Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Analisia

Hego Euskal Herria, abertzale eta sozialista?

Xabier Isasi Balanzategi.
2011ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Franco Bizkaia eta Gipuzkoa probintzia traidore izendatu zituen. Zerbaitegatik izango zela pentsatu beharko luke Andoni Basagoitik. Nola liteke bestela, Raxoik Espainia osoan erraz irabazten duenean Hego Euskal Herrian PP-UPN alderdiek horren emaitza apalak lortzea? Hego Euskal Herriko mapa politikoa irauli da, Espainiako Kongresurako hautetsien artean, aspaldiko partez, hautetsi abertzale ugari izango da datorren legegintzaldia. Hautetsi abertzale horiei dagokie, beste batzuen artean, Euskal Herriko normalizazio politikoa lortzea.

Sozialisten porrota, lehendik iragarrita izanda ere, sekulakoa izan da, 5-6 hautetsi galdu ditu. Sozialistek hausnarketa sakona egin beharko lukete orain dezente galdu badute ere, Eusko Jaurlaritzari artifizialki luzaro eusteak garesti ordain baitezake. Amaiurrek bete-betean asmatu duela esan daiteke. Alde batetik, abertzaleen batasuna iradokitzea lortu duelako eta, beste aldetik, ezkerreko alternatiba berri gisa agertu izan delako. Bietatik hartu ditu bozak Amaiurrek, ezkerretik eta abertzaleetatik.

Une honetan eskuragarri dauzkagun datuen arabera EAJk ez du askorik galtzen aurreko hauteskundeetako (2008) emaitzarekin alderaturik. Nago, EAJk bere posizio politikoari atxiki izatea ez dela txarra abertzaleentzat. Abertzaleen eremua ezkerretik zabaltzen ari dela dirudi. Oraingo honetan, datuak datu, ez dirudi PPk EAJri boto askorik kendu dionik. Basagoitik ez du lortu, oraindik orain, abertzaleen bozen kutxa irekitzea. PSE-EEk eta PSNk, berriz, Euskadiko Ezkerra irensterakoan irabazi zutena galtzen ari direla esan genezake. Dauzkagun datuen irakurketa bizi-bizi eginez gero ez litzateke astakeri handia izango esatea Amaiurrek sozialistei kroska bat kendu dienik.

Azken datuak ez dira oso desberdinak izango. Espainiako eskuinak Madrilgo Kongresuan erabateko gehiengoa lortu badu ere, Hego Euskal Herrian ez du irabazi. Abertzaleek Espainiako Kongresuan aukera izango dute parlamentari-talde propioak izateko. Elkarri lagunduko diote?

Hastear dagoen legegintzaldia izango da, duda barik, garrantzitsuena Euskal Herriarentzat. EAEko hauteskundeak falta dira mapa politiko «errealagoa» izateko, hortik aurrera, hautetsi abertzaleek prakak bete behar ibiliko dira. Sozialistak euren agintaldian ez dira gauza izan nazioen auzia bideratzeko, eskuindarrak (PP) Euskal Herria eta Katalunia menderatzen saiatuko dira. Legegintzaldi interesgarria eta gogorra izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.