Herrialdeko lan itunak babestu nahi ditu LABek

Nafarroan adostutako hitzarmenak babesteko, sektore arteko akordio bat egitea proposatu die gainontzeko sindikatuei

LABeko Igor Arroyo eta Garbiñe Aranburu, atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Negoziazio kolektiboa Espainiako Gobernuak onartutako erreformaren ondorioetatik babesteko, sektore arteko akordio bat egitea proposatu du LABek Iruñean. Erreforma horrek Madrilen hitzartutako lan itunak eta enpresetan egindakoak lehenesten ditu, herrialdeko itunen gainetik. LABen arabera, ordea, «estatuko hitzarmenak hemen hitzartutakoak baino kaskarragoak dira». Hortaz, Nafarroako langileek soldatetan jaitsierak eta lan baldintzen okertzea jasan beharko lituzkete. Hori gerta ez dadin, sektore arteko akordio bat egitea proposatu die gainontzeko sindikatuei.

Lau puntu izango lituzke akordio horrek. Lehen puntuak Nafarroan egindako itunak lehenesteko konpromisoa jaso beharko luke. LABen arabera, erreformak estatu mailako itunak herrialdekoen gainetik jartzen ditu, baina erkidegoetakoei estatukoen balio bera ematen die. «Nafarroako hitzarmenek izaera autonomikoa dutenez, indarrean jarraitu beharko lukete».

Baina enpresako itunak beste guztien gainetik jartzen ditu erreformak. Horregatik, LABen ustetan, hori indargabetzeko konpromisoa litzateke sektore arteko akordioaren bigarren puntuak jaso beharko lukeena.

Hirugarrenak lan itunen edukiari eragingo lioke. Erreformaren arabera, gehienezko lanaldia Madrilen zehaztuko da. Horrek Nafarroan lanaldia murrizteko egindako ahalegin guztiak ezerezean utziko dituela uste du LABek. Beraz, ezinbestekoa deritzo lanaldiaren luzera Nafarroan bertan erabakitzeari.

Laugarren eta azken puntuak langile eta enpresen arteko gatazka egoerak konpontzeko erreformak proposatzen duen irtenbideari eragingo lioke: arbitratzeari. LAB gatazkak konpontzeko arbitratzearen formula erabiltzearen kontrakoa da, ez zaiolako bidezkoa iruditzen beste eragile batek langileen eskubideen inguruko erabakiak hartzea. Gainera, Nafarroan horretarako beharrezko egiturarik ez dagoela dio, egungo Lan Auzitegiak ELA eta LAB baztertu egiten dituelako. Hortaz, gatazkak arbitratzera jo gabe konpontzeko konpromisoa jaso beharko luke akordioak.

Patronalari abisua

Horrez gain, patronalari jakinarazi dio lanaldia murriztea eta soldatak KPI kontsumo prezioen indizea baino gehiago igotzea eskatuko duela itun guztietan, eta malgutasuna areagotzeko neurrien kontra egingo duela.

UGTk, berriz, estrategia gogortzearekin mehatxu egin dio CEN Nafarroako patronalari. Sindikatu horren esanetan, soldatak %1 eta %2 artean igotzearen truke blokeatutako lan itunen negoziazioak hasteko konpromisoa hartu zuen patronalak orain hilabete batzuk. CENek, baina, ez ei du agindutakoa bete.

ELAk soldata jaitsierarik ez onartzeko eskatu die bere ordezkariei, horrek langabezia handitzea baino ez duelako ekarriko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.