CIEk Asiarako atea ireki du, Indiako Mahindra enpresarekin aliatuta

Auto osagaien euskal ekoizlearen aliantzak harrera beroa jaso du burtsan, eta %9ko igoera izan du

Erredakzioa
2013ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Autogintzaren merkatua nonbait hazten ari bada, Asian ari da hazten. Aukera horretaz baliatu ahal izateko, aurrerapauso handia egin du CIE Automotivek, Indiako Mahindra taldearekin aliantzarako akordioa lortu baitu. Euskal enpresak Mahindraren automoziorako osagaien negozioa integratuko du. 560 milioi euroko fakturazioa du hark. Trukean, Indiako taldeak CIEren kapitalaren %13,5 eskuratuko du, eta bigarren akzionista bihurtuko da CIE Automotiveko administrazio kontseiluan, bi ordezkarirekin.

Operazioaren emaitza Indiako hamar ekoizpen plantaren eta Europako beste seiren integrazioa izango da. Guztira, 11.000 lagun aritzen dira haietan. Itunaren berri larunbatean eman zuten, eta atzo burtsek txalotu egin zuten: CIEko akzioak %9,34ko igoera izan zuen.

Bi enpresen aliantzarekin sortutako Mahindra CIE sozietate berriaren %51 euskal konpainiak kontrolatuko du, eta Indiako enpresa, berriz, %20ren jabe izango da. Gainontzeko parte hartzeak inbertitzaile txikien edo kapital flotatzaileen esku egongo dira.

Alemanian, hobetzen

CIE Automotiven aurreikuspenen arabera, aliantzaren eraginez 2.225 milioi euroren salmentak izango ditu aurten; joan den urtean 1.645 milioi fakturatu zituen. Horrez gain, Bombayko burtsan kotizatzen hasiko da—Madrilen eta Sao Paulon ere egiten du—. «Mahindrak gure antzeko eskaera zorroa du, eta gure enpresa balioak partekatzen ditu. Pozik gaude Indiako sarrerako atea aurkitu dugulako», esan du Anton Praderak, CIE Automotiveko presidenteak.

Indiako merkatuan sartzeko apustuaren arrazoiak zeintzuk diren ere azaldu ditu Praderak. Autoen salmentan gorakada izugarria izango dela aurreikusten du herrialdeak: %300ekoa, hain zuzen. Gaur egun urtean hiru milioi auto ekoizten dira, baina hamar urteren buruan urtean ekoitzitako auto kopurua hamar milioira iristea espero dute. Merkatu ezin erakargarriagoa da CIErentzat. Gainera, «kostuei dagokienez, herrialde lehiakorra da», Praderaren esanetan.

Aurreikuspen onak ditu euskal konpainiak. Praderak azaldu duenez, «Asiako bi enpresa talde handi» kontaktuan jarri dira CIE Automotiverekin, eta horren sozietate berrian parte hartzeko interesa dutela agertu diote. Bestalde, euskal konpainiako presidenteak iragarri du Alemanian dituzten enpresak, zeinak gaur egun zenbaki gorritan dauden, jarduera berreskuratzen hastea espero dutela.

Indiako merkatura sartzeko emandako pausoa lehenagoko beste pauso baten ostean datorrela gogorarazi du Praderak. «Brasilgo esperientzia onaren» osteko pauso bat da. Izan ere, 2011ko otsailean hasi zen CIE Automotive Brasilgo burtsan kotizatzen, eta gaur egun zazpi konpainia ditu herrialdean, guztira 4.000 langilerekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.