Balentziagaren itzala

Madrilgo Trajearen Museoaren 60 jantzi jarri dituzte Cristobal Balentziaga museoan, jostunaren ibilbide profesionalean eragina izan zuten hainbat eragile ezagutarazteko.

Balentziaga jostunaren hirurogei soineko daude ikusgai Getariako erakusketan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ainhitze Ruiz.
Getaria
2014ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Cristobal Balentziaga jostunaren lana zehaztu zuten eragin artistikoak ezagutarazteko asmoz, Balentziagaren artea izeneko erakusketa jarri dute Getariako Cristobal Balentziaga museoan (Gipuzkoa). Madrilgo Trajearen Museoko bildumako hirurogei soinekoz osatutako erakusketa aurkeztu zuten atzo museoan bertan. Aurretik, herenegun, museoko zuzendari berriaren izena eman zuten ezagutzera: Miren Vives Almandoz aukeratu dute Cristobal Balentziagako zuzendari berria izateko, eta Aste Santuaren ondoren ekingo dio kargu horri.

Balentziagaren artea erakusketarenhelburu nagusia Getariako jostunak modaren munduan izan zuen garrantzia ezagutaraztea da. «Orain arte ikusgai izan ez diren altxorrak izango ditugu erakusketan», azaldu du Ikerne Badiolak, Cristobal Balentziaga fundazioko lehendakariak.

Jostunaren maisutasunak eta gama kromatikoak erakusten dute jostunak artearen historia eta sortzaile handiak ezagutzen zituela. Hori horrela, erakusketan ikus daiteke jostun getariarrak erreferente izan zituela Zurbaran, Velazquez, Goya, Sorolla, Zuloaga, Picasso eta Juan Gris artistak.

Harreman hori erakusteko, artearen historian garrantzia izan duten bederatzi margolan jarri dituzte jostunaren soinekoekin batera Getariako museoan. Francisco Zurbaranen Isabel Portugalgoa lana, Diego Velazquezen Mariana Austriakoa lana eta Ignacio Zuloagaren Dantzaria, besteak beste.

Erakusketa, hiru aretotan

Cristobal Balentziagak goi mailako joskintzaz zuen ikuspegia antzeman daiteke bilduma hartzen duten hiru aretoetan. Jostunak zioenez, «moda sortzaile on batek arkitekto izan behar du formarako, margolari kolorerako, musikari harmoniarako, eta filosofo neurrirako».

Lehen aretoak Arkitektoaren geometria izena du, eta, han, ikus daiteke Zurbaran eta Velazquez margolaritza tradizionalaren maisuek erabilitako joko bolumetrikoa Getariako moda sortzailearen lanean islatzen dela. «Jostunaren forma nahiz patroien aldakortasun eta teknika perfekzionatua islatzen du lehenengo gelak», azaldu du Lorena Delgadok, Trajearen Museoko XX. mendeko jantzien saileko kontserbatzaileak.

Bigarren aretoak Betiereko biotomia izena du. «Horrela deitu diogu kolore zuriak eta beltzak Balentziagaren lanetan duten eraginagatik», adierazi du Delgadok. Balentziagak behin eta berriro erabiltzen zituen bi kolore horiek. «Soinekoen ebaketa eta formarekin batera, bere lanetan erabiltzen zuen apaingarri aberatsa ikus daiteke areto horretan», azaldu du Delgadok. Jantziaren sinpletasuna konpentsatzeko, brodatuak edo parpailak erabiltzen zituen, eta, areto horretan ikus daitekeenez, Goya eta haren koadroetako emakumeak erreferente garrantzitsuak izan ziren.

Margolariaren paleta izena du hirugarren aretoak, eta, han, Getariako jostunaren kolore biziko soinekoak ikus daitezke. Zuloagaren gorri eta beltz sakonak, Picassoren urdina eta Juan Grisen okreak soinekoen ekoizpenera eraman zituen jostunak.

Aldi baterako erakusketa da Getarian jarri berri dutena, baina iraupen luzea izango du: 2015eko apirilaren 5era arte egongo da ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.