Binetek hartuko dute Getxo

Getxoko XII. Komiki Azoka egingo dute hilaren 22tik 24ra bitartean; BECen egingo den BIMEn ere jarriko dute erakusketa batKomikigile ugarik parte hartuko dute; horien artean, Quebeceko Guy Delisle

Imanol Landa Getxoko alkatea eta Iñaki Elorriaga komiki azokako arduraduna, atzo, aurkezpenean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2013ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Komikizaleen bilgune eta gozagarri bihurtuko da azaroaren 22tik 24ra bitarte Getxo (Bizkaia), urtero moduan komiki azoka egingo baitute. 62 saltokitik gora egongo dira, eta mundu osoko komikigile ospetsuenetako batzuk bilduko dira. Joan den urteko azokan 23.000 pertsona bildu ziren, eta aurtengoan gehiago biltzea espero dutela adierazi du Iñaki Elorriagak, Getxoko komiki azokaren arduradunak

David Rubin komikigile galiziarrak egin duen komiki bineta batek iragartzen du azoka. Atzo aurkeztu zuten hamabigarren komiki azoka. Getxoko Areetako geltoki plazan jarriko dute karpa. 11:00etatik hasita, goizerako eta arratsalderako ekitaldi ugari antolatu dituzte: dokumentalak, mahai inguruak, hitzaldiak, egileek euren lanak sinatzeko txandak eta komikigile gonbidatuen lanen aurkezpenak, besteak beste.

Ostiralean eta larunbatean, goizean eta arratsaldean egongo da zabalik azoka: 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara. Igandean ordutegi bera izango da, baina 20:00etan itxiko dute. Azokara sartzeko 1,5 euroko sarrera ordaindu beharko da, eta euskal editoreek osatutako El Balanzin aldizkaria oparituko dute sarrerarekin batera.

Luis Gasca donostiarra eta Juan Lopez Jan kataluniarra omenduko dituzte aurtengo azokan. Komiki arloan egindako lana eskertu nahi diote Gascari. Bineten munduaren inguruko hainbat lan argitaratu ditu Gascak, eta unibertsitate esparruan ikerketa ugari egin ditu. Gainera, Elorriagak azaldu duenez, Euskal Herriko lehen komiki museoa zabalduko du laster Donostian. Lopez Superlopez komiki pertsonaia ospetsuaren egilea da. Omenaldia ostiralean izango da, 19:00etan.

Elorriagak adierazi du aurtengo komiki azoka «garrantzitsua» dela. Izan ere, beste askoren artean, nazioartean sonatuak diren hainbat komikigilek parte hartuko dute. Horien artean, Quebeceko Guy Delisle nabarmendu du: «Helduen komikigileen artean handiena eta jarraitzaile gehien duena da». Gaur egun pil-pilean dauden gaien inguruko lanak egin ditu Delislek. Ospetsuenetako bat da Aita txarraren gida lana (Astiberri, 2013). Erresuma Batuko Bryan Talbot ere azokan izango da. Ameriketako Estatu Batuetako Eisner komiki saria jaso du Talbotek. Horren emaztea, Mary M. Talbot, ere azokan izango da. Generoan, hizkuntzan eta boterean aditu izateaz gain, komikigile ere bada. Horietaz gain, Alfonso Zapico, Dabid Rubin. Raquel Corcoñes, Juan Luis Landa, Cels Piñol, Manel Fontdevila, Alblbert Monteys, David Daza, Sergio Abad, Iban Coello, Raquel Alzate, Jordi Bayarri eta Rafa Sandoval ere izango dira.

Azoka gunean 62 salmenta postu jarriko dituzte. Besteak beste, komiki dendak, liburu denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bestelakoak izango dira postuetan. Komiki berriak, zaharrak eta laminak ere aurkitu ahalko dira. Gainera, erakusketak ere izango dira ikusgai azoka aretoan.Lau egongo dira guztira. David Rubinek argitaratu berri duen Beowulf lanaren orri batzuetako plantxak jarriko ditu ikusgai. Alemaniar komikigile belaunaldi berrien lanak biltzen ditu Comics, Manga & Co erakusketak. Komiki kultura berri bat sortu nahi duten bi belaunaldiren lanak dira. Raquel Corcoñesen Moderna de pueblo pertsonaiaren erakusketa ere izango da. Egungo gizartearen ikuspegi komiko eta argia islatzen du Cordolesek pertsonaia horren bitartez. Azkenik, Ultrarradio kolektiboak argitaratutako talentu gazteen lan grafikoen eta komikien erakusketa ere jarriko dute.

Komikia, azokatik harago

Azoka gunean ez ezik, Getxoko auzoetako hainbat lekutan ere komikien mundua presente egongo da. Esaterako, Areetako Bizkaia zubian, Jose Luis Landaren 1512: In Memoriam erakusketa egongo da. Nafarroako konkistaren inguruko ilustrazioak biltzen ditu erakusketak. Bestalde, auzo bereko Glass kafetegian, Patxi Pelaezen lanak ikusi ahal izango dira. Animazio pertsonaiak diseinatzen ditu Pelaezek, eta mundu osoan erreferentea da. Olentzerori buruz jakin behar duzun guztia liburuaren ilustrazioen egilea da, eta hainbat filmatako animazio pertsonaien diseinuan ere parte hartu du, besteak beste, Glup pelikulan. Erromo auzoko Jai Alaitabernan ere egongo da aukera komikiaz gozatzeko. Bertan, Marisa Lopezen Sarima erakusketa egongo baita. Euskal mitologia eta basoko izaki magikoen irudiak biltzen ditu fantasiazko ilustrazio digitaletan. Algortako Torrene aretoan, Injuve-ren komiki eta ilustrazio sarien erakusketa dago. Hemezortzi marrazkilarik euskarri informatikoak erabiliz egin dituzten istorioak eta ilustrazioak daude han.

Getxotik urrunago joanda, Barakaldoko BEC erakustazokan, azaroaren 19tik 23ra bitarte egingo da BIME Bizkaia International Music Experience jaialdia, eta hor Mauro Entrialgoren Curiosidades del mundo de rock erakusketa jarriko dute.

Kulturaren topaleku

Imanol Landa Getxoko alkateak herrian egiten den eskaintza kulturala nabarmendu du. Horien artean dago komiki azoka. «Bederatzigarren artearen topaleku garrantzitsuenetariko bat da Getxon egiten duguna. Komikiaren arloan dauden eskaintza guztiez gozatzeko aukera ematen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.