Lagun zaharra itzuli da

Patrice Lagisquet izango da Miarritzeko kirol zuzendaria, eta Serge Milhas aurrelarien prestatzailea

Patrice Lagisquet, Miarritze entrenatu zuen azken partidan. PASCAL PAVANI.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Iraultza gertatu da Aguilerako bulegoetan. Jean Mixel Gonzalezek dimisioa eman aurretik bazebiltzan zurrumurruak Miarritze aldean, eta talde zuri-gorriak zehaztu du zein izango den heldu den sasoirako kirol antolakuntza. Piramidearen goiko puntan lagun zahar bat egongo da: Patrice Lagisquet. Jokalari eta entrenatzaile ohia taldera itzuliko baita, kirol zuzendaria izateko. Managerra ez da aldatuko, Laurent Rodriguez izango baita. Aulkian, berriz, Jack Isaacek jarraituko du gibelekoen prestatzaile postuan. Aurrelarien entrenatzailea da berria: Serge Milhas. Lan ona egin du Arroxelako taldean eta beste pauso bat eman du hegoalderantz.

Patrice Lagisquet etxera itzuli da, baina beste betebehar batzuekin. 2007-08 sasoiaren bukaeran entrenatzaile kargua uztea erabaki zuen, arrazoi pertsonalak zirela medio, baina hiru urte baino ez ditu egin Aguileratik urrun. Ez da asko Serge Blancok adierazi zuela Lagisquetek «inoiz» ez zuela taldea utzi. Halere, presidenteak beste eskaintza bat egin dio, zelaitik bulegoetara igotzea, eta onartu du. Taldeak zehaztu duenez, bera «lehen eta bigarren taldeko errugbi zuzendaria» izango da. Ondo ezagutzen du etxea, bost denboraldiz jokatu zuen Miarritzen eta hamaika egin zituen entrenatzaile postuan. Taldeak hura entrenatzaile zela izan zituen garairik oparoenak: hiru aldiz irabazi zuen liga (2002, 2005 eta 2006), eta Heineken kopako finalerako sailkatu zuen 2006an.

Haren lehen erabakia aurrelarien entrenatzaile berria fitxatzea izan da, Jean Mixel Gonzalez ordezkatuko duena, eta hautu ona egin duela dirudi. Serge Milhas hainbat taldek nahi zuten; Miarritzez gain, Toulon —akordioa egina zegoela zabaldu zen— eta Perpinya ere ageri ziren zerrendan, baina azkenean lapurtarren eskaintza onartu du. Milhasek sei denboraldi egin ditu Arroxelako aurrelariak entrenatzen, eta ondo ezagutzen du Top14a. Izaera berokoa da, eta horregatik ere bada ezaguna. Milhas ekainaren 27an hasiko da lanean, taldeak denboraldi-aurreari ekingo dion egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.