Montanier: «Aurreko sasoian eginikoa hobetzea da helburua»

Realeko entrenatzaileak azpimarratu du «jokalari guztiak» hartzen dituela aintzat denboraldi-aurrerako

Philippe Montanier, herenegun, denboraldi-aurreko lehen saioan. J. URBE / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Reala herenegun hasi zen entrenatzen. Philippe Montanierrek, berriz, bigarren egun arte itxaron du lehen aldiz hitz egiteko. Talde txuri-urdineko entrenatzaileak aitortu zuen lanean hasteko «irrikan» dagoela eta, lehen bi egunetan ikusi duenaren arabera, jokalariak ere asmo berarekin daudela. «Sasoiko etorri dira, eta ondo bete dute oporretarako emandako programa».

Jokin Aperribaik eta Lorenzo Juarros Loren-ek aurretik egin bezala, Montanierrek ere azpimarratu zuen Carlos Vela fitxatzea dela lehentasuna. Beste fitxaketarik egitea ez du aurreikusten, betiere jokalariren batek taldea uzten ez badu. Diego Ifran, Joseba Llorente, Vadim Demidov eta Jeffrey Sarpong dira Reala uzteko aukera gehien dutenak, aurreko sasoian apenas jokatu baitzuten. Entrenatzaileak ez zuen argibiderik eman ea sasoi honetan gehiago jokatzeko aukera izango duten, eta klubak haiekin hitz egingo duela haien asmoen berri izateko. Hala ere, Montanierrek zehaztu zuen «talde zabala» izan nahi duela denboraldi-aurrean, sasoia «ondo» prestatzeko.

Entrenatzailea pozik azaldu zen Gonzalo Castro Chory-ren fitxaketarekin. «Kalitate handiko jokalaria da, taldearen maila igotzen lagunduko du». Hain zuzen, taldearen maila igotzea da Montanierrek sasoi honetarako duen helburuetako bat. «Gol gehiago sartu behar ditugu, eta gutxiago jaso. Teknikan ere koska bat egin behar dugu gora. Aurreko denboraldian egindakoa hobetzea da helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.