Mendia

Ibilbideari aitortza

Euskal Mendizale Federazioak urteroko festa egingo du gaur Gasteizen. Iturribero elkarteak antolatu du eta federazioaren eta 'Pyrenaica' aldizkariaren sariak banatuko dituzte bertan.

2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun

Gasteizko Europa Jauregiak hartuko du gaur Euskal Mendizale Federazioak (EMF) urtero antolatzen duen mendizaletasunaren gala. Iturribero mendi elkartea arduratu da festaren antolaketaz, eta ekitaldian 2010. urteari dagozkion EMFren ikurrak eta Pyrenaica aldizkariak antolatutako mendiko artikulu eta diapositiba lehiaketetako sariak banatuko dituzte. Azken horiek gaur iluntzeko ekitaldian jakinaraziko dituzte; EMFk banatuko dituenak, aldiz, jakinak dira dagoeneko. Mendiari urte luzez lotutako lagun eta elkarteak dira sarituak, eta horiek guztiek urtetan izandako ibilbideei egindako aitortza dira, hein batean. Ekitaldia 18:00etan hasiko da, gonbidatuen ongi-etorri eta aurkezpen ekitaldiarekin. Sarituen omenezko aurresku, sari banaketa eta ikus-entzunezkoekin jarraituko du galak, eta festari errematea Lakua hotelean afalduta jarriko diote. Horratx, gaur federazioak alorrez alor sarituko dituen lagunak:

 

Mendiko Lasterketen Saria

Nerea Amilibia

Zenbat buru, hainbat aburu esapidea mendi lasterketetara eramanda, zenbat lasterketa, ia hainbeste garaipen esaera aplika dakioke Nerea Amilibiari. Mendi lasterketen nahiz lasterketa bertikalen Euskadiko kopak irabazi zituen iaz, eta baita bi zirkuitu horietatik kanpoko beste hainbat lasterketa ere. Oroitzapen onenetako bi, ordea, garaipenik gabeko probei lotuta ditu Amilibiak: Zegama-Aizkorrin bigarren bukatu zuen, eta Munduko Kopako sailkapen nagusian laugarren. Urtetan lasterketetan parte hartzeko egindako ahalegina saritzeko modua ere bada gaurko aitortza.

 

Andres Espinosa saria

Iñaki Ruiz eta Fernando Rubio

Jarduera alpinistiko onena saritzen du Andres Espinosa sariak, eta Iñaki Ruizek eta Fernando Rubiok jasoko dute ikurra, iazko udaberrian Alaskako Fairweather mendira (4.671) egindako igoeragatik. Aitortza egiterako orduan «espedizioaren abentura eta esplorazio ukitua» nabarmendu ditu EMFk; Glaciar Bay parkean dago mendia eta 14 espediziok igo dute —2005. urteaz geroztik inork ez zuen igo—. Fairweather mendiaren izenak eguraldi oneko mendi gisan euskaratu daiteke, eta zerikusi gutxi du izenak Alaskako mendietan ohikoak izaten diren baldintzekin. Eguraldiarekin kexa gutxi izan zuten, ordea, Ruizek eta Rubiok, eta haiekin joandako Manuel Martinez eta Jesus Selva espainiarrek.F Maiatzaren 27an abiatu ziren beheko glaziarretik mendian gora, eta 29an jo zuten gailurra; 3.400 metroko desnibela eta, azken zatian, 85º-eko horma tentea gaindituta. Beste bi egun behar izan zituzten behera jaisteko.

 

Angel Sopeña saria

Gorka Karapeto

Harkaitzean eskalatzen nahiz txapelketetan lehiatzen dotore ari da azken urteetan Gorka Karapeto. Berriki kateatu du 9a mailako bere bigarren bidea, Esclatamasters, Lleidako Perles eskalada gunean (Herrialde Katalanak). Iazko eskalada eta garaipen uztari bainoago, Karapetok azken urteetan izandako ibilbideari aitortza egiteko modua izango da Angel Sopeña saria, eta azken sei urteetan Euskadiko kirol eskalada txapelketa lau aldiz irabazi izana hartu du aintzat EMFk azpeitiarrari saria ematerakoan.

 

Antxon Bandres saria

Juanma Sotillos

Euskal Herrian dauden irrati, telebista, egunkari eta bestelako komunikabideak aintzat hartuta, mendiko berriak lantzen urte gehien daraman kazetaria da Juanma Sotillos. Diario Vasco egunkarian 32 urte darama mendiko informazioa lantzen, eta ibilbide horretan «informazioa kontrastatzeko eta eraikitzeko» egindako lana sarituko diote.

 

Ibilbideari saria

Gloria Suarez Ruiz de Erentxun

Arabako Mendizale Federazioak hauspotuta jasoko du Gloria Suarez Ruiz de Erentxunek ibilbideari emandako saria. Gasteizko San Ignacio elkartean 45 urtetik gora egin ditu irteerak antolatzen eta elkarteari lotutako bestelako ekintzetan laguntzen, eta Arabako federazioarekin ere harreman estua izan du. Gainean eraman ohi duen gozoki zorroagatik ezagutzen dute askok, eta Gloria Ama ezizenarekin beste askok. Aitortza egingo dio EMFk.

 

Andres de Regil saria

Gasteiz Mendi Elkartea

Mendiko eskiari lotutako saria da Andres de Regil, eta aurtengoa ez du pertsona batek jasoko, Gasteiz mendi elkarteak baizik. Mendiko eskiko zeharkaldia antolatzen urtetan egindako lana eskertuko diete. Martxoaren 12 eta 13an izango da, hain zuzen, aurtengoa, zeharkaldiaren 26. ekitaldia, eta Astun eta Ossau inguruetan prestatu dute. Urte berezia da 2011. Gasteiz mendi elkartearentzat: 40 urte bete ditu. Gasteiz mendi taldearen osasun onaren adierazgarri dira elkarteak dituen 4.000 bazkideak eta ia 2.000 federatuak.

 

Loli Lopez Goñi saria

Edurne Pasaban

Sari, omenaldi eta aitortzak jaso eta jaso ari da Edurne Pasaban azken hilabeteetan. 2010. urteak utzitako irudietako bat izan zen Pasaban Shisha Pangmako tontorrera igo eta 14 zortzimilakoen bidean azken urrats egin zuenekoa. Instituzio, elkarte, komunikabide eta bestelakoen sarien ostean, EMFk aitortza egingo dio gaur.

 

Adiskidetasunaren saria

Broker's aseguru etxea

Euskal Mendizale Federazioaren bidez federatzen diren mendizaleek Broker's etxearen babesa izan dute azken 23 urteetan. Babes hori aitortuko diote gaur.

 

Kolaborazioaren saria

Roca Cordes Muntanya S. L.

Komunikabide baten biziraupenean publizitateak duen garrantzia ukaezina da, eta Pyrenaica aldizkarian 30 urtez jarri ditu iragarkiak Roca Cordes Muntanya enpresak. Mendirako eta eskaladarako sokak ekoizten espezializatu dira azken urteetan, eta haiek ekoitzitakoak izan ziren, besteak beste, Martin Zabaleta Everestera igo zeneko sokak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.