Josi eta josi ari da

Philippe Montanierren aroko emaitza aldirik onena osatzeko aukera izango du Realak bihar, Sevillaren aurka. Azken sei neurketetan 12 puntu aterata, lehen laurek baino ez dituzte bolada oparoagoak izan.

Philippe Montanier Realeko entrenatzailea, denboraldi honetan, Osasunaren aurkako partidan. JON URBE / ARP.
Donostia
2012ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Hurrengo jardunaldian eskuratutako emaitzaren araberakoa izan ohi da aurrez bildutako puntuaren benetako balioa. Mestallan irabazita, Osasunaren kontrako puntuak momentuan izan ez zuen dizdira hartu zuen, eta, bihar Sevilla garaituz gero, beste hainbeste gerta liteke Granadatik ekarritako puntuarekin. Gutxia nahikotzeko aukera izango du Realak Anoetan, eta, bide batez, Philippe Montanierren ibiliko urratsik sendoena egitekoa. Izan ere, frantziarra Zubietan aginduak ematen hasi zenetik bi alditan osatu ditu Realak galdu gabeko bolada luzeak, zazpina jardunaldiko iraupenekoak biak, iragan sasoian; baina horietan pilatutakoa gainditu dezake gaur. Lehenengoan, hamahiru puntu batzeko gai izan zen. Bigarrenean, berriz, hamabi. Hamabostera irits liteke oraingoan, inor gutxik egin duena egitera, alegia. Taldeak hobera egin duen adierazle.

Beharrak estu hartzean erantzuteko ahalmena izan baduela behin baino gehiagotan erakutsi du Montanierren taldeak joan den denboralditik hona. Beheko putzutik salbu egoteko balio izan diete bateko zein besteko susperraldiek. Baina jada ez zaio burutik pasatzen aparteko sufrikariorik gabe mailari eustea, baizik eta sailkapenaren eremu gozoan egonkortzea. Benetako pausoa izango litzatekeena behingoz ematea, finean. Aldaketa horren zergatia ulertzerakoan Xabi Prietok Granadatik itzuli berritan egindako adierezpenetatik tira liteke. «Gero eta garbiago daukagu zein den gure egitekoa zelaian, eta zalantzak desagertuz doaz. Bai etxean, bai kanpoan, argi dago zertan jokatzen dugun. Ezinbestekoa da etenik gabe hazten jarraitzeko». Kapitainaren adierazpenei segida eman zien David Zurutuzak. «Gauzak asko aldatu dira. Talde lana sendotzearekin batera hainbat aurkari gure beldur direla jabetu naiz». Iñigo Martinezek osatu zuen aldagelaren gogoeta. «Inoiz baino gogorrago ari gara atzealdeko lanean».

Jokalariek gehienetan, Zubietan bederen, zuhurtziaz estaltzen dituzte euren iritziak kanpoko inork zorrotz ez ditzan, eta mami gutxiko esaldiak lotu sarritan. Horregatik, deigarriak izan ziren Zubieta barruan zeresana duten hiru futbolari horien hausnarketak. Bata bestearen atzetik, entrenatzailearen ideia ulertuz eta gauzatuz fruituak biltzeko baliagarri zaiela onartu baitzuten aho-bizarrik gabe. Era berean, lehen taldeko ordezkariek garbi daukate bizitasun eta oldarkortasun handiagoz jokatuz gero aurrerapauso gehiago emango lituzketela. Anoetatik kanpo jokatu behar horrek eragiten zien dardara ahaztuta, hurrengo eginkizuna horixe izango da: sendotasunari erabakitasuna eranstea.

Sei jardunaldi daramatzate txuri-urdinek partidarik galdu gabe. Gisa horretako puntu boladak topatzeko sailkapeneko tontorreko taldeen ibilbideak aztertu behar dira derrigor. Bartzelona, Atletico Madril eta Real Madrilen oinatzak ikusezinak dira txuri-urdinentzat ere. Ez, ordea, Malagarenak. Andaluziarrek hamalau puntu lortu zituzten porrotetik aparte egon ziren aldirik luzaroenean, eta kopuru horren gainetik jar liteke Reala, baldin eta biharko erronka bere egiten badu.

Sevilla eta Mallorca, beheraka

Gipuzkoarren segidan dator Getafe, indarka. Hortik beherako zenbakiek argi erakusten dute hainbeste denboran galdu gabe egotearen zailtasuna eta garrantzia. Levante, Betis, Osasuna, Espanyol eta Deportivoren eginahal emankorrenak oso bestelako borrokan jarri zituen aurreneko biak eta beste hirurak. Sevillak eta Mallorcak gora egin zuten abiada berean egin dute okerrera. Nola, gainera. Hamaikana punturekin ekin zioten ligari lehen bost jardunaldietan, baina zingira batean sartu ziren pixkanaka. Sevillak zortzi puntu baino ez zituen eskuratu hurrengo 11 partidetan, eta behar gorrian iritsiko da gaur bertan Donostiara. Joaquin Caparrosen taldeak, berriz, bi baino ez ditu lortu. Atera kontuak.

Aurreko denboraldiko lehen itzuli osoan, 21 puntu bildu zituen Realak. Sevillaren aurkako azterketa gogorra gaindituz gero, 25era iritsiko litzateke bigarren lan erdiari ekiteko bi jardunaldi faltako direnean. Urtea indartsu amaitzeak Anoetako fidagarritasuna berreskuratzea ekarriko luke. Bolada onari eustea ere esan nahiko luke horrek. Denboraldian talde guztiek izaten dituzte mugarri bilakatuta neurketak, onerako zein txarrerako. Horren itxurakoa da biharkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.