Bera Berak ezin du hutsik egin gaur Zuazoren etxean jokatuko duen derbian

Itxakok Castron jokatuko du, eta Kukullagak, Leonen; biak maila mantentzeko helburuarekin ariko dira

2013ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ohorezko Mailako 24. jardunaldian, partida garrantzitsuak jokatuko dituzte euskal taldeek. Erakargarriena, akaso, Zuazok eta Bera Berak Lasesarre pabiloian jokatuko dutena da (18:30). Donostiako taldeak eskura du historiako lehen liga titulua, baina hori lortzeko bidean, ezin du hutsik egin gaur Barakaldon. Ezagutzen ditu bizkaitarrak Reyes Karrereren taldeak, denboraldian lau aldiz aritu baitira elkarren aurka, eta guztietan Bera Bera atera da garaile. Dena den, meriturik ezin zaio kendu Zuazori. Ohorezko Mailara igo berritan, Martin Larrañagaren taldea ia ziurtaturik dauka salbazioa. Apenas izan duten estutasunik mailan segitzeko, eta aurkari gogorren kontra ondo jokatu dute. Hori ongi daki Karrerek, Espainiako Kopako kanporaketetan estu hartu baitzuen Zuazok Bera Bera.

Itxakok, bestalde, partida garrantzitsua jokatuko du gaur Castroren pistan (19:00). Nafarrak jaitsiera postuetan daude, baina azken sailkatuaren aurka garaipen garrantzitsua lor dezakete. Kukullaga ere lehia horretan bete-betean sartuta dago. Azken bost jardunaldietatik lau partida galdu dituzte, eta, ezustean, zuloan sartu dira denboraldi amaieran. Leonen etxean jokatuko du gaur (20:00), eta garaipena beharrezkoa du. Izan ere, hori gertatu ezean eta Itxakok irabaziko balu, Kukullagak Iruñeko taldea ordezkatuko luke sailkapenean.

Anaitasuna-Cuenca gaur

Asobal ligako seigarren postua ziurtatzeko helburuarekin, Anaitasunak Cuenca hartuko du gaur etxean (20:00). Iruñeko taldeak azken bost partidak irabazi ditu, eta sasoiko boladarik onenean dago. Unerik egokienean iritsi dira garaipen horiek. Azken jardunaldian Burgosko pista zailean lorturiko garaipenak argi utzi zuen Anaitasunak edonon irabazi dezakeela une honetan. Cuencako entrenatzailea ezagun zaharra du, Zupo Ekisoain San Antonioko entrenatzaile ohia. Lehen itzuliko partidan garaipen batekin itzuli ziren nafarrak, Cuencan 23-26 irabazi ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.