Kultur etxe bat egiteko hartu dute Donaixtiko eskola

Bordeleko serora batzuk dira eskola ohiaren jabeak, eta bilera egin zuten atzo eraikina okupatu zutenekin

Joanes Etxebarria.
Donaixti
2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Larunbatean Nafarroa Behereko lagun talde batek Donaixtiko eskola ohia okupatu zuen, etxebizitza kolektibo bat eta kultur gune bat sortzeko xedearekin. Larunbatean bertan, gutun bat bidali zieten jabeei, Bordeleko serora batzuei, haien ekimenaren berri emanez. Okupatzaileek atzo egin zuten bilkura bat serorekin, baina haien esanei zer erantzun eztabaidatzen aritu ziren eskola hartu dutenak iluntzera arte. Erantzuna adostutakoan emango dute haien erabakiaren berri.

1953. eta 2009. urteen artean, Donaixtiko egoitza okupatu berria eskola pribatua zen. Duela hiru urte, ez zelakoan errentagarria, ixtea erabaki zuten serorek. Hainbat hautetsi eta herritar luze borrokatu ziren eskola irekirik egon zedin, baina, azkenean, ez zuten helburua kausitu. Okupazioa burutu duten gazteek, larunbatean bertan, auzokideengana joan zuten okupazioaren berri ematera, haien xedea azaldu nahian. Mirentxu Arbeletxe taldeko kideak erran duenez, ongi hartu dute okupazioa: «Erran digute ideia ona zela, gunea hutsa zelako azken urteetan».

Gazteek, azken egunetan, garbiketa lanak egin dituzte. Jadanik bertan bizi badira ere, «azken hiru urteetan ebasketak izan dira», gazteen erranetan. Etxebizitzaz aparte, lokalari kultur gunearen funtzioa ere eman nahi diote «musika entseguak egiteko, Oztibarreko antzerkia berpizteko edo liburutegi bat egiteko», Xabi Lopeperen erranetan. Jadanik hiru taldek galdetu dute musika entseguak bertan egitea.

Ekintza ugari egiten ari dira aste honetan Donaixtiko eskolan. Gaur arratsaldeko zazpietan, Portrait du Chibanis izeneko erakusketa estreinatuko dute; zortzietan, indarrak berritzeko, afaria izanen dute, eta, bederatzietatik aitzina, bi film proiektatuko dituzte: Les balais de la République eta Les gardiens de la paix.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.