanaz bakarrik hitz egin dezaket. Eta, bai, izan ditu hutsuneak, batez ere hasieran. Hasierako Montanierrek eta oraingoak antz gutxi dute. Orain hobeto kudeatzen ditu aldaketak, hobeto hartzen ditu erabakiak... Horretan aldaketa bat izan du, onerako. Malgua izatean ikasi du. Izan ere, hasieran 4-3-3ko sistema ezartzen saiatu zen kosta ahala kosta, baina gero konturatu zen ezinezkoa zela eta taldeak beste modu batera jokatu behar zuela».

3. «Taldea egiten ari den jokoarekin bat egiten duen entrenatzaile bat litzateke egokiena. Taldea ondo ari da, eta oso barneratua du bere jokoa. Ez du behar aldaketarik. Oraingoari jarraipena emango dion entrenatzaile bat behar du».

LUIS FERNANDO DADIE Realeko jokalari ohia

«Kirol ikuspegia ez ezik, soldata ere hartu du kontuan»

1. «Entrenatzaile batek eskaintza bat baino gehiago duen unetik du hautatzeko aukera. Eta Montanierrek aukeratu du. Ez dakidana da negoziazioak klubaren edo entrenatzailearen jarreragatik luzatu diren. Agian Realak bere garaian eskaintza on bat egin izan balio, Roazhonen eskaintza berandu iritsiko zen. Hala ere, ez dakit horrela izan den edo ez. Ikusteko dago Realak zer esaten duen.

Hori bai, Montanierrek ez du bakarrik aintzat hartu kirol ikuspegia. Soldata ere hartu du kontuan. Izan ere, kirol ikuspegitik erakargarriagoa da Europan ariko den talde bat. Gaur-gaurkoz, Roazhon baino hobea da Reala.

Kontuan hartu beharreko beste faktore bat da Montanier frantziarra dela eta etxera itzuli nahiko duela. Haren laguntzaileak itzultzea erabaki izanak ere izango zuen zerikusirik. Azkenik, Montanierrek agian ikusi du goia jo duela eta datorren denboraldian behera eginez gero bere lana gutxietsiko zutela».

2. «Montanierrek egindako bi sasoiak oso ezberdinak izan dira. Lehen sasoiak ikasteko balio izan zion. Hasieran itsu-itsuan saiatu zen bere pentsamoldea ezartzen, txandakatze asko egiten, eta horrek ez zion onik egin. Sasoi honetan, ordea, hutsetatik ikasi du, eta oreka eman dio taldeari. Hamaikako baten alde egin du, eta garrantzi bera eman dio defentsako eta erasoko lanari. Gainera, taldeak aurrerapausoa eman du. Montanierrek lan ona egin du, bai, baina baita jokalariek ere».

3. «Klubaren filosofiarekin bat egin behar du. Hemen ez du lekurik sei jokalari fitxatzea eskatzen duen entrenatzaileak. Jokalari multzo bikain honi zukua aterako dion entrenatzaile bat behar du taldeak».

MIKEL ETXARRI Realeko kirol zuzendari ohia

«Montanierrek agian ikusi du talde honekin goia jo duela»

1. «Ez da ezohiko erabakia. Ziur hemendik kanpo dezente gehiago ordainduko diotela eta horregatik doala. Baina beste kontu bat dago. Montanierrek sasoi bikaina egin du, eta agian ikusi du talde honekin goia duela eta datorren sasoian oso zaila izango duela lan hobea egitea. Raynald Denoueixi gertatutakoa dago hor. Bigarren izan zen sasoi batean, eta hurrengoan hamabosgarren. Eta kontratua zuen arren, ez zuen segitu».

2. «Oso lan ona egin du, eta taldea ematen ari den itxuraren meritu handi bat harena da».

3. «Entrenatzaile ona izan behar du, arlo guztiak menperatzen dituena. Eta langilea, noski. Ez du euskal futbolaren inguruko ezagutza zehatz-zehatza izan beharrik. Denoueixek, adibidez, ez zuen, eta lan bikaina egin zuen. Jendeari axola zaiona da taldeak irabaztea. Kito. Hori bai, etortzen denak izan beharko luke oso argi zer-nolako taldea den Reala, zein filosofia duen...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.