Komunikazioa

PSE-EEk ukatu egin dio Maite Iturberi orain urtebete emandako konfiantza

Alderdi sozialistak gogor kritikatu du Iturbe zuzendariak aurreikusitako euskara normaltzeko plana

Mikel Unzalu eta Idoia Mendia, atzo, legebitzarrean eginiko prentsaurrekoan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2014ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiaren agintaldiko lehen urtea ez du gogoko PSE-EEk. Atzo Eusko Legebiltzarrean eginiko prentsaurrekoa baliatu zuten Idoia Mendia eta Mikel Unzalu legebiltzarkideek lehen urteko balantzea egiteko , eta gogor kritikatu zuten zuzendariaren jarduna. Bi zutabetan oinarritu zuten kritika: EITB barruan euskara normaltzeko plana eta ildo editoriala. Sozialistak dagoeneko EITBn lanean ari direnei euskara eskatzearen kontra agertu dira. Bestalde, salatu dute Iturbek «elkarbizitzaren, tolerantziaren eta aniztasunaren printzipioak» defenditzen ez dituela.

Orain urtebete izendatu zuten Iturbe EITBko zuzendari nagusi PSE-EEko botoekin. «Guk ez genion txeke zuri bat eman, konfiantza boto bat baizik», azaldu du Unzaluk. PSE-EEko legebiltzarkidearen arabera, hedabide publikoko zuzendaritzak urtebetean erakutsitako jarrerak konfiantza hori «hautsi» du, eta, beraz, orduan eskainitako babesa kendu diote. Ez diote, halere, kargua uzteko eskatuko.

EITBko zuzendaritzari ez ezik, Eusko Jaurlaritzari ere egin dizkio kritikak alderdi sozialistak. Babesa kendu izanaren erantzuletzat du Eusko Jaurlaritza. «Gobernuak jakingo du zer egin nahi duen EITBrekin. Gugana jo zuten Iturbe izendatzeko, baina orain EH Bilduren eskutik joan nahi dute», azaldu du Unzaluk. Legebiltzarkidearen hitzetan, Iturberi EITBk «eskuetatik ihes egin ido».

Langile guztiak euskaldun

Hedabidearen barruan euskara normaltzeko plana ez du atsegin alderdi sozialistak. 2016. urterako euskara hedabideko langile guztiei eskatzea aurreikusten du 2013-2016 plan estrategikoak, baita azpikontratatuei ere. Udazkenerako aurreikusi dute enplegu eskaintza publikoa egitea, berrikuntza nabarmen batekin: euskara ondo jakitea eskatuko dute. Mendiak dioenez, horrek ez du «lege oinarri argirik». Lehiaketa publikoa Radio Euskadira bideratuko dute; hainbat langile daude hamar urte baino gehiago lanean plaza finkorik gabe, eta lehiaketa horretan bat eskuratzeko itxaropena zuten. Euskara kontratazio berriei soilik eskatu behar zaielakoan dago Mendia, eta ez dagoeneko EITBn lan egiten dutenei. UPDek, bestalde, mozioa aurkeztu zuen atzo legebiltzarrean, EITBk euskara «soilik beharrezko» diren lanpostuetarako eskatzeko.

Sozialisten arabera, egungo hedabidearen ildo editoriala ez dator bat EITBk sorreran zuenarekin. «EITB ezin da gertatzen ari denaren kontalari hutsa izan. Giza eskubideen eta terrorismoaren biktimen defentsarako eragile eraginkorra izan behar du », azaldu du Unzaluk. Aurreko batzordeetan hainbatetan kritikatu zuten sozialistek hedabide publikoaren ildoa. «EAJk eta EH Bilduk ildo editorial hori babesten dute».

Hedabide publikoak zerbitzu publikoaren funtzioa betetzen ez duelakoan dago PSE-EE. Mendia legebilitzarkidearen arabera, EITBk ez du herrialdearen aniztasuna errespetatzen. Agenda politikoa zein hainbat saiotan eta albistegitan ematen diren iritziak horren erakusle dira, sozialisten ustetan.

Eusko Jaurlaritzak gogoratu du EITB «erreferentzia» dela komunikabideen sektore publikoan, eta euskal gizarte guztiaren zerbitzura dagoela. «Ahots eta sentsibilitate sozial nahiz politiko guztiei egiten die lekua». Gehien ikusten diren albistegiakizateak frogatzen du, Jaurlaritzaren ustez, hedabidearen «kalitatezko albiste zerbitzua, euskal gizartearen eskaerei egokitua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.