Zigorra bertan behera utzita, partida hilaren 10ean jokatzeko eskatu du Getxok

Cisnerosen aurkako partidara agertzea «ezinezkoa» izan zutela defendatu du klubak, eta helegitea jarriko du

unai zubeldia
2014ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Saltsa ederra sortu da Espainiako Ohorezko Mailan. Autobusa matxuratuta, Cisnerosen aurkako partidara iritsi ezinik geratu zen Getxo Artea joan den asteburuan, eta espero ez zuten erabakia hartu zuen gero Espainiako Errugbi Federazioak: partida 7-0 galdutzat emateaz gain, bi puntuko eta 500 euroko zigorra jarri zion Bizkaiko taldeari. Argia da gertu-gertuko ondorioa: seigarren postua galduta, titulurako kanporaketak jokatzeko aukerarik gabe geratu da kluba, Ampo Ordiziaren mesedetan.

Espainiako Federazioko Kirol Diziplina Batzordearen erabakiarekin ez daudela ados argituta, helegitea jarriko dutela azaldu dute Getxo Arteako zuzendaritzako arduradunek. Horrez gain, joan den asteburuan jokatu beharreko partida hori hurrengo asteburuan jokatzeko eskatu dute bizkaitarrek. Zazpi puntuko oharra bidali zuen atzo klubak, eta bertan argitu zuen Cisnerosen eskaerari erantzunez onartu zutela eurek azken jardunaldiko partida aurreratzea, aurkariak selekzioekin aritzen diren jokalariak jokatzeko moduan izan zitzan.

Autobusaren matxuraren berri izan eta berehala, falta zitzaien tartea «autoetan» egitea proposatu zion federazioak Getxori. «Baina hori onartezina da goi mailako lehiaketa batean. Jokalariek ez lukete izango aukerarik hainbesteko garrantzia daukan partidari fisikoki eta psikologikoki behar bezala aurre egiteko». Behin helegitea jarrita, ikusi egin beharko da Espainiako Federazioak zein erabaki hartuko duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.