Senegal sartu du arraunaren historian

Rene Thiarek bost urte daramatza Ondarroan, eta arraunlaria da. KAE 2 ligako lehen estropada irabazi zuen ekainaren 25ean, eta bandera bat lortzen duen aurreneko afrikarra da. Gero, beste bat ere irabazi du.

Rene Thiare senegaldarra, Ondarroako Antiguako ama ontziaren tostetan, entrenamendu batean. AITOR MANTEROLA.
Aitor Manterola Garate.
Ondarroa
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Duela bost urte, 2006an, elurra egin zuen Ondarroan. Negua zen. Egun haietako batean, autobus geltokian azaldu zen Rene Thiare (Niodior, Senegal, 1989). Osaba zuen zain, eta osabaren etxera abiatu ziren. Lehen aldiz ikusi zuen elurra afrikar gazteak. Orain, 2011n, eguzkia dago Ondarroako zeruan. Uda da. Herriko trainerua entrenatzen ari da, eta tostetan doa Thiare. Arraunlari egin da, eta arraunaren historian sartu. Lehen afrikarra izan da bandera bat irabazten.

Ekainaren 25ean izan zen, Sestaon. KAE 2 ligako lehen estropada zegoen jokoan, eta Antiguako Ama traineruak aurrea hartu zien gainerako guztiei. Poza lehertu zen ontzian, eta Thiare txoratzen zegoen. «Irabazlea naiz, galtzea ez zait batere gustatzen, eta arraunean hasi nintzenetik banderak irabaztea eduki dut buruan». Ametsa bete zuen egun eguzkitsu hartan.

Baina, pozaren arrastoan sartu aurretik, bestelako egoera ugari bizi behar izan ditu Afrikako arraunlariak arraunean: «Asko sufritu dut, ez genuelako irabazten». Hainbesteraino izan da, uzteko zorian ere egon zen neguan: «Utzi egin nahi nuen, baina Jonek [Jon Lete, entrenatzailea] konbentzitu egin ninduen. Horri esker, herritarren txaloak entzun ahal izan zituen ekainaren 25ean, eta baita hurrengo egunean ere, Elantxobeko Ikurriña ere Ondarroak irabazi zuen eta. «Gustatu zitzaidan ongietorria. Gustatzen zait jendeak niri txalo jotzea». Udaletxeko balkoira igoko direla ziur da, eta badaki zer egoeratan igoko den: «Liga irabazita igoko gara».

Orain ari da gozatzen arraunean, baina hasierak ez ziren samurrak izan: «2007an hasi nintzen. Lagun batek esan zidan saiatzeko, eta gaur arte. Indar asko daukat, baina arraunean ez nekien. Teknika ez nuen menderatzen». Alor horren inguruan, gauza batek eman dizkio sekulako buruko minak: «Etzaten ikastea oso zaila egin zait». Zailtasun denak gaindituta, ederki egiten du arraunean, eta, nork daki, egunen batean beste talderen batek fitxatuko du, akaso: «Ez dut horretan pentsatzen. Gainera, agian, ez dut jarraituko datorren urtean». Herriko portuan egiten du lan, baina arraina dagoenean bakarrik. Horrek kezkatzen du, eta horregatik esaten du, agian, beste nonbait aurkitu beharko duela lana.

Paterako kontakizunak

Horretara etorri zen Euskal Herrira, lanera, etorkizun hobea izateko asmoz. 2006 hartan abiatu zen bere herritik, urtarrilean: «Autobusez joan ginen Mauritaniara, eta han patera batean sartu ginen, ordaindu eta gero. Kanaria uharteak genituen jomuga». Heldu ziren, denak heldu ere: «55 lagun gentozen, eta niri ez zi- tzaidan bidaia gogorra egin». Kanarietan Poliziak atzeman zituen. Eta, berrogei egunez zentro batean eduki eta gero, Madrilera eraman gintuzten, abioian. Han, nora jo aukeratzeko esan ziguten, eta nik Bilbo aukeratu nuen, Ondarroara etorri nahi nuelako, osabarenera».

Lehen egunak oso gogorrak egin zitzaizkion, baina ohitu zen. Eskolan ere ibilia da. «Baina ez zait gustatzen»; lanean hasi zen, eta hor segitzen du. Gurasoak Senegalen ditu, anaia ere bai, eta badu harremanik haiekin. «Baina ez diet esan banderak irabazi ditudala, ez dutelako ulertuko zer den... bueno, anaiari bai, esan diot». Arraunlari historiko baten gorabeherak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.