Ez zuri, ez beltz

Ibai Zabalak bere burua binakako txapelketan murgilduta ikusi du kolpetik. Hala ere, normal hartu du: «Gauzak ez dira hainbeste aldatu». Asko ikasi du udazkeneko txakalalditik eta jasandako eskuko arazoetatik.

Ibai Zabala Idiazabalgo pilotalekuko kontrakantxan, iragan asteko pilota aukeraketan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Kostako da, bada, Ibai Zabalaren (Berriz, Bizkaia, 1987) eta Diego Simeoneren, Atletico Madrileko entrenatzailearen arteko antzekotasunik aurkitzea. «Haren irudia ez dut bereziki gustuko», onartu du pilotariak. Athleticzalea da, baina egun hobeto ulertzen du entrenatzaile argentinarra. «Partidaz partida joan behar dela dio hark beti, eta nik azken hilabeteetan zentzua aurkitu diot filosofia horri. Gertuen dagoen hori da helburu nagusia». Ez dira hitz hutsak, Zabalak lotsarik gabe baitio ez dakiela nola dagoen binakako sailkapena. «Ez diot begiratu. Aurretik bi bikote daude; atzetik Zabaleta, eta bikote pila bat gaude berdinduta».

Joan den astean, Roberto Garcia Ariñoren telefono dei batek hurrengo bi hilabeteak aldatu zizkion. Asteburuan partida zuela bazekien, baina ez bukaerara arte Ladis Galarzaren ordez ariko zela. «Aldaketa handiena da ziur partida izango dudala, eta aurretik errutinak presta ditzakedala. Ardura handiagoa da, bai, baina itsutu gabe. Ez du merezi hurrengo partidaz haratago begiratzea». Normal hartu du, baina ez hoztasunez. «Ziur nago Ladisentzat kolpe bat izan dela. Kritika gogorrak jaso ditu, gogorregiak, nire ustez. Baina gaztea da, saiatua, eta badu gaia. Ezin da amildu honengatik; ziur nago gora egingo duela ».

Haren tokia, baina, orain berea da, ia ezustean. Iaz, binakako txapelketa ona egin zuen, baina aurten garbi zuen ez zutela sartuko. «Txapelketa hasi baino astebete lehenago itzuli nintzen pilotalekuetara, eta enpresako beste atzelariak hobeto zeuden». «Itzuli» dio Zabalak, udazkena gogorra izan zelako. Urtebete pasa puntan egin ondoren, abuztu eta irailean txakalaldia izan zuen, eta, haren ondoren, eskuin eskuko kailuko arazoak iritsi ziren —ireki, eta infektatu egin zitzaion—. Udako torneorik ez zuen jokatu, eta binakako txapelketan sartzeko hautagaien zerrendatik erori zen.

Lau hilabete eman ditu bururik altxa gabe, baina ondo etorri zaizkio hausnartzeko. «Sei urte daramatzat profesionaletan, eta azken hilabeteetan ikasi dutgehien. Garai txarrak izan ziren: jokatu nahi eta ezin, burumakur, badakizu...». Bada zerbait; sei urtean eskuko bi ebakuntza, itxuraldaketa fisikoa —debutean baino lau kilo gutxiago pisatzen du, eta gorputzeko batez besteko gantza %16tik %11ra jaitsi du—, kontuan hartuta Lehen eta Bigarren Mailako txapelketak izan dituela.

Eta zer ikasi du, bada? «Gauzak beste modu batera hartzen». Zabalak dioenez, betidanik izan baitu itsutzeko joera. «Garai batzuetan, nahiko obsesiboa izan naiz. Gauzak perfektu egiten saiatzen nintzen, eta gogorra nintzen neure buruarekin; oso estu hartzen nuen. Partida txarren baten ondoren, buelta gehiegi ematen nizkion buruari». Eta orain? «Orain, ez. Partida txar bat jokatzeagatik ez da ezer pasatzen; gaur ondo joka dezakezu, eta bihar txarto. Lanean berdin jarraitu behar duzu. Txapelketan ez sartzeagatik ez nintzen ilarako azkena, eta bi hilabete geroago bi partida on egiteagatik ez naiz atzelari onena. Denak ez dira muturreko egoerak; dena ez da zuri edo beltz. Erlatibizatzen jakin behar da».

Txapelketan jokaturiko bi partidak irabazi ditu, eta, Bengoetxea VI.arekin, bizirik dago ligaxkan. Ez du finalerdietan pentsatzen: «Urrun dago hori», esan du patxadatsu. Eta umiltasunez azaldu du zergatia: «Ni ondo jokatzen ari naiz, baina ez naiz Albisu edo Zabaleta bat. Ezkerrarekin hobetu dut, eta horregatik egin dut koska bat gora, baina, bestela... Nire burua ez dut ikusten estelarista; nik esaten diodan tokian jokatzen duen pilotari bat naiz. Eta pozik nago horrekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.