Futbola. Europako Ligako finala: Atletico Madril-Athletic

Hegazkin bat bete ilusio

Athletic Bukaresten dago jada, eta gaur gauean entrenatuko da lehen eta azkeneko aldiz Estadio NazionaleanIker Muniainek ez du azken saioa amaitu, baina bihar jokatzeko prest egongo da

Julen Etxeberria.
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Loiuko aireportutik Bukarestekora eraman duen Jumbo hegazkin itzelaren tamainako ilusioarekin iritsi zen atzo gauean Athletic Errumaniako hiriburura. Ez da gutxiagorako, 35 urte luze joan dira talde zuri-gorriak azkeneko aldiz Europako lehiaketa bateko final bat jokatu zuenetik. Zuri-gorrien ilusioaren zakua gainezkadago, eta konfiantzarena ere betea dago. Hori ere ez da harritzekoa. Finalera iristeko egindako bide ikusgarria edonor harrotzeko modukoa da. Hori bai, ilusioa ez bezala, konfiantza kudeatu beharra dago. Zergatik? Azken urratsa falta baita egiteko, zailena: bihar Atletico Madrili irabaztea, hain zuzen.

Arratsaldeko laurak baino minutu batzuk lehenago abiatu zen Loiutik finaleko protagonista nagusiak zeramatzan hegazkina. Ordu laurden eskas lehenago iritsi ziren Athleticeko jokalari eta entrenatzaileak aireportura, goizean ere lanean aritu baitzirenLezaman. Eguneko lan saioak, gainera, eman zuen berririk. Izan ere, Iker Muniainek ez zuen entrenamendua amaitu. Erdilari nafarrak ez ditu jokatu Ligako azken bi partidak, giharretako mina dela eta. Hala ere, ondo bidean, bihar jokatu egingo du. Aurretik Europako Ligan jokatutako hainbat partidatan ere azken unera arte egon behar izan du zain Marcelo Bielsak Muniaini hasierako hamaikakoan toki bat egiteko, eta azkenean beti jokatu du. Athleticgaur gauean entrenatuko dalehen eta azkeneko aldiz Estadio Nazionalean.

Lezamako lana amaituta, Jose Maria Amorrortu Athleticeko kirol zuzendariak agerraldi bat egin zuen finalaz hitz egiteko. Amorrortuk aitortu zuen «zaila» dela hitzekin azaltzea une hauetako bizipenak. «Harro egon behar dugu klub honetako kide izateaz, eta bere balioei eutsita Athleticek lehiakor izaten jarraitzen duelako». Amorrortuk, halaber, «taldearen eta jarraitzaileen indarra» azpimarratu zuen.

Athleticek 1977an Juventusen aurka jokatu eta galdu zuen UEFA kopako finala, etatalde hartako kide izan zen Amorrortu. «Azken egunetan sarri elkartu gara, eta, egia esanda, antzekotasun handiak daude orduko eta egungo taldeen artean: biak dira ausartak eta langile nekaezinak. Orduan ere bi final jokatu genituen. Ona da bi garai horien artean zubi bat izatea, eta etorkizunerako ere beste bat eraikitzea. Badakigu bihar zer dugu jokoan, baina pizgarri bat dugu: jendearen ilusioa. Horrek indarra emango digu aurreikuspenak betetzeko eta egindakoa sendotzeko. 1977ko finala betiko oroimenean gera dadin nahi dugu».

Athleticeko kirol zuzendariak ondo ezagutzen du finaleko aurkaria, 2006tik 2011ra Atletico Madrileko harrobiko arduradun izan baitzen. Argi du partida «berezia» izango dela. «Bukaresten jokatuko duten hainbat jokalari nirekin egon dira gazte-gazteetatik. Bi taldeen historiari erreparatuta, argi dago lotura estua dagoela. Une aproposa da zuri-gorrien arteko batasuna sustatzeko, eta finala festa bat izan dadin».

Kirol zuzendariak ez zuen inongo faboritorikaipatu nahi izan. «Atletico Madrilek bere titulu historiagatik irabazi nahi du. Guk, ordea, ilusio historia bat dugu. Beharra sendotasun bilakatu nahi dugu. Espero dezagun jokatuko ditugun bi finalek indarra ematea hobetzen joateko eta etorkizunerantz urratsak egiten joateko».

Kirol zuzendariak azpimarratu zuenez, Atletico Madril «punta-puntako» taldea da, eta «beti ditu lehen mailako jokalariak»; Diego, Arda Turan edo Falcao, adibidez. Baina nabarmendu zuen Athleticek «talde baten indarra eta zaleen babesa» duela. «Sasoi honetan, Athleticek oso maila handiko taldeak gainditu ditu, eta argi utzi du onenekin egon daitekeela. Biharkoa beste aukera bat izan daiteke hori berriro erakusteko».

Kirol arduradun gorena izanik, Bielsaren eta Fernando Llorenteren kontratu berritzeez ere galdetu zioten. Kirol zuzendariaren arabera, «funtsezkoa» da argentinarrak jarraitzea, «hasitako proiektua sendotu dadin eta jokalari guztiek hobetu dezaten». Amorrortuk Bielsaren lan egiteko era goraipatu zuen. «Ez da ohiko entrenatzaile bat. Jokalari guztiek euren beharra hobeto egitea lortu du. Horregatik behar dugu baietz esatea, baina ezin dugu presionatu. Baikor nago, hala ere. Nola ez naiz baikor egongo? Horrela sentitzen dut». Llorenteri dagokionez, esan zuen denek nahi dutela kontratua berritzea, eta kluba «lanean» ari dela. Gai horiek guztiak bazter geratuko dira gutxienez etzi arte. Orain gauza batek axola du: biharko partidak, biharko final historikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.