Notak jartzeko garaia

Sasoi hasieran une latzak pasatu arren, eroso eutsi dio mailari Philippe Montanierrek, eta ezustekoa litzateke karguan ez jarraitzeaAgintariek lehenbailehen ziurtatu beharko lukete zurrumurruak isilarazteko

Donostia
2012ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Denboraldiko helburu nagusia beteta eduki arren, Anoeta aldean ez dago eskuak patrikan sartuko dituenik. Zelai gaineko lanak amaitzeko, hiru jardunaldi geratzen zaizkie Montanierren mutilei; bihar, Vicente Calderonen ariko dira, Atletico Madrilen kontra, eta entrenatzaileak beste erronka bat jarri die, inor ez dadin orain arte egindakoarekin nahikotu: 47 puntuko langa gainditzea. Ez da nolanahiko kontua, txapeldunorde atera zen taldeak baino ez zuelako lortu halakorik aurreko hamarkadan eta agintariek ere gertutik zainduko dutena baita. Multzoaren gosea neurtu nahi baitute entrenatzaileari buruzko azken txostena osatu eta nota jartzeko.

Philippe Montanierren jardunak zale txuri-urdin guzti-guztiak konbentzitu ez dituen moduan, administrazio kontseiluaren bileretan ere zalantzak azaleratu dira behin baino gehiagotan. Bestela nola ulertu Jokin Aperribairen hitz herrenak entrenatzaileaz galdetu izan zaionean? Azaroko akziodunen batzarrean kosta ahala kosta segituko zuela lau haizetara zabaldu zueneko jarrera sendo hura ez du mantendu presidenteak, eta horrek elikatu ditu neurri handienean Zubietako etxola kanpoko esamesak.

Frantziarrak bere aldeko argudioak pilatzerakoan ez du izango sailkapena baino tresna fidagarriagorik. Joan den urteko sufrikariorik gabe mailari eusteko eskatu zioten, eta horren inguruan inork ezin dio ezertxo ere leporatu. Eztabaidaezina da, eta emaitzak dira lekuko nagusi. Hortik aurrerako kontuetan sakontzerakoan, berriz, iritzien eremu labainkorrean sartu beharra dago.

«Multzoaren balioa handitzea izango da Montanierren egiteko nagusia, taldeak aurrerapausoa eman dezan, egonkortu dadin», bota zuen Lorenzo Juarros Loren kirol zuzendariak entrenatzailearen aurkezpenean. Irizpideak finkatuta, horien arabera neurtu beharko dute Montanier-Troin bikoaren lan egiteko eraren bideragarritasuna. Martin Lasarteren lana epaitzean, emaitzen aldean pisu handiagoa izan zuen uruguaitarrak jokalari multzoari zukua ateratzeko izan zuen ahalmenak. Horregatik kendu zuten kargutik. Iragazki beretik igaroko dute Montanier, haren egokitasuna neurtze aldera, nahiz eta ezusteko handia litzatekeen teknikariaren aldeko apustuari ez eustea.

Oraintxe bertan, Aperribaik ez dauka hautagai hoberik esku artean. Are gehiago, Realaren azarotik gaurdainoko bidea aztertzen bada. Real Madrilek, Bartzelonak eta Malagak baino ez dituzte batupuntu gehiago. Hori bakarrik ez, Anoetan sendo azaldu da oso bigarren itzulian: sei garaipen, bi berdinketa eta porrot bakarra. Horretan ere Mourinho eta Pellegrinirenak baino ez dira izan hobeak. Frantziarraren lana indartuta atera da hasierako zailtasunak gainditu eta gero.

Gauzak garbi azaltzeko garaia heldu zaio zuzendaritzari, hortaz. Zenbat eta denbora gehiago isilpean igaro, orduan eta indar handiagoa hartuko du eztabaidak. Agintariek ere badakite Montanierrek aldagelaren babes osoa duela. Hor dago gazteekin egindako lan ederra eta eurei emaniko konfiantza.

Neurketen gidaritza omen da entrenatzailearen puntu ahula, klubaren barruan dabilen hainbaten ustez. Hori eta taldearen jokatzeko moduak ezer ez kutsatzea leporatzen diote zale batzuek. Gauza on eta txarren arteko kenketa egiterakoan ezin esan, ordea, Montanierren eskutik Realak ez duela egonkortasunaren bidean aurrera egin.

Jokalarien atzetik

Datorren denboraldiari begira multzoaren egituraketan ez da etenik izan. Agirretxek, Elustondok, Zurutuzak, Prietok eta Mikel Gonzalezek lan itunak luzatu dituzte aurreko hilabeteetan, eta kirol arduradunen lehentasuna orain Mikel Aranburuk eta Carlos Velak jarraitzea ziurtatzea da.

Kapitainarekin aspaldi hitz egin zuten, eta kontratua idazterakoan ez da arazorik izango. Sinatzean dago koska, ordea, klub barruan ez baitaukate garbi azpeitiarrak zer bide hartuko duen. Lorenek, Montanierrek eta haren taldekide guztiek segitzeko eskatu diote. Hala ere, futboletik erretiroa hartzea serioski pentsatu du. Bigarren mailako hiru urteak nekagarriak izan zituen oso. Erdilari gazteenen garapena ere ez du eten nahi. Horrek bizkortu dezake berandu baino lehen hartu beharreko erabakia. Aurki uxatuko ditu zalantzak Aranburuk berak.

Velaren bigarren itzulia txapela kentzekoa ari denez izaten, Arsenalek izan du Realaren berri. Mexikarrak ez du Ingalaterrara itzuli nahi, eta begi onez ikusiko luke Donostian jarraitzea. Horregatik, ahalegin berezia egingo dute gipuzkoarrek aurrelaria fitxatu ahal izateko. Kirol sailaren erronka nagusia izango da ondorengo hilabeteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.