Zigorretik ihes egitea lortu du Islandiako lehen ministro ohiak

2008an herrialdea porrotera eraman zuen finantza krisian arduragabe jokatzea egozten zioten

2012ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Islandiako lehen ministro ohiak, Geir H. Haardek, ez du zigorrik bete beharko 2008ko udazkeneko krisiaren aurretik eta krisian zehar egindako kudeaketagatik. Gobernuko karguak epaitzeko auzitegi berezi batek —Landsdomur— ebatzi du banku sistema hondoratu eta herrialdea porrotera eraman izanaren erantzukizunik ez duela, erantzukizun erabatekorik behintzat. Hala, errugabetzat jo du finantza krisia eragozteko eta haren ondorioak samurtzeko bere esku zegoena egin ez izanagatik egozten zizkioten lau akusaziotatik hiru larrienetan. Aldiz, erruduntzat jo du laugarrenean, herrialdearentzat garrantzitsuak ziren gaiak ez zituelako estatuko batzordeetara eta gobernuaren bileretara eraman. Delitu arin horregatik, ordea, ez du inolako zigorrik bete beharko.Epaiketako kostuak ere —143.000 milioi eurokoak—estatuak hartu beharko ditu bere gain.

Haarde 2006tik 2009ra egon zen Islandiako lehen ministro karguan, alderdi kontserbadorea boterean zenean. Arduragabekeriaz jokatzeagatik gehienez bi urteko kartzela zigorra ezar ziezaiokeen Islandiako justiziak. Hala ere, absolbitu egingo zuela edota isun bat ordaintzera zigortuko zuela uste zuten aditu gehienek. Izan ere, epaiketa prozesuan parte hartu zuten 40 lekukoetako inork —gehienak herrialdeko arduradun politiko eta ekonomikoak— ez ziolako Haarderi delitu larririk leporatu.

Epaiketako saioak ez, baina epaia Islandiako Ruv telebista kateak zuzenean eman zuten atzo, Euskal Herrian 16:00ak zirenean. Erabakiaren berri izan bezain pronto egin zituen lehen adierazpenak Haardek, epaia kritikatzeko. Haserre azaldu zen «formalitate txiki batengatik» kondenatu zutelako, eta epaia «zentzugabekotzat» jo zuen. Arrazoibide bera erabiltzera, gobernuko arduradun guztiak delitu beragatik zigortuak izan beharko luketela adierazi zuen.

Landsdomur auzitegi bereziko kideek jasan dituzten «presio politikoak» salatu zituen Haardek, eta bera erruduntzat jotzeko arrazoiak presio horiek izan daitezkeela iradoki. «Ni delitu arin batengatik kondenatzea akusazioari kontsolamendu sari bat emateko modua izan da». Horregatik, Islandiako sistema judizialaren inguruan hausnarketa egiteko eskatu zien bere herrikideei, prozesu judiziala «lotsagarria eta irregulartasunez betetakoa» izan delako.

Islandia, eredu

Haarden kontrako epaiketak ez du aurrekaririk Islandiaren historia modernoan, buruzagi politiko bat akusatuen aulkian eseri den lehen aldia izan baita. Bera izan da Landsdomur gobernuko karguak epaitzeko auzitegi berezia estreinatu duena ere, baina organoa bera 1905an sortu zuten. Prozesuak, baina, polemika handia sortu du Islandiako gizartean, herritar gehienek uste dutelako Haarden alboan beste hainbat arduradun politikok egon behar zuketela eserita, esate baterako David Oddssonek, 1991tik 2004ra lehen ministro izan zenak, Islandia hondamendira eraman zuen politika neoliberalaren bultzatzaile nagusia izan zelako.

2008ko udazkenean, herrialdeko hiru banku handienak —Glitnir, Landsbanki eta Kaupthing— salbatu behar izan zituen Islandiako gobernuak, neurrigabe hedatu eta pilatutako zorra finantzatu ezinik gelditu zirelako —Islandiako BPGren halako hamar—. Islandiako txapona, koroa, amildu egin zen ondoren, eta Nazioarteko Diru Funtsari laguntza eskatu behar izan zion gobernuak. Herritarren presioagatik, gobernuak dimisioa eman behar izan zuen. Gobernu berriak uko egin zion hondoratutako bankuen zorra pagatzeari. Islandiarrei beren aurrezkiak itzuli zizkien, baina atzerritarrei ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.