Gerizpean. Proposamenak

Tipi-tapa, ehun milia

630 partaide lehiatuko dira Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak lasterketetan, gaur hasi eta igandera bitarte

167 kilometrori eta beroari egin beharko diete aurre Ehunmilia probako mendi korrikalariek. GOIERRIKO HITZA.
jon eskudero
Donostia
2013ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak lasterketetarako eginiko prestakuntza frogatzeko garaia iritsi zaie mendi korrikalariei. Izan ere, gaur bertan hasi eta etzira bitarte jokatuko dira bi proba horiek. Euskal Herrian jokatzen den lasterketarik luzeena da Ehunmilak ultra traila; horrez gain, Ehunmilak dituen 167 kilometroak luze gelditzen zaizkienek Goierriko Bi Handietan parte hartu ahal izango dute, zeina 86 kilometro luze baita. Ehunmilak lasterketaren irteera 18:00etan izango da, eta Goierriko Bi Handiak proban parte hartuko dutenak 23:00etan abiatuko dira. Irteera lerroa zein helmugakoa Beasainen (Gipuzkoa) izango dute.

Aurtengoa, bi lasterketan antolatzen diren laugarren aldia da, eta, urtez urte, gero eta indar handiagoa hartzen ari dira. Errekorra jarriko dute aurten, 630 korrikalari arituko baitira Txindoki, Aizkorri eta inguruko aldapetan. Iaz baino ehun gehiago, beraz.

Herrialde Katalanetatik, Espainiatik, Frantziatik, Ingalaterratik, Poloniatik eta Suediatik etorritako lasterkariek parte hartuko dute, baina Portugalgo partaideak izango dira faborito, antolatzaileen arabera. Euskal Herriko hainbat lasterkari ere sartuko dira irabazteko lehian.

'Smartphone'-rako aplikazioa

Probaren egoera ekonomikoa ez da onena, baina, hala ere, zerbait berritzailea sartzen ahalegindu dira. Aurtengo berrikuntza smartphone-etarako aplikazio bat izango da. Lasterkari bakoitza kontrol gunetik noiz pasatu den jakiteko aukera egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.