«Erakargarriagoa zen beste erronka»

Realaren eskaintza zentzuduna izanagatik, luzera begira lan egiteko aukera nahiago zuela argitu du Montanierrek

Philippe Montanier, atzo, Zubietan, agurreko prentsaurrekoa amaitu berritan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Hezitzaile sena piztu zitzaion berriro ere Philippe Montanierri Stade Roazhon taldearen berri izan zuenean. Hori bera gertatu zitzaion duela bi urte Realeko arduradunek haren atea jo zutenean. Luzera begirako lan egitasmoak gogoko ditu; eraikitzailea da. Horregatik aukeratu zuen Donostiara etortzea, eta horren arabera doa orain Bretainia aldera. «Ikuspegi profesionaletik hartutako erabakia izan da. Bi eskaintza jaso nituen; bi plangintza ezberdin ziren, eta nik nahiago dut epe ertainera begira lan egitea. Erronka handia da. Erakargarriagoa».

Atzera begirako bi adibiderekin jantzi zuen Zubietatik alde egiteko hautua. Bata, Bolougne Sur Mer taldera joan zenekoa. Profesional mailatik behera egin zuen 2004. urtean, amateur koskairaino. «Orduko hartan ere askok ez zuten ulertu nire erabakia». Bestea, Valenciennes taldea utzi eta Realaren egitasmoarekin bat egin zuenean. «Hona etorri aurreko egoera berean egon naiz». Horra hor Montanierrek atzoko agur agerraldian plazaratutako argudio pisutsuena. Eta bakarra. Bere betiko laguntzaileak, Michel Troinek, taldea uzteko erabakia hartua zuela gezurtatu zuen. «Michelekin hitz egin aurretik erabaki nuen. Ondoren, nirekin jarraitu nahi zuen ala ez galdetu nion. Beste bide bat har zezakeen, baina nahiago izan du nirekin batera etortzea». Era berean, ukatu egin zuen Roazhonen soldata hobea jasoko duela. «Garbian diru gutxiago irabaziko dut».

Talde txuri-urdinaren mesedetan lanean aritutako bi urteetan ez du lortu zaleen erabateko babesik. Areago, epelak entzun behar izan zituen sasoi bakoitzaren hasieran, batez ere. Futbolaren legearen barruan sartu zituen gertaera horiek. «Nire erabakian ez du eraginik izan kontu horrek. Talde guztietan gertatzen dira horrelakoak. Harmailetako eta kaleko giroa bereiziko nituzke, ordea. Unerik latzenetan ere jarraitzaileen babesa sentitu nuen, neure burua hauspotu nahirik beti». Donostiako Gros auzoko kaleak zapaldu ditu gehien bat. «Osteguneroko pintxo potea ez da komenigarria nire osasunarentzat», adierazi zuen txantxa giroan.

Realak urtebeteko kontratua jarri zion mahai gainean. Stade Roazhonek, berriz, hiru urtekoa. Hala ere, Anoetako arduradunen jokabidea onartu zuen. «Euren iritzia errespetatu beharra dago. Ez nuen egoera behartu nahi izan, proposamen egokia eta zentzuduna egin baitzidaten». Ordu erdi pasatxoz jardun zen frantziarra hedabideen aurrean, eta soilik galdera bakarraren aurrean ilundu zitzaion kopeta. Hura gabe ere jokalari multzo horrek arrakasta izango zuela esan eta idatzi da hainbat komunikabidetan. Montanierrek bazuen horren berri, eta bere burua aldarrikatu nahi izan zuen. «Hona etorri aurretik taldeak jokatutako norgehiagoka asko ikusi nituen, eta argi daukat aurrerapausoa eman duela; neurri batean, geure lanari esker. Ezin naiz izan guztien gogoko. Egindakoarekin harro goaz, behintzat».

Apaltasuna, zuhurtzia, lana

Beste behin, jokalarien jokabidea goraipatu zuen amaieran; gutxiago parte hartu duten jokalarien ekarpena, batik bat. «Futbolarien gaitasuna ezinbestekoa da, baina euren pentsaera eta laguntasunik gabe ezin daiteke ulertu sasoi honetako arrakasta. Futbol garaikidean ez da ohikoa multzoa horren elkartuta ikustea, banakotasunak alde batera utzita. Horrek egin ditu aldeak».

Klub ikuspegitik bota zuen azken mezua. «Gainditzeko eta hobetzeko nahia erakusten dute jokalariek egunero. Bide egokitik doaz. Ez dut uste inork taldea utziko duenik. Bi aldeen borondatea behar da horretarako, eta ez da halakorik gertatuko». Apaltasuna, zuhurtzia, lanerako gogoa eta diziplina kutsatu dizkie Montanierrek jokalariei, inoiz urratu ez dituen balioak, hain zuzen. Eredugarria izan da haren jarrera, gizalegezkoa. Iritsi zenean baino egoera atseginago, indartsuago eta egonkorrago batean utzi du Reala. Hori da garrantzitsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.