Hamarkada oparoa

Athleticek bosgarrenez irabaziko du Liga, etzi Zubietan Realari irabazten badio eta Bartzelonak etxean Levanteren aurka galtzen badu. Juan Luis Fuentes baikor agertu da azken txanpari begira.

Athleticeko jokalariak, Valentziari sartutako gola ospatzen, sasoi honetan, Lezaman. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
2013ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Bi jardunaldi besterik ez dira falta Ohorezko Mailako denboraldia amaitzeko. 29. jardunaldiaren atarian, Athletic sailkapeneko lehen postuan dago. Atzetik, puntu bakarrera, Bartzelona du. Aurkariaren gertutasuna gutxi balitz bezala, denboraldiko azken partida Kataluniako taldearen aurka jokatuko du Juan Luis Fuentesen (Donostia, 1965) taldeak, San Mamesen. Lehia horren aurretik, baina, etzi Realaren aurka Zubietan (12:00) jokatuko duten derbiari egin beharko diote aurre.

Donostiarren aurka irabaziko balu, eta Bartzelonak etxean Levanteren aurka galduko balu, Fuentesen taldea txapeldun izango litzateke. Aukera bat dela onartu arren, entrenatzaileak zuhurtziaz hitz egin du. «Ez da sartzen gure plantemenduetan, baina egia da gerta daitekeela. Batez ere, aurrean izango duen aurkaria Levante delako. Ez goaz titulua ospatzeko asmoarekin Donostiara, baina badakigu gerta daitekeela». Ezin dute hutsik egin. Denboraldi osoa sailkapeneko lehen postuan pasatu ondoren, etsigarria litzateke azken bi jardunaldietan saririk gabe geratzea. Bartzelona apurka-apurka joan da aldea murrizten, eta orain puntu bakarrera dago. «Ez dugu orain hamar jardunaldi genuen tartea, eta horrek presioa areagotzen du. Egia da Atletico Madrilen eta Espanyolen aurka ez genuela irabazi, baina eman genuen itxura oso ona izan zen. Horrek konfiantza ematen digu».

Athletic historiako bosgarrren titulua lortzear dago, baina entrenatzaileak taldearen eguneroko lana azpimarratu nahi izan du garaipenen gainetik. Emaitzak hor daude, eta Athleticek azken hamarkadan egin duena ez da kasualitatea. Jokalari batzuk beste talde batzuetara joan dira, entrenatzaile aldaketak egon dira... baina taldeak lau liga irabazi ditu, eta beti egon da lehen postuetan. «Irabazteko sena dugu une oro, eta hori zaleek nabaritu dute azken sasoietan. Lehen postuetan egoteko taldea gara. Titulua oraindik ere gauzak ongi egiten ditugun seinale litzateke», nabarmendu du.

Proiektu berri batean murgildu zen Fuentes 2011ko udan Athleticekin fitxatu zuenean. Urteak eman ditu hainbat mailatako taldeak zuzentzen, eta harentzat ere berezia izaten ari da sasoi hau. Gizonezkoen eta emakumezkoen aldagelak barrutik ezagutu ditu, eta horien artean desberdintasunik badagoela gogorarazi du. «Gizonezkoen futbola prestakuntzara bideratuta dago. Hori jokalari gazteagoekin entrenatzen ikusi nuen. Emakumezkoen kasuan, berriz, errendimendua bilatzen da gehiago».

Krisia ere nabari dute

Gizonezkoen futbolera bezala, emakumezkoetara ere iritsi da krisiaren olatua. Kontuan hartu behar da klub askok ez dutela gizonezkoen talde nagusi baten babesik. Hori da talde batetik besterako aldea areagotzen duen faktorea. «Alde handia dago jatorrizko taldea gizonezkoen Lehen Mailan dugunon eta gainontzekoen artean. Azken horiek beraiek sortzen dituzten irabazietatik bizi dira, eta ez dute guk izan dezakegun babesik», esan du Fuentesek.

Bi final geratzen zaizkio Athletici, hamarkada oparoa borobiltzeko. 2002-2003ko denboraldian hasitako garaipenen ibilbideak ez du etenik, eta etzi bide horrek jarraipena izan dezake, bosgarren titulua irabazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.