Komunikazioa

Maite Iturbe irratiko langileekin bildu da lanpostuen murrizketak azaltzeko

Langileek uste dute «egungo irrati eredua bukatu» nahi duela zuzendaritzak

Maite Iturbe EITBko zuzendaria Eusko Legebiltzarreko kontrol batzordean, iragan otsailean. EUSKO LEGEBILTZARRA.
Adrian Garcia.
2014ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
2013. urteko balantzea egitean, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak jada iragarri zuen 2014ko aurrekontuak langile gutxiago bilduko zituela. EITB taldeko irratiek sufrituko dituzte gehien murrizketen eraginak. Irratietako sindikatuekin eta langileekin bildu da aste honetan Iturbe, murrizketen nondik norakoak azaltzeko. Atzo lanpostu finkorik ez duten langileekin, kaleratuak izateko arrisku gehien dutenekin. Herenegun, irratietako sindikatuekin. Langileen arabera, «egungo irrati eredua amaitu nahi du» zuzendaritzak.

Langileak kaleratzeko proposamen «orokor» bat helarazi zien zuzendaritzak sindikatuei, negoziaketen abiapuntua. Irratietako langile askok, Radio Euskadin batez ere, urteak daramatzate plaza finkorik gabe lanean. Haien egoera arautze aldera, eta, bidez batez, lanpostuak murrizteko, enplegu eskaintza publikoa aurkeztu nahi du zuzendaritzak udazkenean. Irratiko sindikatuek ez dute argi ikusten zuzendaritzak proposatutako epeak beteko direnik. Gainera, ez datoz bat zuzendaritzaren proposamenarekin, eta eurena helaraziko diete datozen egunetan. Izan ere, bilera gehiago egitekoak dira zuzendaritza eta langileen ordezkariak.

Enplegu eskaintza publikoa baino gehiago, langileek enplegu erregulazio espedientetzat dute zuzendaritzaren proposamena. Izan ere, 80 bat lagun daude plaza finkorik gabe EITB taldeko irratietan, eta 40 lanpostu eskainiko dituzte lehiaketa publikoan. Kontratupeko langile batzuk, beraz, kalean geratuko dira. Irrati guztiak estu dabiltza langile aldetik, eta lantaldea murrizteak derrigor irratien lan egiteko erari eragingo dio.

Kudeaketa txarraren ondorio

Kudeaketa txarrari egotzi diote langileek orain lanpostuak murriztu beharrari. Izan ere, Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusi zen garaian eginiko kontratazio batzuk legez kanpokotzat jo, eta legeak kontratu mugagabea eskaintzea behartu zien 2012an. Langile horiek dira orain kolokan daudenak.

Udazkenerako aurkeztu nahi du zuzendaritzak enplegu eskaintza publikoa. Orain arte ez bezala, euskara ondo jakitea ezinbestekoa izango dute hautagaiek. EITBko zuzendaritzak aurreikusten du 2016. urterako euskara hedabideko langile guztiei eskatzea. Sindikatuek, ordea, uste dute elebitasunaren inguruan gauza asko zehazteko daudela. Zuzendaritzak ez zien astelehenean zehaztu gazteleraz bakarrik lanean jardun behar dutenek izan behar duten euskara maila. Datozen egunetan dira sindikatuekin eztabaidatzekoak alor horiek. Euskara EITB taldean normaltzearen alde daude sindikatuak, baina, horretarako, faltan sumatzen dituzte langileak euskalduntzeko planak. «Euskara normaltzeko planaren atzean langileen lan zama handitzeko asmoa egon daiteke», azaldu dute langile ordezkariek. Euskalduntze prozesuetan daude Radio Euskadiko langile asko, euskara lan orduetatik kanpo ikasten.

Radio Euskadin lanean urteak daramatzaten eta lanpostu finkorik ez duten askok ezingo lukete enplegu eskaintza publikora aurkeztu, euskara ez jakiteagatik. Sindikatuek ez dute uste horrelakorik gertatuko denik, «enpresaren espirituaren» bat ez datorrelakoan.

Atzo zuzendaritzak langileekin izandako bileran, ordea, kazetariei euskarazko C2 maila eskatuko dietela jakinarazi zieten. C1 teknikoei. Euskara EITBn normaldu baino gehiago, «galbahea pasatu» nahi dutelakoan daude langileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.