Arrauna. Kontxako Bandera

Ez da izan tramite hutsa

Getaria-Tolosa, Galizia eta Zumaia faboritoak Kontxa irabazteko lehian izango dira bihar, baina San Juan kanpoan geratu daBizkaia izan da laugarren sailkatua, pasaitarrak ziabogan kateatu direlako

Getaria-Tolosako arraunlariak, ahalegin betean, atzo, Donostiako badian, Kontxako Banderako sailkapen estropadan. JUAN CARLO RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Getaria-Tolosa, Galizia, Zumaia eta San Juan. Lau traineru horiek izan behar zuten bihar eta datorren igandean Kontxako Bandera irabazteko lehian. Baina batek kale egin zuen atzo, sailkatze estropadan. San Juan ez da izango denboraldiko lehia ederrenean, eta Bizkaiak hartu du laugarren leku hori.

Ziaboga bakarrera jokatu zuten, bi luzetara, eta ontziari buelta emateko lan horretan, San Juan ez aurrera ez atzera geratu zen. Segundo asko galdu zituen, eta ezbehar horretan utzi zituen sailkatzeko aukerak. Atzoko estropada, aldez aurretik, tramite hutsa izatekoa zen, lau ontzi sartzeko ia aukera guztiekin zeudelako. Baina ez zen izan hala. Tramiteaz haratago joan zen estropada, eta hor etorri zen ezustea.

Bestelakoan, pasaitarren salbuespena aparte utzita, beste hiru faboritoek ez zuten kale egin. Lan lasairik ez dago, baina esan daiteke Getaria-Tolosa, Galizia eta Zumaia estutasun handirik gabe sailkatu zirela. Berea egitera atera ziren, eta bazekiten hori eginez gero barruan izango zirela. Itsasoa oso bare zegoen, eta horrek ere indartu egiten zuen irudipen hori. Hiruren artean azkarrena Getaria-Tolosa izan zen. Hasi eta buka nagusitu zen. Luze arraun eginez, azkar joaten da Esperantza trainerua, eta lehen luzean aldeak zabaldu zituen gainontzekoekin alderatuz. Ziabogan, Galizia baino bi segundo azkarrago zihoan, eta sei ateratzen zizkion Zumaiari. Lanaren bigarren erdian handitu egin zituen aldeak bigarrenarekiko eta hirugarrenarekiko. Helmugan, ia sei segundo atera zizkion Galiziari, eta 11 pasatxo Zumaiari. Lanak amaitu eta gero, getariarrek eta tolosarrek aitortu zutenez, estropada irabaztera atera ziren, iganderako lehia psikologikoa gogoan. Eremuko marka berria ezartzeko balio izan zien aparteko motibazio horrek, eta eguraldiaren baldintza paregabeak lagunduta, 33 segundoan hobeto zuten galiziarren lehengo marka.

Galiziak berak ere lan ona egin zuen. Ez omen zen helburu nagusia estropada irabaztea, sailkatzea baizik. Pragmatikoagoak izan ziren, baina nahikoa izan zuten barruan izateko. Arraun egiteko erritmo egokia hartu zuten, eta horri eutsiz, ondo moldatu ziren. Nahiz eta irteeran aurrenak izan, eta besteen batere erreferentziarik eduki ez, kontrolpean eduki zuten estropada. Bandera irabazteko lehian egongo diren bi faborito handien artean sei segundo egon izana ez da kontuan hartzekoa. Hor daude aurreko urteetako datuak. Iaz, esaterako, Galizia hirugarren izan zen sailkatzeko estropadan, eta gero, oso erraz irabazi zuen bandera.

Zumaiak ere berea egin zuen. Sailkatzetik kanpo geratzea huts handia izango zen, eta ez zuten halakorik egin. Ohi baino biziago egin zuten arraun, erritmo azkarragoak erabiliz, baina, hala ere, eroso jardun zuten. Bigarren luzean gozatuz joan ziren, jakitun sailkapena traineru barruan zeukatela, eta horrek erakusten du ez zutela estutasun handirik pasatu. Berandu osatu zuten ontzia, arraunlari batzuk min hartuta ere ibili dira, eta trainerua ere aldatu dute, baina, gorabeherak gorabehera, bete dute sasoiko helburuetako bat: Kontxan aritzea.

Bizkaia ere hor izango da hurrengo bi igandeetan. Ezustean. Eduki, bazituen aukerak, baina oso apurrak ziren. Lau faboritoetakoren batek huts egin behar zuen, eta halaxe gertatu zen. Ederki baliatu zuen San Juanen zorte txarra, eta zabaldu zitzaien ateko giltza bereganatzeko moduko lana egin zuten; Orio eta Hondarribia baino askoz hobeto ibili zen Bizkaia. Azkenean, San Juanei bi segundo pasatxo atera zizkion.

Hori izan zen eguneko ezustea. Gauzak ondo, pasaitarrak barruan izango ziren, baina kirolean gertatzen dira espero ez diren gauzak. Denentzat ez zen tramite hutsa izan atzoko estropada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.