Umorea, natura maitatzen ikasteko

'Natura maitatuz' ikuskizuna estreinatuko du Irrien Lagunak klubak Donostian

Largabista eta Marisorgin, ibilaldiko lehenengo geldialdian, haritza atzean dutela. BERRIA.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Umorea tresna pedagogiko gisa erabili naturari buruzko jakinduria transmititzeko. Horixe da Irrien Lagunak klubak proposaturiko azken ekimenaren muina. Irrien bidez, haurrei natura maitatzen irakatsi nahi diete, «euskaratik, alaitasunetik eta balio hezitzaileetatik». Larunbatean egingo dute estreinaldia.

Natura maitatuz da proiektuaren izenburua. Ingurumena du ardatz, eta ezin izan dute ikuskizunerako agertoki egokiagorik aukeratu: Donostiako Aieteko parkea.

Zuhaitzez eta belardiz inguraturiko natur ingurunea da Aiete auzoko parkea. Mota askotako zuhaitzak daude han, horietako asko oso zaharrak. Haritzak, sekuoiak, pagoak, urkiak eta abar izango dira Irrien Lagunak klubeko adiskide berriak.

Txantxa eta musika uztartuz, ordubeteko ibilbidea egingo dute haurrek Aiete parkean. Gidari berezi zein dibertigarriak izangodituzte gaztetxoek: Largabista—Ander Agirrezabala Txepe— eta Marisorgin —Edurne Agirrezabala—.

Largabista basozaina eta naturazalea izateaz gain, trikitia eta txirula ere jotzen ditu. Zuhaitzei buruzko xehetasunak eta sekretuak azalduko ditu Largabistak. Harekin batera, aspaldiko lagun Marisorgin izango da. Euskal sorgina da, oso atsegina. Zuhaitzen alderdi magikoaz hitz egingo du. Izan ere, zuhaitz askok gaitzak artatzeko sendagai gisa erabiltzen dira.

Jakoba Errekondok prestatutako txostenean oinarritu dira ibilaldia osatzeko. Jauregiaren inguruan eginiko ibilaldia da, eta zortzi geldialdi egingo dituzte. Horietako bakoitzean zuhaitz bat izango dute hizpide, baina parkeko beste zuhaitzei ere erreferentzia egingo zaie.

Ibilbidean topatutako zuhaitz eta txokoei buruz jarduteaz gain, ingurua kontuan hartu eta auzoari buruzko historia azalduko dute. Gune historiko garrantzitsua baita Aiete auzoa. Francoren udako jauregia izateagatik ezaguna bada ere, gertakari historiko anitzen agertoki izan da.

Larunbatean, hilak 15, bi saio egingo dituzte. Bata, eguerdian, eta, bestea, 17:00etan. Dohainik ikusi ahal izango da ikuskizuna, baina tokia mugatua da. Goiz horretan bertan hartu ahalko dira sarrerak Aieteko kultur etxean. 50 haurrentzako tokia dago saio bakoitzean, eta antolatzaileak ekimen arrakastatsua izango delakoan daude.

Asteburu honetan ikuskizuna ikusteko gogoz geldituz gero, hurrengoa azaroaren 5ean, larubatean, egingo dute, ordu berean. Euskara hutsean izango da ikuskizuna. 4 urtetik gorakoentzat prestatu dute, nahiz eta helduentzako ere didaktikoa eta atsegina izan daitekeen, antolatzaileek azaldu dutenez.

Ikuskizunaren harreraren arabera, proiektuaren bilakaera zehaztuko dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.