Beroiz 22. Ezkurdia 18

Konplexurik gabe

Beroizek tantoa bukatzen trebea dela erakutsi du, eta merezita egin du aurrera buruz burukoan

Mikel Beroiz bere burua lurrera botatzen, pilota zail bat bueltatzeko, atzoko partidan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Iraupena. 57.03.

Pilotakadak. 234.

Saketik. Beroizek zazpi; Ezkurdiak hiru.

Markagailua. 1-0, 1-1, 1-3, 2-3, 2-7, 7-7, 9-7, 9-8, 12-8, 12-11, 13-11, 13-13, 18-13, 18-18 eta 22-18.

Bestelakoak. Sarrera txarra Iruñeko Labrit pilotalekuan, 300 ikusle inguru. Apustuak doblean irten ziren Ezkurdiaren alde.

«Galtzekorik ezer ez banu bezala hasi naiz, eta lasai jokatu dut», esan zuen Mikel Beroizek partidaren amaieran, eta adierazpen horiek ondo laburbiltzen dute haren jarduna. Konplexurik gabe jokatu zuen Joseba Ezkurdiaren aurka, katedraren ustez faboritoa zenaren aurka —apustuak doblean irten ziren haren alde—. Uharteko atzelari gotorrak ezustekoa eman zuen, eta nola gainera, tantoa bukatzen ibili baitzen hobekien. Dejadaz eta batez ere hormabikoz, bost egin zituen, aurrelari onenaren pare. Irabazi, baina, aurkariaren opariak hobeto baliatu zituelako irabazi zuen. Final-zortzirenetan Jon Ander Albisuren aurka jokatuko du, segur aski Tolosan.

Partidaren gakoa bi hutsetan egon zen. Ezkurdiak 13nakoa egin zuenean sakea berreskuratu eta ez zuen baliatu. Beroizi oparitu zion sake-errestoa kanpora bidali ondoren, eta Beroizek beste lau tanto egin zituen jarraian (13-18). Irabazleak hamabi tanto egin zituen jokoan, eta beste zazpi saketik. 18-14koan, baina, kale egin zuen, eta Ezkurdia gainera etorri zitzaion sake-erremateari esker (18-18). Faboritoak, halere, ez zuen bere bolearekin gozatu, Beroiz paretaren bila aritu zelako partida osoan, eta Arbizukoak behin baino gehiagotan saldu zuen bere burua airez.

Behetik gora zetorrenean Ezkurdiak bolea ustela jo zuen sake errestoan eta Beroizek buruz gain pasatu zuen (19-18). Botera gehiago izan zen eta ondo erabili zuen sotamanoa. Hortaz gain, freskoago bukatu zuen partida, eta jarraian egin zituen azken hiru tantoak: bi saketik eta bat hormabikoz. Ezkurdiak jokatu du buruz buru asko, baina oraindik pixka bat zailtzea falta zaio; Beroiz, aldiz, dagoeneko koskortua dago. Ikusi beharko da apustuak zeinen alde irteten diren hurrengo astean.

Urrutikoetxea, jokatu gabe

Mikel Urrutikoetxea ere atzo sailkatu zen final-zortzirenetarako, jokatu gabe, baina; Sebastian Gonzalezek ezin izan baitzuen jokatu. Aspek azaldu zuenez, aurrelariak istripua izan zuen herenegun, eta ezin zuela jokatu jakinarazi zien atzo goizean. Auto batek ezkerreko oina zapaldu zion eta min handia zuen hatz lodian. Enpresa ordezko bat bilatzen saiatu zen, baina Merino II.a eta Zubieta bezperan jokaturikoak ziren, eta Aritz Lasa eskuko minez dago. Ondorioz, Urrutikoetxeak automatikoki egin du aurrera eta Xalaren aurka jokatuko du. Gonzalez ere ez zen aurkezpenera agertu, ezta pilota aukeraketara ere, «arrazoi pertsonalengatik».

Manomanistako lehen faseko azken kanporaketa gaur jokatuko da, Eibarko Astelena pilotalekuan (17:00, ETB1), Asier Olaizola eta Jon Jaunarenaren artean. Olaizola I.a parte hartzaile zaharrena da, 38 urte beteko ditu gaur; Jaunarena, berriz, gazteen artean bigarrena, 21 urterekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.