Joseba Ezkurdia. Aspeko pilotaria

«Irujo, Xala... koska bat, edo bi, gorago daude»

Binakakoan bikain ibili ondoren, buruz burukoan ari da orain, bi atariko irabazita. Irujok bere adarrean ez zuela nahi esan zuen, eta aurkezpenean askok ikusten zuten ustekabekoa emateko hautagai.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Bidaniko baserriko lasaitasunean hartu du BERRIAren telefono deia. «Behar denean laguntzen dut hemen ere», zuritu du bere burua. Hala suertatu da, Joseba Ezkurdiak (Arbizu, Nafarroa, 1991) duela hiru aste eta bi ekin ziolako atariko txapelketari, eta ez du erlaxazio berezirik behar. «Konfiantzaz» dago, egiten ari den bidearekin pozik.

Ezin urduri egon, ezta? Zuretzat txapelketa aspaldi hasi zen.

Egia da. Duela hiru aste jokatzen hasi nintzela, eta atarikoak txapelketa partidak ziren niretzat. Hasieran urduri ekin nion, eskuetatik pixka bat justu nengoelako, baina gauzak ondo irten dira.Aritz Lasaren aurka ondo hasi nintzen, eta Merinorekin nire jokoa egin ahal izan nuen. Hala ere, niretzat, poz handia izan zen aurkezpenean egotea.

Erritmo faltarik ez duzu, behintzat.

Hor abantaila txikia dut. Batez ere, neure burua nola dagoen badakidalako, eta horrek aurkariek ez duten puntu bat ematen dit. Ea Beroizen aurka balio didan.

Eta nola ikusi duzu zeure burua? Bideoa erabiltzeko ohitura duzu?

Konfiantzaz nago, eta nik uste dut nire jokoa egitea lortzen badut lehen kanporaketa pasa dezakedala. Eta bideoa, bai. Nire partida guztiak ikusten ditut, zuzendu beharreko hutsak aurkitu eta ikasteko. Noizean behin, astakeriaren bat edo partida txarren bat edo beste ikustea egokitzen da.

Irujok aurkezpenean esan zuenez, gauza bakarra ez zuen nahi, adar berean zurekin topo egitea. Zerbaitegatik izango da?

Ez nuen entzun, baina Irujo bezalako pilotari handi batek halako zerbait esatea handia da niretzat. Agian, gainetik presioa kentzeko esango zuen. Harreman estua dugu, gainera, askotan entrenatzen gara batera.

Asko ikasten al da Irujorekin?

Bai, bai... Iaz asko entrenatu ginen batera, eta afizionatu mailatik ere bai. Harreman ona dugu. Bera oso serio entrenatzen da, hasieratik, eta hori gustatu egiten zait. Harekin asko ikasten da, eta noiz edo noiz aholkuren bat ematen dizu.

Txapelketako beste parte hartzaileek ere zu ikusten zaituzte ustekabea emateko hautagai.

Hori esan al dute? Ez naiz hedabideak irakurri zalea, egia esateko. Hori esan bazuten, pozten naiz, ohorea da, baina uste du bidea egin dezaketen pilotari asko daudela txapelketan.

Zu ikusita, buruz buru jokatzen gozatu egiten duzula dirudi?

Ondo banago, konfiantzaz, eta eskuetatik ondo, buruz buru jokatzea gozamena da niretzat. Gainera, nire ezaugarriengatik, egungo buruz buruko jokora ondo moldatzen naiz, airez-eta ondo sartzen naizelako.

Beroiz duzu etzi, eta hark ez du hala jokatzen.

Ez pentsa, sotamanoz-eta oso ondo sartzen da. Jendeak uste baino askoz gehiago jokatzen du: hanka biziak ditu, kantxa asko estaltzen du, badaki buruz buru jokatzen... 2009an Aritz Lasari irabazi bazion, zerbaitegatik izango zen. Partida oso gogorra izango da, baina nik nire jokoa egiten badut irabazi dezakedala uste dut.

Haren bideorik-edo ikusteko asmorik?

Partidetara etxean prestaketa pixka bat eginda joaten naiz, eta, seguru asko, partidaren aurretik saiatuko naiz haren partidaren bat Youtuben bilatzen. Erreminta ona da, eta, bideoak badaude, ez dago gaizki ikustea. Pilota ikusi zalea naiz, garai bateko Ladisen eta Retegiren partidak, Irujoren eta Olaizolaren finalak...

Zer moduz joan da binakakoa?

Uste baino hobeto. Beldurrez hasi nintzen, lesio batetik osatu berritan, eta, nire ustez, lehen partidak irabaztea mesede egin zidan. Zubietak ere asko lagundu zidan, eta partida garrantzitsuren bat edo beste galdu genuen arren, oro har, puntuazio ona jarriko nioke neure buruari.

Estelarrak urrun al daude?

Zail ikusten dut. Udako torneoetan normalean bi edo hiru aurrelarik jokatzen dute, eta zail ikusten dut horiek paretik kentzea. Irujo, Titin, Xala... horiek koska bat edo bi daude gainetik. Zail ikusten dut, baina lanean jarraituko dut, eta aukeraren bat ematen badidate, ni pozik.

Enpresak esperantza handia jarria du zugan? Sumatzen al duzu?

Debuta egin eta lehen partidetan gauzak ondo irten zitzaizkidan,eta hortik datorrela iruditzen zait. Asko lagundu dit enpresak, eta eskertzen dut, baina nik badakit zein den nire maila, eta oraindik lan asko gelditzen zait beste batzuen mailara iristeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.