Luxuzko laguntzailea

Baionak Jean Mixel Gonzalez fitxatu du, uztartzeen entrenamenduan taldeari lagun diezaion. Oraingoz hilabete baterako kontratua sinatu du Gonzalezek, baina ez litzateke harritzekoa denbora luzeagoan aritzea.

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2013ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Amodio istorio zahar baten piztea izan daiteke Baionaren eta Jean-Mixel Gonzalezen artekoa (Kanbo, Lapurdi, 1967). Gonzalez bere magala izan zen hartara itzuli da. Oraingoz, epe mugatuko itzulera izanen da. Hilabeteko lanaldia dauka, aitzinekoekin batera uztartzeen entrenamendua zuzentzeko.

Gonzalez eta Baionaren harremana, hain zuzen, aspaldiko bi maitaleren erakarpen-ihes harreman gisa deskriba daiteke. 2011n Miarritzeko aitzinekoen entrenatzaile kargua utzi zuenetik, etengabekoak izan dira Gonzalez Aturri eta Errobi bazterrera eraman duten zurrumurruak.

Azkena, joan zen udaberri-uda garaian izan zen. Maiatz-uztailean, behin eta berriz Gonzalez Baionako aitzinekoen entrenatzaile izanen zela zabaldu zen. Hori pentsatzera eraman zuten zantzuak ugariak ziren: uztartzeez arduratzen zen Denis Avrilek kargua utzi zuen, Gonzalez Christian Lanta Baionako kirol zuzendariaren laguna da, Lanta berak zelaietatik urrundu nahi zuen manager kargua hartzeko... Bazirudien Kanboko semea gertu zegoela Jean Daugertik.

Zurrumurruez harago, bi aldeen arteko harremanak, izan, izan ziren. Proposamen bat ala beste ere helarazi zuen klubak. Baina, azkenean, Baionak eta Gonzalezek ez zuten ados ezartzerik lortu. Lantak argi ikusten zuen aitzinekoez arduratzeko laguntzaile bat behar zuela. Zuzendaritzak, iduriz, ez zuen hain argi, eta Gonzalezekin ez aitzina egitea erabaki zuen.

Erabaki horretatik, baina, hilabete zenbait pasa dira, eta Baiona Top 14ko jaitsiera postuetaraino erori da. Taldearen arazoen artean, baloia irabazteko funtsezkoak diren bi alor daude: eskasak eta uztartzeak. Aitzinean lantzen diren esparruak, horretarako espezializatuta dagoen prestatzaile batekin. Gonzalezek landu behar zituen alorrak.

Uztartzeari dagokionez, begi bistakoak izan dira baionarren zailtasunak. Arauak aldatu dira sasoi berri honetan uztartzean, eta Lapurdiko hiriburuko taldeko lehen lerroak zailtasunak izan ditu arau berrietara egokitzeko. Horien artean, Neemia Tialata Zeelanda Berriko selekzioko jokalari ohia anitzetan zigortu dute. «Egia da Neemiak zailtasunak izan dituela sasoi hastapenean. Baina, uste dut epaileek gehiegi zigortu dutela. Jokalari handia da Neemia, eta seguru nago hobetzen segiko duela», adierazi zuen Lantak Miarritzeren aurkako derbiaren atarian. Hobekuntzaren zain daude zaleak, geroztik.

Gabezia horiek ezabatzeko, Baionak azkenean Gonzalez ekartzea erabaki du. Kanbokoa, taldea utzi eta hemeretzi urte berantago, Jean Dauger zelaira itzuli da. Baionako jokalari izarra zelarik, taldea utzi behar izan zuen. Bigarren mailara jaitsi ziren baionarrak 1993an, eta urte bat bertan pasa ondotik, Pauera joan zen, lehen mailan berriz aritzeko. Geroztik, bide luzea egin du Miarritzen, baina Baionan pasa dituen 11 urteak berdintzekoa adinakoa ez da izan. Etxeko kutun ohiak, beraz, bere gaztaroko lehen amodioarekin lotura berriz hartu du.

Asteartean egin zuen Gonzalezek bere lehen lan saioa Baionako aitzinekoekin. Eman dioten ardura ez da erraza. Hilabete bat dauka Baionako uztartzea sendotzeko. Lehen egunetik, eskuak lokatzetan bustitzea erabaki du Kanbokoak, eta uztartzeak lantzen aritu dira baionarrak. Astearteko lan saioan, lan bereziki luzea egin zuten uztartzeak lantzeko aharian. Oren eta erdiz ibili ziren ahariari bultzaka. Dinamika berri baten lehen bultzakadak izatea baizik ez da falta. Horretarako, Baionako aitzinekoek, Kanboko Gonzalez izanen dute artzain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.