CNTren afiliatuen izenak eman ditu LHK-k

CNTren salaketa onartu du Lan Harremanen Kontseiluak, baita datu horiek bidali izana akats «larria» izan dela ere

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Lan Harremanen Kontseiluak Ataco SL enpresan lan egiten duten CNTko sei afiliatuen datuak bidali zizkion enpresari joan den otsailean. «Langileen funtsezko eskubideen aurkako erasoa izan da», esan du CNTk Bilbon duen idazkari nagusiak, Endika Alabortek. Isilpeko datuak dira afiliazio datuak, eta horregatik da «larria» sindikatuarentzat. LHK-k ere akats «larri» moduan azaldu du gertaera.

La Oca denden jabea da Ataco SL enpresa, eta otsailean CNTk gatazka kolektibo bat abiatu zuen, lan egutegiak 100 orduko malgutasuna ezartzen baitzien lanaldi partzialean zeuden langileentzat. Auzi hori LHKra joan zen, eta, bere presentzia egiaztatzeko, afiliazio datuak bidali zituen sindikatuak; «langileen izenak, NAN zenbakia eta sinadurak agertzen ziren». Langileen datu horiek guztiak enpresari bidali zizkion LHK-k.

Isabel Amundarain da kaltetuetako bat; enpresak berak afiliazio paper horiek erabili ditu langileak «beldurtzeko». Beharginaren arabera, zuzendaritzak «langile guztiei erakutsi zizkien afiliazio datuak», eta laneko jazarpena egiten ari zaiela ere salatu du.

Akatsaren larritasuna handiagotu egiten du Ataco enpresa Sonia Perez de Ezquerrok zuzentzeak. Patxi Lopezen Jaurlaritzako Enplegu sailburuorde izan zen hura. «Enpresa pribatu batean halakoak egin baldin badituzte, ez dugu pentsatu ere egin nahi zer ez ote duten egin izaera publikokoetan», dio Alabortek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.