Uretan, baina lehorrean

Kontxako banderako irabazleek uretan jasoko dute azkenean garaikurra, baina kaian bertan, zaleen babesean

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Orain arte bezala, itsasoan eman bandera; ekitaldi berezi hori Konstituzio plazara eraman; beste irtenbideren bat bilatu... «Parte hartzea» oinarri hartuta, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak orain egun batzuk jakinarazi zuen Kontxako estropadako irabazleek lehorrean jasoko zutela, agian, Donostiako bandera preziatua. Baina arraunlariekin eurekin hitz egin ondoren hartu dute behin betiko erabakia: irabazleek uretan jasoko dute bandera, orain arte bezala, baina ez itsaso zabalean, kaian bertan baizik, zaleen babesean.

Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura sailburuak eman zuen atzo albistea: «Hain momentu hunkigarrian zaleak arraunlariengandik gertu egotea nahi genuen; arraunlariek zaleen babesa sentitzea nahi genuen». Txapartegik atzo azaldu zuenez, klubek begi onez ikusi dute bandera zaleen ondoan jasotzeko egindako proposamena. «Baina denek azpimarratu digute uretan jaso nahi zutela bandera hori, eta ez lehorrean».

Arraunlarien esanei men eginda, bai emakumezkoen saioa bukatutakoan eta bai gizonezkoena bukatutakoan, Ciudad de San Sebastian itsasontzia kaian sartuko da, garaileei bandera eskura emateko. Donostiako alkateak berak emango die bandera irabazleei. Lekuaz gain, ordea, beste aldaketa bat ere izango du sari banaketak. Gizonezkoen sari banaketa amaitzen denean, 13:30 aldera, irabazleek zaleei garaikurra eskaintzeko aukera izango dute, Aquariumaren behekaldean prestatuko duten txokoan.

Kontxako banderako bigarren igandean, normalean, jende asko pilatzen da Donostiako kaian, irabazleei eta irabazle izan ez direnei ongietorria egiteko. Eta udaleko arduradunek badakite sari banaketan egingo duten aldaketarekin hainbat arazo sor daitezkeela. Aztertu dituzte balizko arazo horiek, eta protokolo bat ere prestatu dute. «Zaleek aldaketa eskertuko digutela uste dut, arraunlariengandik gertu egoteko aukera izango dutelako». Behin kaiaren barruan, uretan, Donostiako bandera jasota, irabazleak aldapan gora igoko dira, zaleen artean.

Donostiako zaleak oso gustura daude igandean euren taldeak egindako lanarekin, eta udaleko ordezkariek zoriondu egin zituzten atzo Donostiarra traineruko arraunlariak. Hemeretzi urte joan dira Donostiako traineru bat ohorezko tandan sartu zenetik. «Eta zoriontzekoa da. Donostiako Udalak hiriko arraun taldearekiko konpromiso irmoa dauka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.