Koska hori igo nahi du

2008tik Bengoetxea VI.aren buruz buruko jokoak bilakaera txikia izan du, eta baliabide berrien bila dabil gorantz pauso bat emateko.

Oinatz Bengoetxea Bilboko pilotalekuko frontisaren aurka, atsekabetuta, huts bat egin ondoren. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Koska' da Oinatz Bengoetxeak buruz burukoari ekiten dion bakoitzean entzuten duen hitza. Olaizola II.a eta Irujorekiko duen aldearekiko koska da, iritzi zabaldua delako, eta estatistikak hala dio, bera dela hirugarren manomanistarik onena. Finalean, baina, bi baino ez dira sartzen, eta 2008an txapeldun izan zenetik, Bengoetxea hiru aldiz kanporatu dute finalerdietan. Behin Irujo izan zen borrero, eta azken bietan, Olaizola II.a. «Haren jokoak bilakaera txikia izan du txapeldun izan zenetik, orain antzera jokatzen du», laburbildu du Asier Gartzia (Leitza, Nafarroa, 1979) Bengoetxea VI.aren lehengusu, botilero eta entrenamendu kideak. «Are gehiago, uste dut beste pilotariak izan direla Oinatzen estilora gerturatu direnak».

Gartzia ere bat dator koskaren teoriarekin. «Egia da, egun, Olaizola II.a eta Irujo beste maila batean daude. Olaizolak harritu nau gehien; agian, azken bi urteetan hark kanporatu gaituelako, baina urtez urte haren jokoak bilakaera ikusgarria izan du». Leitzako pilotari ohiak Bengoetxea VI.ak buruz buruko prestatzeko eginiko entrenamenduari gertutik kasu egin dio, eta pauso hori nola eman bilatzen ari dira. «1 Formulan egiten diren eboluzioen antzeko zerbait aurkitzea da, joko aukerak zabaltzea. Indar eta erritmo biziarekin ez da aski».

Bengoetxeak buruz buru jokatzeko estilo propioa du. Txapeldun izan zenetik urtero erakutsi du. Pilotari ia ez dio lurra ukitzen uzten, une oro sotamanoz eta boleaz sartuz. «Bidea hori da», onartu du Gartziak, «Oinatzek sotamanoz lotzeko trebezia handia du, eta pilotakada gehienak gozatzen ditu. Olaizola II.ak, baina, ere bai, asko gozatzen du sotamanoz, eta hura egokitu egin da. Irujoren kasuan, aldiz, indarra da. Ezker boleaz gainetik pasa zaitzake».

Non dago, bada, aukera orduan? Esaterako, bote jokoan. «Oinatzek tokia behar du errematea sartzeko. Motzean ere saiadaiteke, baina oso zehatza izan ezean aurkariak iritsi egiten dira. Hori eragozteko aurkaria frontisetik urrundu behar du. Irujok eta Olaizolak lekua egiten dute, baina guk ez». Bengoetxeak, baina, beste biek baino kolpe gutxiago du. «Ez dauka zertan indarrez egin, pilotakada gehiago loratuz adibidez. Aurkaria urruntzea da kontua, eta pilotakada nola luzatu ari gara probatzen entrenamenduetan. Aldaketa txikiak dira, detaileak, Oinatzen pilota jotzeko berezko modua duelako».

Lan fisikoa ere prozesu horren pauso bat da, baina Gartzia ez zehaztasunak ematen saiatzen. «Hor Aritz Altadillek hobeto jakingo du zein lan egiten ari diren, baina nik hobekuntza nabarmena ikusi diot». Ia urtebete da Bengoetxe prestaketa fisikoa Zentrum-en egiten hasi zenetik. Lau t'erdiko finalaren aurretik prestatzaileak BERRIA-ri azaldu zion enbor aldeko giharrerian zentratu duela lana, eta, Gartziak dioenez, lehengusuaren jokoan sumatu du. «Albotik gehiago ematen dio orain. Sotamanoa hobeto gidatzen du, gorputza hainbeste okertu gabe. Binakako txapelketan ere ezker gantxoa hobeto markatu du».

Lau t'erdiko txapelketan finalera iritsi zen Bengoetxea. Lau urte ziren, 2008koa buruz burukotik, hain zuzen, final bat jokatzen ez zuela. Botileroak argi du finalean sartzeak mesede egin ziola, baina ez emaitzak —22-5 galdu zuen partida oso kaskarra jokatuta—. «Egun hartan guk geurean aritu beharra daukagula ikasi genuen. Inork ez zuen Olaizola II.a guk partida hartarako aztertu genuen bezain ondo aztertuko. Aukera desberdinak genituen buruan, hipotesiak... baina zuk zeurea ematen ez baduzu, alferrik daeginiko lana». Finala hala galtzea kolpea izan zen, baina ez du ondoriorik izan. «Hura honezkero erabat ahaztuta dago».

Aurten berriz ere buruz burukoaren finalerdietan dago Bengoetxea. Berriz ere langaren parean, eta etzi Irujo izango da aurkaria berriz. «Igandekoa gure finala da. Irabaziko bagenu... sekulako mesede egingo lioke Oinatzi irabazteak, egiten ari den lan gogorrak fruituak ematen dizkiola ikusiko luke». Eta konfiantza eman ere bai. «Oinatzek Irujoren kontra jokatzen duen hamar aldietatik hiru bada ere irabazteko gai dela ikusiko balu, bultzada handia litzateke. Kontua ez da goikoakpasatzea, bai, ordea, aurre egitea, eta gauzak ondo eginez gero irabazi dezakeela ikustea».

Gaur, 2. Mailako finalerdia

Lehen Mailako finalerdia bihar bada, gaur Bigarren Mailako txapelketako bigarrena gaur jokatuko da, Arrigorriagan (17:00, Nitro). Danel Elezkano eta Aitor Mendizabal ariko dira, eta irabazleak Alvaro Untoria du zain finalean. Gaur irabazten duenak irabazten duela, aurreneko finala izango du, eta partidak ez du faborito garbirik. Mendizabal partida bakarrairabazita iritsi da, Ibai Zabalaren aurka (22-10). Elezkanok, aldiz, hiru jokatu behar izan ditu: Larunbe (22-4), Rico IV.a (22-16) eta Olazabal (22-18).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.