Herri Urratseko dirua lizeo berria ordaintzeko izanen da

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko 31. jaia maiatzaren 11n ospatuko dute, Senperen, 'Mintza!' leloarekin

Herri Urratseko programaren aurkezpena, Baionan. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Seaskaren behar gorrietan gorrienetarikoa lizeo berri baten eraikuntza da, eta, preseski, gabezia hori gainditu ahal izateko baliatuko dute 31. Herri Urratseko etekina. Mintza! izanen da aurtengo ikastolen bestaren leloa, eta maiatzaren 11n eginen da, Senperen (Lapurdi). Seaskako arduradunek egitaraua aurkeztu zuten atzo, Baionan eta Donostian.

Aurtengo testuinguru gogorra nabarmendu zuen Paxkal Indo Seaskako lehendakariak egitarauaren aurkezpenean. Izan ere, etengabeko mobilizazioak egin ditu Seaskak, suprefetak eta prefetak Hendaia eta Beskoitzeko ikastolen aurka abian ezarritako auzibideengatik. Eraikuntza pribatuak diruztatzea debekatzen duen Falloux legea eskuan, bi ikastola berriak eraikitzeko xedeei oldartu zitzaien Frantziako Administrazioa. Gatazka «konpontzeko» asmoz, zirkular bat zabalduko zuela jakinarazi zuen prefetak, baina ez du horrelakorik egin oraindik. Herri Urrats ospatu aitzin egitea espero du Indok. «Zirkular xelebre hori irakurriko dugularik jakinen dugu prefetaren hitzak zipotza diren edota kartak ote dituen eskuan», erran zuen Indok, mus partida bati erreferentzia eginez.

Sortu zenetik Herri Urratsek bi helburu nagusi dituela berretsi zuen indok. Batetik, besta euskaraz egiteko parada ematea euskal herritarrei, euskararen normalizazio bidean egindako urrats gisa. Bertze alde batetik, Seaskaren behar ekonomikoei buru egitea. Lizeo berriak hamabi milioi euroko aurrekontua du. Akitaniak sei milioi euro ordainduko ditu, baina bertze sei milioiak Seaskaren gain geldituko dira. Eraikuntza datak ez dira oraindik finkatu. 500 ikasle hartzeko pentsatua da, eta Miarritzeko autobidearen ordainlekutik hurbil egonen da. Lehen fasean 350 ikasle hartuko ditu.

Egitaraua

Aurten ere hiru zatitan banatuko dute haurren txokoa. Lehen gune hori Araba eta Gipuzkoa guneen artean egonen da; bigarrena, Gipuzkoa deritzon gunean; eta hirugarrena, Lapurdiko gunean. Haurrentzako egitarau berezia egonen da bertan. Han izanen da Irrien Lagunak taldearen txokoa, puzgarriak eta abar. Hamarretan hasiko da harrera.

Heldu eta gazteentzat, berriz, goizeko hamaiketan hasiko da egitarau ofiziala. Nafarroa gunean Patxi eta Konpainiak irekiko dute besta. Tenore berean, Lapurdi gunean, Bertsularien Lagunak elkarteak antolaturiko bertso saioa egonen da. Herri Urrats kantuz izanen da Araba gunean, eta Hontzartza gunean, Kukai dantza taldeak emanen dio hasera egunari. Buuzbu taldeak egin du aurtengo Herri Urratseko kantua, eta 15:30ean kantatuko du, Araba gunean. Ohi bezala, autobusak antolatuko ditu Seaskak Herri Urratsera joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.