Hamalaugarrengoan ere ezetza jaso dute

Kongresuak atzera bota du autodeterminazioari buruz Amaiurrek, ERCk eta BNGk eginiko legez besteko proposamena

jokin sagarzazu
2013ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuak beste behin bota du atzera autodeterminazio eskubidearekin loturiko proposamen bat, eta legealdi honetan hamalaugarren aldia da hori egiten duena. PPren gehiengo absolutua aski ez, eta PSOEren diputatuak ere batu zitzaizkien ezezkora, UPDkoak bezala, aurreko saioetan bezala. Talde mistoko Amaiur, ERC eta BNG alderdiek aurkeztu zuten legez besteko egitasmoak EAJren eta Geroa Bairen babesa jaso zuen, erabat edo puntu guztietan ados ez bazeuden ere. CIUk zalantza gehiago agertu zituen, eta erabat abstenitzeko jarrera agertu zuen. Izquierda Unidak abstentziora jo zuen zuzen-zuzenean.

Eztabaida bizia izan zen atzokoa, autodeterminazio eskubidearekin lotutako nazioarteko hitzarmenei eta Espainiako legediari eginiko aipamen ugarirekin, baina berritasun gutxirekin. Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako diputatuek giza eskubide gisa defendatu zuten autodeterminazio eskubidea, eta hori hala dela erabat ukatu zuten PPk eta PSOEk. Batzuen eta besteen ohiko jarrera eta argumentuez gain, atzoko eztabaidan agerian geratu zen Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi abertzaleen artean dauden alde eta lehiak. CIUren jarrera izan zen deigarriena, ERCri Kataluniako Parlamentuak hartutako erabakiak aintzat ez hartzea leporatu baitzion. EAJk ere argi utzi nahi izan zuen bere jarrera, funtsean Amaiurrek sinatutako proposamenarekin ados egonda ere. Hala, Emilio Olabarria diputatuak koalizio subiranistari eskatu zion «leziorik» ez emateko, eta gogoratu zion haiek ere askotan egin dituztela gisa horretako proposamenak, instituzio ezberdinetan, eta horietako batzuetan ezker abertzalearen babesa jaso gabe. Hori hala izanik ere, Olabarriak adierazi zuen EAJ «beti» egongo dela autodeterminazio eskubidearenaldeko egitasmoak babesteko prest. Bere azalpenetan, nazioarteko hainbat hitzarmen aipatu zituen Olabarriak, horietako asko Espainiako Estatuak sinatutakoak, eta hark ere nabarmendu zuen hitzarmen horietan autodeterminazio eskubidea jasotzen dela giza eskubide gisa. Horren harira, adierazi zuen eskubide hori «eztabaidaezina» dela. «Hori aurrera eramateko moduak eztabaida daitezke, baina inolaz ere autodeterminazio eskubidea», azpimarratu zuen.

Aldebakarreko urratsak

Aurretik Amaiurreko Xabier Mikel Errekondo mintzatu zen, Autodeterminazioa hitza idatzita zeraman kamiseta soinean zuela. Euskal Herria nazio eta subjektu politiko bat dela azpimarratuzuen, eta adierazi zuen Espainiako Gobernuak hori onartu eta subjektu horrek hartutako erabakiak errespetatu behar dituela. Salatu zuen Espainiako Konstituzioa Espainiako «kultura politikoaren» eta «ukazioaren eta mehatxuaren» isla dela, eta Erresuma Batuak Eskoziaren kasuarekin agertu duen jarrera jarri zuen kontrako adibide gisa. Diputatu independentistak azpimarratu zuenez, autodeterminazio eskubidea gauzatzeko bidea hasi du «euskal gizarteak», eta Espainiako Estatua hori onartu nahi ez badu, «aldebakarreko urratsen bitartez» gauzatuko du bide hori.

Funtsean, Amaiur, ERC eta BNGren legez besteko proposamenak eskatzen zuena zen Espainiak nazioartean sinatuta dauzkan hitzarmenak betetzea. Horietako hainbatean erabakitzeko eskubidea aitortua duela gogoratu zuten, eta eskubide hori legea urratu gabe bete dezakeela.

PPk eta PSOEk baztertu egin zuten aukera hori, eta eskubide horren gainetik Espainiako Konstituzioa dagoela azpimarratu zuten. PPko Ramon Gomez de la Sernak egitasmoaren sinatzaileei leporatu zien kongresuko %3 soilik ordezkatzea, eta adierazi zuen Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Galiziaren kasuetan ez direla betetzen autodeterminazio eskubidea gauzatzeko nazioarteak zehaztutako baldintzak. Horixe bera azpimarratu zuen PSOEko Susana Samuelzok, eta esan zuen horri buruz erabakitzea «espainiar guztiei» dagokiela. «Alde batek ezin du guztioi dagokigun zerbaiti buruz erabaki». Argudio horri ere heldu zion IUk. Alderdi hori autodeterminazioaren aldekoa dela esan zuen Joan Coscubiela diputatuak, baina azpimarratu zuen hori gauzatzeko ezin dela onartu ez aldekoen ez kontrakoen aldebakarreko urratsik eta «estatu osoko akordio bat» behar dela.

Atzoko eztabaidako jarreradeigarrien CIUrena izan zen. Alderdi horrek ERCri leporatu zion bere kabuz eta Kataluniako Parlamentuak adostutako «bide orria errespetatu gabe» egitasmoa aurkeztu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.