Saskibaloia. Eurokopako finala: Uxue Bilbo Basket-Lokomotiv Kuban

Inoiz baino garrantzitsuagoa

Uxue Bilbo Basketek bere historiako lehen titulua lor dezake gaur, Lokomotiv Kubanen aurkako finalean. Ez dago faborito garbirikIrabaziz gero, Bilboko taldea Euroligarako sailkatuko da, eta haren geroa argituko da

Inoiz baino garrantzitsuagoa.
Imanol Magro Eizmendi.
Charleroi
2013ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Inoizko partidarik onena jokatzeko egun aproposa dute gaur Uxue Bilbo Basketeko jokalariek. Lehen titulua irabazi, eta taldearen izena saskibaloiaren historia liburuetan hizki larriz txertatzeko aukera. Milaka zaleri eta hiri fidelari esker ona titulu batekin adierazteko eguna. Taldearen iraganak, orainak eta etorkizunak bat egingo dute gaur, 21:00etan, Charleroiko (Belgika) Spiroudome pabiloian. Jakina da garai honetan Bilboko taldearen egoera ekonomikoa ez dela gozoa, eta, gaur irabazita, Euroligan sartuko litzateke: babesle fidagarri bat lotzeko amurik onena. Horregatik dauka jokoan etorkizuna. Inoiz baino garrantzitsuagoa da irabaztea.

«Finalera iristea gehien merezi izan duten bi taldeak gara. Sasoi honetan, inoiz baino zailagoa izan da. Eurokopako partidak baino gehiago, Euroliga 2 moduko batekoak ziruditen». Fotis Katsikarisek erronkaren zailtasuna azpimarratu zuen atzo kazetarien aurrean. Ez dira hitz hutsak: errealitatea da. Lokomotiv Kubanek hemezortzi milioi euroko aurrekontua du, eta txapelketa bikaina egin du. Valentziak baino ez zuen pixka bat estutu, finalerdietako itzulikoan. Titulurako bidea oztopatzen duen koska handia da. Izan ere, Euroligarako sailkatzeko diseinaturiko taldea da. Ez da gehiegikeria; gehien jokatzen duten zazpi jokalariak sasoi honetan fitxatu dituzte.

Bilbo Basket, halere, ez da gutxiago. Bere bertuteak ditu, eta zaleak alde. Harmailetan, ez da orekarik egongo: Bilbotik joandakoak gehiago izango dira. Haiek euren lana egitea funtsezkoa izango da, taldearen aukerak partida trabatzearen bidetik doazelako, eta epaileen iritzia erabakigarria izango delako. Jokalariek ere ondo ezagutzen dute teoria. Hala uste du, behintzat, Katsikarisek. «Badakigu zer egin behar dugun irabazteko. Oso eraginkorrak izan behar dugu erasoan, eta gure bertuteak baliatu». Bide horretan, konfiantza handia du taldearen eskarmentuan. «Esperientziako jokalariak ditugu, eta argi dut hori abantaila handia dela. Gure taldeko hiru jokalari txapeldun izandakoak dira, eta final asko jokaturikoak. Badakite burua hotz nola eduki». Horietako bat Alex Mumbru da, kapitaina, eta jokatuko ote zuen azkeneko egunetan zalantzan egon bada ere, gaur aritzeko moduan egongo da. Beraz, Katsikarisek jokalari guztiak ditu prest.

Eugeni Paxutin Lokomotiveko entrenatzaileak ere ez du arazorik min harturiko jokalariekin. Errespetu handia dio Bilbo Basketi. «Multzoa nabarmenduko nuke; dena batera egiten duen talde bat da. Hein handi batean, entrenatzailearen lan bikainarengatik. Jokalari asko erabiltzen dituzte, eta ia gehienek jokatzen dute euren selekzioetan. Gauza asko ditugu zaintzeko finalean».

Bilbo Basketen inguruko orori kostako zitzaion bart lo egitea. Gehien, agian, Axel Hervelle jokalari belgikarrari. Atzo hala onartu zuen. «Nahiago nuen beste nonbait jokatzea. Harmailetan lagun eta senideak daude, eta hori presio berezia da». Hala bada, hori izan dadila urduritzeko arrazoi bakarra, Bilbo Basketek lehen titulua irabazteko aukera baitu. Aurretik, hiru aldiz egin du kale: bi aldiz Eurokopako azken fasean, eta behin ACB ligako finalean. Horiek, baina, opariak izan ziren, ustekabe gozoak. Aurten, ordea, ezin da kale egin, Euroligarekin edo Euroliga gabe, istorioa eta historia asko aldatzen baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.