Faboritoen multzotik erori da

2008ko finala jokatu zuenetik, buruz burukoa ez da betebehar gozoa izan Barriolarentzat: bitan ezin izan du jokatu, eta bitan galdu egin du aurkari sendoen aurka. Gaur, berriz ekingo dio, Legazpin, Arretxe II.aren aurka.

Abel Barriola frontisaren alboan amorru keinua egiten, binakako txapelketako partida batean. J. C. RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Berak ere badaki, eta, hala ere, arraroa egiten da idaztea: urte gutxi batzuk dira Abel Barriola buruz buruko txapelketako faboritoen zerrendan ez dagoela. Izan ere, leitzarra txapelketa bikainak eginikoa da: txapel bat irabazitakoa, 2002an; eta bi final jarraian galdutakoa: 2007 eta 2008an. Finalerdietara makina bat aldiz ere iritsitakoa da, baina azken lau urteetan egoera aldatu egin da, eta manomanista trantze gogorra izan da. Hala ere, gaur berriz ekingo dio (17:00, ETB1), Iker Arretxeren aurka, Legazpiko pilotalekuan. Irabazleak Julen Retegi izango du aurkari.

2008ko finalaz geroztik, manomanistarekin ez du askorik gozatu Barriolak. 2009an, ez zuen parte hartzerik izan, belauneko lesio larri batengatik. Apirilean hautsi zituen ezkerreko hankako lotailuak, manomanista hastear zegoenean. Ordurako zozketa egina eta guzti zegoen, eta Leitzakoak zerrendaburu gisa ekin behar zion. Baina ezin; 2005ean gertatu bezala, ez zuen hasterik ere izan. Berrindartze prozesua, gainera, luzatu egin zen, eta urtebete pasatu zuen jokatu gabe, hurrengo buruz burukora arte, hain zuzen.

2010ean ozta-ozta iritsi zen. Urte hartan, buruz burukoak sistema berritzailea zuen: lau pilotariko bi multzo eta ligaxka. Etenaldi luzearen ondoren lau partida jokatzeko aukera izan zuen buruz buru hasi aurretik, eta Aspeko buruak konbentzitu zituen ateak itxita eginiko proba batean. Manomanistan parte hartu zuen, adore eta ausardiaz jokatuz, baina oraindik ez zegoen bere maila onenean. Hiru partida jokatu zituen, Irujo, Bengoetxea VI.a eta Olaizola I.aren aurka, eta hiruak galdu. Barriola, baina, «gustura» gelditu zen emaniko mailarekin.

2010ean zorigaitza berriz gurutzatu zen txapeldun ohiaren bidean. Hankako gihar bikiko minek binakako finalik gabe utzi zuten, eta, txapelketa hura bukatuta, ezkerreko eskumuturreko ebakuntza egitea erabaki zuen. Lotailuetako arazo batek ez zion pilota behar bezala jotzen uzten, eta kirurgia zen konponbide bakarra. Ia bost hilabete behar izan zituen berriz ere jokatzeko.

Iaz jokatu zuen, azkenekoz, eta bakea egin zuen txapelketarekin. Partida bat irabazi zuen, eta gero Irujo estu hartu arren, galdu egin zuen. Beginori irabazi zion lehenbizi (22-13), eta gero Irujo egokitu zitzaion. Barriolak ondo jokatu zuen, tantoa bukatzen, bereziki, eta 14-7 aurreratu zen. Irujo, baina, esnatu egin zen, eta zortzi tanto egin zituen saketik. Buruzburuko jokoa eta piloten ezaugarriak egun aurrelarien bertuteetara hobeto egokitzen dira, eta hor bi oztopo ditu leitzarrak. Gaur beste aurrelari bat du aurkari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.