«Gustura aritu naiz»

Ibai Zabala «konforme» azaldu da Binakako Txapelketan egin duen jokoarekin. Estreinako aldia izanik, eta Aimar Olaizola bikotekide izanda, asko eskertu du presioa gainditzeko Goizuetakoak emandako laguntza.

Ibai Zabala, Titin III.aren eta Merino II.aren aurka, Eibarko Astelenan jokaturiko partidan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Lehen Mailako Binakako Txapelketa lehenengoz ari da jokatzen Ibai Zabala (Berriz, Bizkaia, 1987), baina presioa gainditzen duen pilotari bat dela erakutsi du. Aimar Olaizolarekin, txapelketa polita egiten ari da, eta nahiz eta finalerdietako ligaxkan gaur arte jokaturiko bi partidak galdu, «gustura» dago egindako lanarekin. Hala aitortu dio BERRIAri. Etzi, Oinatz Bengoetxearen eta Mikel Beroizen aurka ariko dira, finalerdietako ligaxkako azken partidan. Aurkariek 11 tanto egiten badituzte, Olaizola II.a-Zabalak agur esango diote txapelketari.

«Oro har, partida onak egin ditut, Irujo eta Zabaletaren aurka finalerdietan egindakoa kenduta. Horien aurka oso gaizki ibili nintzen. Bestela, oso pozik nago egindako lanarekin», dio Zabalak. Orduko hartan, 22-8 galdu zuten, eta agerian geratu ziren bikotearen gabezia batzuk. Bai, batzuk, Zabaletaren partida txapelketako onenetarikoa izan zelako. Aspekoek jokoa atzeko koadroetan kargatu zuten, Zabala txikitu arte. Bi atzelarien artean, Zabaleta nagusitu zen, eta, akaso, partida horretan fisikoki emandako maila eskasa da Berrizkoari geratu zaizkion saminetako bat. «Finalerdietako lehen partidan, ahul ibili nintzen. Haiei ezin zaie meriturik kendu, partida borobila egin zutelako, baina ez zen nire eguna izan. Gainera, finalerdietan, partidek askoz gehiago balio dute, eta horrelako hutsegiteak oso garesti ordaintzen dira. Penaizan zen».

Olaizola II.ak eta Zabalak ongi hasi zuten Binakakoa. Lehen ligaxkan, hamalau partidetatik lau besterik ez zuten galdu, eta behetik gora zetozen. Finalerdietako ligaxkan, baina, txapelketak ihes egingo diela dirudi. Txakalaldia arrazoitzeko garaian, nabarmendu du psikologikoki prestatuta egon behar dela. «Apur bat luze egiten da. Hala ere, ez hainbeste kirol alorrean, baizik eta psikologikoki. Partida bat amaitzean, segituan duzu hurrengoa buruan, eta horrek apur bat ahultzen zaitu. Buruarentzat ere proba gogorra da».

Lehen Binakako Txapelketan, luxuzko aurrelaria izan du lagun Zabalak: lau t'erdiko txapelketatik izugarrizko jokoarekin iritsi zen Olaizola II.a binakakora, eta asko ikasi du harekin. «Aimarrekin jokatzea luxu bat da. Hark ere, partidak jokatu ahala, nabarituko zuen nekea, baina lau t'erditik izugarrizko mailarekin iritsi zen. Egia da orain ez dela ari aurreko koadroetan aurkarien gainetik pasatzen, baina normala da. Izugarri ikasi dut harekin, kantxa barruan, eta baita kanpoan ere. Eduki nezakeen presio gehiena kentzea lortu dut hari esker».

Gauza guztiek bezalaxe, ordea, aurrelaririk onenetariko batekin jokatzeak badu bere ifrentzua. Izan ere, presioa areagotu egiten da aurrelari horren atzelaria estreinakoz aritzen bada, eta hutsik txikienean ere, kritikak jasotzen dira. «Sarritan entzuten dut partidak irabazi ditugunean Aimarri esker izan dela, eta galtzean, berriz, nire hutsengatik. Hori eramaten jakin behar da. Aimarren gisako pilotari batekin jokatzeak hori du. Baina harekin aritzeak dituen gauza on guztiekin geratzen naiz».

Oraindik ikasteko asko duen arren, aurrerapauso bat eman du Zabalak aurtengo binakakoan. «Eskarmentua lortu dut, eta Aimarrekin presioa gainetik kentzen ikasi dut». Beste proba gogor bat izango du etzi Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Bengoetxea VI.aren eta Beroizen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.