Komunikazioa

Europako laguntza ukatu dio Parisek Antxeta irratiari, euskaraz aritzeagatik

Euskararen erabilera «esklusiboak» Europako dimentsioa «hutsean» uzten duela da ezezkoaren argudioa

Antxeta irratiaren estudioa, Hendaian, artxiboko irudi batean. NICOLAS MOLLO.
urtzi urkizu
2014ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Emakumeen Ahotsa izeneko proiektua garatzeko, diru laguntza eskatu zuen iaz Antxeta irratiak, Jeunesse en Action (Gazteak martxan) Europako Batasuneko programan. Frantziako Gazte Sailaren menpeko agentzia batek kudeatzen ditu Europako programa horretako laguntzak, eta Txingudi eskualdeko irratiari ezezkoa eman dio euskara hutsean ari delako. «Euskararen erabilera esklusiboak eta kide gehiagoren faltak Europako dimentsioa hutsean uzten du», erantzun dio agentziak Antxetari. Emakume gazteen talde bat biltzea eta haien arazoak plazaratzeko irratsaio bat sortzea da Antxetaren proiektuaren xedea. Agentziak onartu du «interesgarria» dela, gazteei begirakoa delako eta «ahalduntze prozesu bat» eskaintzen dielako. «Baina egitasmoaren Europako dimentsioa eta kultur aniztasuna ez dira nahikoak», azaldu du Frantziako Gobernuaren menpe dagoen agentziak.

Antxeta irratiak erabakiaren aurkako helegite bat aurkeztu du Parisen, Europako Jeunesse en Action programako Frantziako agentzian. Irratiko koordinatzaile Aitziber Zapirainen arabera, Frantziako Gazte Sailaren agentziaren erabakiak ez du justifikaziorik: «Kontuan izan behar da Antxeta irratia mugaz gaindiko kate bat dela. Irrati komunitarioa da, euskarazkoa eta tokikoa».

Antxeta irratiko kideek esan dute laguntza lortzen saiatuko direla, «proiektuak aurrera egin dezan».

Europarlamentarien babesa

Antxeta irratiko arduradunek babesa eskatu diete Alain Lamassoure (UMP), Izaskun Bilbao (EAJ) eta Inaki Irazabalbeitia (Aralar) europarlamentariei.

EAJko eta Aralarreko ordezkariek bat egin dute Antxetak egindako proposamenarekin. Europako Batzordean, Bilbaok eta Irazabalbeitiak galdera bat erregistratu dute elkarrekin: Europako Batzordeari galdetu diote ea arrazoizkoa den proiektuak Jeunesse en Action programako laguntza ez jasotzea, hizkuntza gutxitu eta mugaz gaindiko batean garatua izateagatik. Nabarmendu dute irratia dagoen eskualdean herritar askoren hizkuntza komuna dela euskara, eta mugaz gaindiko jarduera «intentsoa» garatzen dela. Emakumeen Ahotsa proiektuak Europako dimentsiorik ez duen ere galdetu dute, «kontuan izanda mugaren bi aldeetara dauden emakume gazteak Europako balioetan inplikatu nahi dituela». Frantziako administrazioak hartutako erabakiari buruz informazioa eskatzeko errekeritu diote batzordeari.

UMPko europarlamentariaren erantzunaren zain da Txingudi eskualdeko irratia.

Emakumeen Ahotsa

Antxeta irratiko arduradunek azaldu dutenez, Emakumeen Ahotsa proiektuaren bitartezemakume gazteekin talde bat osatu nahi dute irratiaren inguruan. Talde horretan, 30 orduko trebakuntza lana egingo lukete lehenbizi. Ondoren, irratsaioa martxan jarriko lukete; Antxetaz gain, beste irrati komunitario batzuk emititzea litzateke helburua. Irratsaioan, emakumeek beren arazoez hitz egingo lukete. Halaber, kultur arteko elkarrizketak, tokiko bizimoduaren gaiak eta garapen iraunkorraren erronkak landuko lituzkete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.