Philippe Montanier. Realeko entrenatzailea

«Biziago eta oldarkorrago aritzea falta zaigu»

Frantziarra gustura dago Realean aurkitu duen jokalari multzoarekin. Etorkizunera begira lanean ari dela aitortu du, eta taldea ari dela nahi duen hori barneratzen.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Realak bere alderik gogorrena azaleratzea da Philippe Montanierren (Vernon, Frantzia, 1964) egiteko nagusia aurrerantzean. Zer esanik ez Santiago Bernabeutik bizirik ateratzeko.

Bi egun baino ez dituzue izan gaurko neurketa gogorra prestatzeko. Ez al da gutxitxo?

Ez du prestaketa berezirik eskatzen Real Madrilen aurkakoak, haien kontra lehiatzea benetan latza delako. Ezin hobeto ezagutzen ditugu, badakigu zertarako gai diren, eta horri aurre egitea kitzikagarria ere bada.

Joanekoan atze-atzean sartu zenuen taldea. Berriro hori egitearen aldekoa zara?

Ez dugu beste batzuetan bezainbeste erabiliko baloia, eta emaitza ona lortu ahal izateko, multzo osoaren defentsa lanak sendo-sendoa beharko du izan, pitzadurarik gabea. Ekimena gurea izango den apurretan mugikortasuna, abiadura eta zehaztasuna derrigorrean erakutsi ezean, jai daukagu.

Epaileen lanagatik kaltetuta sentitzen al zara?

Bai. Hogeitaka urte daramat honetan, eta denboraldi honetan izandako erabaki arraroak ez ditut sekula ikusi. Ez dira onartzen errazak. Esaterako, Asier Illarramendik Granadan egindako gauza beragatik beste asko ez dituzte horrela zigortu. Txartel horia eta kito. Iñigo Martinezi aurrekoan adierazitako penaltia ere ez sinesteko modukoa izan zen. Ez naiz epaileez gaizki esaka aritzen diren horietakoa, baina gogorra ari da izaten denboraldi honetakoa.

Realari ez al zaio jenio txarragoa falta?

Oldarkortasuna bideratzen jakitea ezinbesteko lan tresna da gaur egungo futbolean. Arlo horretan zer hobetua badaukagu. Getafen, adibidez, area barruan gogorragoak izatea falta izan zitzaigun, ate aurrean zalantzarik gabe, erabakitasunez jaurtitzea, zehatzago aritzea. Gauza horiek zerikusi zuzena dute neurketen nondik norakoetan. Biziago eta oldarkorrago jokatu behar dugu. Hori falta zaigu gehienbat.

Zertan hobetu du taldeak zure eskutik?

Apurka-apurka ari da estiloa zehazten. Jokalariek gogo onez hartu dute gure proposamena. Plazer handia da multzo honekin lan egitea, espiritu langilea kutsatzen baitu. Hori bai, ez da erraza haien emozioen berri izatea, zer pentsatzen duten jakitea entrenamendu honetaz edo ariketa hartaz. Nekeaz ere ez dute ezer esaten, ez dira inoiz kexatzen. Itxia iruditzen zait euskalduna, eta lanerako beti prest dagoena.

Geldikako jokaldiak puntu ahula dira oraindik.

Aurkako baloiak urruntzeko lanean, hobekuntza ikusi dut. Erasoan, berriz, ez nahi bezainbestekoa. Falta jaurtitzailearen kalitateak ere zerikusia du horretan. Lan egin arren, ez dute lortu entrenamenduetako gauza on horiek partidetan egiterik. Zubietan sartzen dituzte golak. Erdiraketak ere gaiztoak dira benetan. Erregularragoak izan behar dugu. Berezko gaitasunari kontzentrazioa gaineratu behar zaio.

Montanierren hizkera bera al darabil jada taldeak?

Gauza onak ikusi dizkiot eta hobetzeko beste asko ere bai. Lana amaitzetik urrun nago oraindik. Bestela, enbarazu egingo nieke.

Zure metodoaren azken helburua zein da?

Multzoari aitortzen diot garrantzia, eta ez dut nahi inor ezinbesteko bilakatzerik. Hala, aldaketak egin arren, gure proposamena ez da kaltetuko, jokoaren maila ez da jaitsiko. Lehen aipatu dugun estiloaren barruan arituz, jokatzen duenak jokatzen duelarik eraginkortasuna ez gutxitzea.

Zubietan hazitako guztiek historia polita idatzi nahi dute Realean. Horregatik kontratu berritzeak. Zer iritzi duzu?

Talde jokalariak dira, klubarekin maiteminduta daudenak, eta hori ez da egunero ikusten. Are gutxiago egungo futbolean. Zortekoa naiz horiekin lan egiteagatik.

Lan kontratuekin jarraituz, Aranbururen jarraipenaren aldekoa zara?

Bai, noski.

Zein da kapitainak helarazten duen mezua?

Pisu handia du. Realaren betiko espiritua kutsatzen die gazteei, inoiz ez du galtzen burua, zentzuduna eta arazoei aurre egiteko gaitasun harrigarrikoa da, mezu positiboak zabaltzen ditu, klubaren alde eginez beti.

Marigarekin ez zenuten asmatu.

Halakoxea da futbola. Tokian tokiko ohituretara, hiriria, kulturara, futbol taldera… egokitzeak garrantzi handia du mailarik onena emateko orduan. Bi adibide jarriko dizkizut. Eric Cantonaren aurka makina bat aldiz jokatutakoa naiz ni, eta Frantzian ez zen izan Ingalaterran izandakoaren erdia ere. Hango testuinguruak lagundu zion, bere izaerarentzako aproposagoa baitzen. Bestea, Benoit Cauet, Inter Milangoan aritutakoa. Taldekide izan ginenean ez nuen uste horren urrutira helduko zenik, ez zegoen-eta gainontzeko erdilarien gainetik. PSGra joan zen lehenik. Lehertu, eta ondoren ezin hobeto aritu zen. Carlos Vela, aldiz, ezin hobeto egokitu da.

Zergatik litzateke ona mexikarra fitxatzea?

Datorren sasoian gurekin izatea gustatuko litzaidake, bai. Ez du gailurra jo oraindik. Ate aurrean zorrotzago izanik, azken pase gehiago ematen… Erabakigarriagoa izan daitekela uste dugu.

Ondoriozta daiteke jarraitzea gustatuko litzaizukeela.

Oso gustura nago. Ez dago Zubietaren parekorik lanerako. Gainera, bat egiten dut Realaren izaerarekin, gazteekin duen konpromisoarekin. Futbolean inoiz ez dakizu zer gerta daitekeen, oso azkar aldatzen direlako gauzak. Baina beste hamar urtez mugituko ez banintz bezala ari naiz lanean. Klubaren etorkizunean pentsatzen dut erabaki guztiak hartzerakoan. Horregatik eman diet benetako aukera Iñigo Martinezi eta Agirretxeri, besteak beste.

Eta Ruben Pardo ez al dago hasieratik jokatzeko prest?

Iñigo Martinezen aldean egin gabe dago, fisikoki diot. Jarriko da poliki-poliki. Lehiakide onak ditu inguruan hazteko. Gaur joka dezake hasieratik, zergatik ez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.