Ikastola ez egiteko agindua iritsi zaio Beskoitzeko Udalari

Seaskari egoitza publiko bat emateko asmoa uzteko eskatu dio Baionako suprefetak herriko etxeari

Erredakzioa
Baiona
2013ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Patrick Dallennes Baionako suprefetak ikastola berria egiteko deliberoa bertan behera uzteko eskatu dio Beskoitzeko (Lapurdi) Herriko Etxeari. Ikastola hori aurten ireki dute, eskola sartze honetan berean, eta Seaskaren 31. ikastola da. Suprefetaren aginduari jarraikiz, Beskoitzeko Herriko Etxeak ezin dio egoitza publikorik utzi edo eskaini Seaskari.

Baionako suprefetak agindu honekin erakutsi du Hendaiako ikastola berriaren aurka egindako mehatxua ez zela aldi bateko gertakaria edo erabakia izan. Frantziako Gobernuaren ordezkariak auzapezei gogoratu die Falloux legea indarrean dagoela, eta zuzenean auzibidera jotzeko mehatxua egin die. Beskoitzeko kasuarekin, horren berme argia dute hautetsiek orain. Izan ere, eskola pribatuak laguntzea debekatzen du Falloux legeak; duela mende eta erdi onartu zuten, eta Seaskaren gisako proiektuentzat laguntza publikoak jasotzeko oztopo handienetarik da.

Ikusirik suprefetak bide horretatik jo zezakeela, ikasturte hastapenean Seaskak alokaturiko egoitza batean ireki zuen ikastola, eta ez Beskoitzeko Herriko Etxearen egoitzan. Zalantzak uxatuz, orain agindua eman dio suprefetak herriko etxeari. Hendaiako kasua nola bukatuko den zain eta beha daude hautetsiak; ikastolari lokalak uzteak legearen jomugan jarriko ote dituen beldurrez dira. Alta, Seaskak espero zuen Beskoitzeko Herriko Etxeak lortuko zuela legezko bideren bat emandako hitza bermatzeko. Suprefetaren mehatxuak gehiago korapilatuko du irtenbidea. Bertzelakorik ere bada: suprefetaren aginduak gainerateko herriko etxeak beldurtuko dituen kezka du Seaskak.

Hendaiako Herriko Etxearen aurkako auzia atzo berean hasi zuten, Pauen. Dallenes suprefetak eskatu zuen bertan behera gelditzeko ikastola berria egiteko deliberoa. Eskariari erantsi zion auzibidea bukatu arte delibero hori indarrean ez sartzeko eskakizuna. Izan ere, gerta zitekeen auzitegiaren delibero guztien aurkako helegiteak ezartzea eta auzibidea bi urtez luzatzea, suprefetaren agindua geroratuz. Paueko auzitegiak ondoko hamar egunetan emanen du jakitera bere deliberoa, eta orduan argituko da Hendaiako ikastola berriaren eraikuntzari buruz herriko etxeak egin dituen urratsak legezko joko dituen.

Seaska haurren harrera egiten ari da ikastoletan egunotan. Baina, lehentasun horri ihardetsi ondoren, mobilizaziora joko duela jakinarazi zuen Paxkal Indo Seaskako lehendakariak eskola sartzearen karietara egindako agerraldian, joan den astean. Dagoeneko ikastolen kontseiluan aztertzen ari dira hurrengo asteetan zer mobilizazio egingo dituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.