Euskal hedabideen behatokia. Hekimen

Behategi, zorrotz begi

Hekimen elkarteak euskal hedabideen behatoki bat jarri nahi du martxan, unibertsitateekin eta administrazioarekin elkarlanean.

urtzi urkizu
Donostia
2013ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Euskaraz ari diren hedabideak biltzen dituen Hekimen elkartea aurkeztu zuten iaz. Aurkezpenean, nora jo aztertzeko gune bat sortzea proposatu zuen: Euskal Hedabideen Behatokia. Sortze prozesuan da behatoki hori, eta 2015. urterako martxan egotea espero du Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaranek. Audientziak neurtzeko, kontsumo joerak ezagutzeko, unibertsitateekin lotura estua izateko, estrategiak planteatzeko, hizkuntza gutxituen esperientzietatik ikasteko, etorkizunerako prospektibak mahai gainean jartzeko eta hedabide publikoen eta ez-publikoen arteak baliabideak partekatzeko gunea izateko egingo dute behatokia. Edo behategia. Behin betiko izena ez baitute erabaki.

Barandiaranek gogorarazi duenez, Hekimen elkarteak hasieratik ikusi du lan mahai bat sortzea garrantzitsua litzatekeela, «gabeziak detektatu eta estrategiak markatzeko». «Tresna prestigiodun bat sortu nahi dugu, alternatibak proposatuko dituena». EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Huhezi Mondragon Unibertsitateko komunikazio fakultateko hainbat irakasle ari dira Hekimenekin elkarlanean, behatokiaren proiektua diseinatzen.

Behatokiaren proiektua gauzatzeak, dena den, harreman zuzena izango du finantzaketarekin. Hekimen hainbat erakunde publikorekin ari da lanean. Barandiaran: «Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailean aurkeztu dugu proiektua, eta oso interesgarria iruditu zaie. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalbiltzaren konpromiso minimo bat ere badugu. Guretzat administrazioa proiektuan egotea funtsezkoa da». Horrenbestez, hiru hanka izango ditu behatokiak: Hekimen elkartea, unibertsitateak eta administrazioa. «Euskal hedabideek gidatu behar dute proiektua, unibertsitateen bermearekin eta administrazioaren laguntzarekin sustatuta».

Huheziko irakasle Aitor Zuberogoitiaren ustez, hedabideen, unibertsitateen eta administrazioen artean irizpide eta diskurtso komunak eraikitzen joateko garaia da. «Euskarazko hedabideek merezi duten lekuan jartzeko, tresna garrantzitsua izan daiteke behatokia. Diskurtso komuna eraikitzeak, gainera, lagundu egingo luke eragiten, asmoak ekintza bihurtzen».

Ildo beretik, EHUko irakasle Patxi Azpillagak gogorarazi du unibertsitatean duela urte batzuk antzeko fundazio bat sortzeko proiektua egon zela. «Azkenean, ez zen gauzatu. Baina orduan aipatzen zen euskarazko hedabideen gainbegirada egonkorra egitearen beharra. Orain Hekimenekin eta Huhezirekin halako egitasmo bat garatzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu». Beste proiektu bat ere egon zen duela lau urte inguru, Andoaingo Udalak sustatuta eta Eusko Jaurlaritzak babestuta. Proiektu horrek ere ez zuen aurrera egin.

Hekimenek sustatutako proiektuak, aldiz, aurrera egiteko oinarriak finkatuak ditu. Barandiaran: «Beste proiektatuetatik badugu zer ikasi. Beste egoera bat dugu orain, euskarazko hedabide ez-publikoak batuta daudelako».

Euskarazko komunikazio esparruaren inguruko diskurtsoa «bildu, mamitu eta gizarteratu» egin behar da, Azpillagaren iritziz. «Horrez gain, euskarazko hedabideen pisu soziala agerraraztea garrantzitsua da. Gaur egun, dagoen komunikazio egituragatik ez da transmititzen benetan euskal hedabideek duten pisu soziala. Behatoki batek horretan lagunduko luke».

Hekimeneko zuzendariaren arabera, euskarazko hedabideen «argazki oso bat» egin nahi dute behatokiaren bitartez: «Nolako hedabideak ditugun, zer arazo dituzten, zer aukera dituzten, nolako finantzaketa duten eta publizitatearekin zer gertatzen den. Benetako azterketa sendo bat egin nahiko genuke, ondoren proposamenak egiteko». Behatokia Hekimenentzat «proiektu estrategikoa» da. «Gogoeta egiteko garai ona da».

Benetako hartzaile datuak

Barandiaranek aitortu duenez, gaur egun egiten diren neurketak hedabide handientzat baliagarriak dira, baina txikientzat ez. «Adibidez, Xiberoko Botza edo Guaixe zenbat jenderengana iristen diren jakiteko ez dute balio ohiko enpresek egiten dituzten neurketek. Datuak ez dira errealak». Hartara, datu fidagarriagoak ezagutzea interesatuko litzaieke hedabideei, baita administrazio publikoei ere, «jakiteko eraginkortasuna nolakoa den». Barandiaranek esan duenez, Hekimenen «etengabeko kezka» da eraginkortasuna: «Hau da, dauzkagun baliabideekin ahalik eta jende gehiagorengana iristea. Eta ahalik eta hobekien iristea. Ez badakigu ondo zein hedabide diren gauzak hobekien egiten ari direnak, ez dugu jakingo zer egiten ari garen ondo eta zer gaizki».

Publizitateari begira ere, neurketa fidagarriak izatea funtsezkoa litzateke. «Horiekin demostratu ahalko genuke gure hedabideetan jarritako publizitatea oso eraginkorra dela. Kontsumo horren plusa ere ezagutuko genuke, hartzaileen atxikimendua egon badago eta». Behatokiak proposa dezake modu horretako neurketak nola egin.

Ildo beretik doa Azpillagaren hausnarketa: «Gaur egun falta zaigu euskaldunon kontsumo datuak ondo aztertzea. Euskal hedabideek duten benetako audientzia ezagutu behar dugu. Tamainagatik, ez dago lagin nahikorik haien pisua eta presentzia neurtzeko. Errealitate bat dago hor, eta bere ezagutzan aurrera egin beharko genuke».

«Indarrak batzeko garaia»

Sortze prozesuan den behatokiak, bestalde, ez du kokagune fisikorik izango, oraingoz. Behatokiak ez duela etxe edo egoitza baten beharra uste du Barandiaranek: «Lan mahai batez hitz egiten ari gara. Datozen bi urteetan argazkia egiteko aukera izango dugu, hurrengo urteetan etorriko dena proposatzeko». Gaur egun, lehentasuna «indarrak batzea» dela iruditzen zaio: «Sinergia asko egon daitezke bilduta proiektu honen inguruan. Aurkeztu diegunen aldetik, erantzuna positiboa izaten ari da». Proiektua 2015ean abian jarri aurretik, «erretratu osatu bat» egin nahi dute: «Gabeziak eta indarguneak aztertuz, gogoeta estrategiko bat egin nahi dugu ikusteko norantz joan behar duten euskal hedabideek». Hori bukatutakoan, behatokiak nola funtzionatu behar duen aztertuko lukete.

Bestalde, Zuberogoitiaren ustez, behatokia sortzea «ondo» etorriko da Euskal Herriko unibertsitateen ikerketa mapa ordenatzeko. «Horrela, bi ikerketa talde ez dira gauza bera ikertzen ariko. Ikertzen ari garena, berriz, hedabideei helaraziko genieke, baita erakunde publikoei ere. Eta modu horretan erakunde publikoek irizpide jakinak izango lituzkete euren politikak diseinatzeko orduan. Ez lirateke usteen edo iritzien arabera ariko, ikerketen arabera baizik».

Azpillagaren iritziz, «derrigorrezkoa» da elkarlana. «Eta elkarlana garatzeko modu bat izan daiteke behatokia. Ez dugu uste behatokia izango denik inoren lana zaintzeko gunea, baizik eta inplikatuta dauden guztiok biltzeko espazio bat». Espazio horrek ekarriko lituzkeen onura batzuk zehaztu ditu EHUko irakasleak: «Hedabideen errealitatearen ezagutza hobea ekarriko luke. Ezagutza horretatik, gainera, garapen tresnak finkatzeko aukera egongo litzateke, eta ez bakarrik alde ekonomikoari begira. Produktuei begira ere bai».

Zuberogoitiarentzat, «oso garrantzitsua» da hedabideak-unibertsitateak-administrazioak hirukia aktibatzea, arazoei aurre egiteko. «Euskal Herrian masa kritikoarekin arazo bat daukagu, oso txikiak garelako. Ikus-entzunezkoen munduan, adibidez, argi ikusten da hori». Inguruko lehiakideekin aurrekontuetan desabantailak dituzte euskarazko hedabideek, bereziki telebistek. «Horregatik uste dugu aliantzak eta sinergiak lortzen saiatzea gako izan daitekeela», azaldu du Huheziko irakasleak.

Huhezin berrikuntza laborategi bat sortu dute aurten, eta horretan behatokirako batu nahi dituzten hiru erpinak elkartzen saiatuko dira: hedabideak, unibertsitateak eta administrazioak. «Hirurak koktelontzian sartzen saiatu gara. Iruditzen zaigu behatokiak gauza bera egiten saiatu beharko lukeela, baina nazio osoari begira», irudikatu du Zuberogoitiak.

Nahiz eta behatokia Hekimenek sustatu, hedabide publiko (EITB) eta ez-publikoen artean ikuspegia eta baliabideak partekatzeko gune bilaka daitekeela iruditzen zaie sustatzaileei. Azpillaga: «Etorkizunerako elkarlana da gakoetako bat. Elkarlana esploratzea izan beharko luke behatokiaren helburuetako bat». Barandiaranen arabera, EITBren eta Hekimeneko hedabideen arteko harremanak «kezka» dira, eta aztertuko dituzte.

Asteartean aurkeztuko dute

Datorren asteartean, Aretxabaletan (Gipuzkoa) azalduko ditu Barandiaranek behatokiaren inguruko nondik norakoak. Mondragon Unibertsitatearen Ikus- entzunezko campusean Tokikomek euskarazko hedabideen etorkizunaz garatu duen gogoeta plazaratzeko jardunaldian egingo du aurkezpena. Jardunaldi horretan, Tokikomeko gogoeten berri emango du Mikel Irizarrek. Zuberogoitia eta Eneko Bidegain Huheziko irakasleek parte hartuko dute. Finantzaketa gorabeherak azalduko ditu Haritz Solupek. Ondorengo prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioetako ordezkariak ere izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.