Felipe Eizagirre.
Arraun-minez

Irabazteko moduak

2013ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Galiziak eta Getaria-Tolosak utzitako hutsuneek gatz gutxiko Euskotren liga iragarri ziguten neguan. Zumaiak blokeari eutsi zion; eta iazko jarduna kontuan hartu eta beste koska bat gora egingo zutela pentsatuta, aurten erabat nagusi izango zirela aurreikusi genuen; eta hala ari dira izaten. Baina San Juanek eta Hibaikak pauso eta erdi aurrera egin izanak piper pixka bat behintzat gehitu dio lehiari.

Zumaiarrak dira nagusi; eta gozamena da haiek arraunean ikustea. Bi ligak eskura dituzte, eta faboritoak izango dira Kontxan ere. Inor gutxik egingo du apustu haien kontra Portaletas birtualetan. Euskotreneko sailkapenean eroso jardun zuten, eta gerora ere nabarmen nagusitu ziren; aurkariei ateratako aldeagatik baino, ateratzeko moduagatik: trapuak azken txanpan erritmoa ia igo beharrik izan gabe pilatuz aurkeztu baitziren larunbatean Getxora. Arraunlariek hustuta bukatu zuten arren, kanpotik erraz ikusten genituen.

Azken bi saioek paisaia aldarazi dute, ordea. San Juanek, Getxon irabazi eta Zumaian etxeko taldea estututa, asteburu ederra osatu du (balio beza talde osoa zoriontzeko!). Iaz ere erakutsi zuten batelariek, lehen luzean eutsiz gero, banderen lehian egon zitezkeela; eta larunbatean berretsi egin zuten hori. Zailena egin zuten: irteeran aurre hartu ondoren, zumaiarrek atzetik aurrera pasatu zituztenean, erasoari eutsi eta meritu handiko saioa borobildu. Bandera irabazi izanak baino gehiago balioko die arrosei irabazitako moduak. Igandean, bestalde, Zumaiak ohiko aldeaz irabazi arren, ohiko erritmotik gora egin izanak harritu gintuen; eta estutu beharra izan zutela pentsarazi. Eta Hibaika ere ez dabil aparte. Getxon ezustekoa emateko zorian ere egon zen une batean. Talde gisa beste bien sendotasuna ikusten ez diodan arren, kontuan hartzekoa dela agintzen digute emaitzek. Zerbait ariko dira ongi egiten beltzezkoak ere! Zumaia da faboritoa, dudarik gabe; baina lehia irabazteko moduek ikusteko esperantza esnarazi digute, behintzat, hori maite dugunoi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.