Niessen, etenik ez duen enpresa

Errenteriako Niessen enpresaren ehun urteei buruzko erakusketa jarri dute Donostiako San Telmo museoan. Etengailuak egiteagatik ezagun egin zen enpresak etorkizun oparoa du oraindik.

Errenteriako enpresaren mendeurrenari lotuta San Telmo museoan jarri duten erakusketa. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
ainara arratibel gascon
Donostia
2014ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Hemeretzi langileko tailer baten modura hasi, eta 214 langile dituen enpresa bat bihurtzea. 100 metro koadroko tailer txiki baten modura hasi, eta 2.500 metro koadroko lantegi bat bihurtzea. Udare formako etengailuak egin beharrean, sakelako telefonoko aplikazio baten bidez argiak piztu eta itzaltzea ahalbidetzen duten domotikako gailuak egitea. Errenterian (Gipuzkoa) sortutako Niessen enpresak 100 urtean izandako bilakaeraren hiru adierazle dira. Aldatu ez dena, ordea, enpresak hasieratik izan zuen izpiritu aitzindari eta berritzailea da. Hori argi ikusten da enpresaren mendeurrenari lotuta Donostiako San Telmo museoan paratu duten erakusketan.

Hamabi argazki panelez osatua dago erakusketa. Panelekin batera, urte hauetan enpresak egindako gailu ezagunenak ikus daitezke: entxufeak, etengailuak, lanpara euskarriak, domotikako produktuak, bideo atezainak... Erakusketa maiatzaren 31 arte egongo da ikusgai: «Mendeurrenari lotuta antolatu dugu erakusketa. Baina benetan ospatu nahi duguna hurrengo ehun urteak dira. Izan ere, enpresak etorkizun handia du», azaldu du Antxon Lopezek, ABB multinazionaleko Behe Tentsioko Produktuen Saileko marketin zuzendariak. Uztailean Errenterian jarriko dute erakusketa.

1914ko azaroaren 1ean iritsi zen Errenteriara Guillermo Niessen, enpresaren sortzailea. Izatez alemaniarra zen, baina Bordelen, Frantzian, bizi zen orduan. «Lehen Mundu Gerratik ihesi zetorren». Berehala sortu zuen enpresa, argindarraren zabalkundearekin batera indarra hartzen ari zen negozia aprobetxatuz. «Hasieratik aitzindaria izen zen».

Aitzindaritza horri lotuta, bakelitaren patentea lortu zuen. Erakusketan ikus daitekeenez, lorpen handia izan zen hori. «Eraldatzen zen lehen erretxina izan zen, lehen plastikoa». Horri esker, negoziorako aukerak zabaldu zituen. «Bestelako produktuak ekoizten hasi ziren: sukalderako tresnak, hautsontziak... ». Errenterian industria haziz joan ahala hartu zuen indarra Niessenek ere. «Manchester txikia deitzen zioten Errenteriari, Erresuma Batuko hiriaren industrializazioarekin zuen antzekotasunagatik».

Ehun urte hauetan gakoa «garaietara egokitzea» izan dela iritzi dio Lopezek. «Etengabe ari gara gure produktuak berritzen. Erakusketan argi ikusten da. Diseinu eta ekoizpen aldetik lan handia egiten dugu, baita teknologia berriek eta industriaren bilakaerak eragindako aldaketetara egokitzen ere». Horren adierazle dira trebakuntza eskola bat sortu izana eta biltegiaren robotizazioa.

Egun, enpresa Oiartzunen dago. Baina Niessen egon zen lekuan dagoen merkataritza gunean haren ikurretako bat dago: tximinia, Errenteriarentzat izan zuen garrantziaren adierazle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.