Bera Berak ezin du hutsik egin sailkapeneko buruan duen aldeari eusteko

Valentzia ez jaisteko ahaleginetan ari da, eta haren pistan jokatuko du gaur; Eli Pinedo ez da ariko

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Bera Berak ezin du hutsik egin gaur Valentzian (19:30), sailkapeneko buruan Elx bigarren sailkatuarekiko duen hiru punturen aldeari eutsi nahi badio. Valentzia 11. sailkatuaren pistan jokatuko du, eta irabazteko presioarekin, Elxek Kukullagari irabazi ziolako iragan larunbatean, Ohorezko Mailako 20. jardunaldiko aurreraturiko partidan. Zazpi partida falta dira liga bukatzeko eta titulurako lasterketa Elx eta Donostiako taldearen arteko buruz buruko lehia da. Gaur galduz gero, baina, berriz ere irrist egin ahal izatearen lasaitasuna galduko luke Bera Berak.

Reyes Karrerek jokalari garrantzitsu bat izango du faltan deialdian: Eli Pinedok, ezkerreko hankan min hartuta, ezingo baitu jokatu. Hegalekoak atzo egin zuen izterreko erresonantzia, eta ez zioten inolako zuntz hausturarik aurkitu. Hala ere, taldeak ez arriskatzea erabaki du. Haren ordez Uxue Ezkurdia harrobiko gaztea joango da Valentziara. Teorian, Bera Bera da faborito garbi, eta lehen itzuliko partidan argi irabazi zuen 42-23. Bera Bera gol gehien sartzen duen taldea da, eta Valentzia gol gehien jasotzen duten taldeen hirugarrena. Irabazita, gainera, mesede handia egingo lieke beste euskal ordezkariei. 20. jardunaldia etzi bukatuko da euskal taldeentzat, Zuazok eta Itxakok Barakaldon jokatuko duten derbiarekin (12:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.