Komunikazioa

Bitan pentsatzeko jauziak

'Splash' saioko segurtasun neurriak zalantzan jarri dituzte, Txinako bertsioan parte hartzaileetako laguntzaile baten heriotza dela eta. Ez da buruhausteak sortu dituen bertsio bakarra.

Donostia
2013ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Telecinco eta Antena 3 kateek orain hilabete batzuk estreinatu zituzten Mira quién salta eta Splash! Famosos al agua saioak, hurrenez hurren. Bertako parte hartzaileen gorputzetan ubeldurak ikus zitezkeen, tranpolinetik egindako salto akrobatikoen ondorioz. Txinako bertsioan, ordea, lesioak ez dira ubeldura soiletan geratu: parte hartzaile baten laguntzaile bat ito izanak zalantzan jarri ditu Splash saioaren ekoiztetxearen segurtasun neurriak.

Jende ospetsuaren jauzi akrobatikoetan oinarritzen dira saioak. Hiru, bost eta hamar metroko garaieratik egiten dute salto, eta ondoren epaimahaiak puntuak ematen dizkie. Txinako gertakaria esanguratsua den arren, ez dirudi ekoiztetxeak oztoporik jarriko duenik emanaldiekin jarraitzeko. «Saioarekin zer ikusirik ez zuen jardueraren ondorio izan da ezbeharra. Ekoiztetxeak segurtasun neurri guztiak hartzen ditu kontuan, eta ez dugu ikusten emanaldia arriskuan jartzen duen inolako arrazoirik», adierazi zuten saioaz arduratzen den Cuatro Cabezas ekoiztetxekoek.

Txinakoa, baina, ez da hautsak harrotu dituen kasu bakarra. Izan ere, AEBetako saioan, Nicole Eggert aktoreak —Baywatch telesailean lortu zuen ospea— lesio larria izan zuen bizkarrean, tranpolineko jauzia oker egin ondoren. Rory Bushfield eskiatzailea eta Louie Anderson umoregilea ere ospitalera eraman behar izan zituzten jauziak sortutako lesioen eraginez.

Espainian ere tranpolin jauziek ondorio latzak izan dituzte. Kasu batzuetan, gainera, parte hartzaileek lehiaketa utzi behar izan dute. Horren adibide da Fran Murcia saskibaloi jokalari ohia. Entrenamenduetan egindako salto oker baten ondorioz, tinpanoa hautsi eta saioa utzi behar izan zuen. Juan Jose Ballesta aktoreak ere besoan luxazioa eduki zuen. Horiek horrela, baina, ekoiztetxeak lasaitasuna eskatu du. «Luxazioak, tendinitisa eta halako lesioak oso ohikoak dira kirol honetan. Arriskua zenbatekoa den badakigu, eta horregatik dugu instalazioen atarian anbulantzia bat edozein unetan erabiltzeko prest». Guztiaren oinarrian ikuslearen arreta mantentzea dagoela gaineratu nahi izan dute Cuatro Cabezasetik. «Saio entretenigarria egitea da gure helburua. Horregatik, guztiaren gainetik parte hartzaileen segurtasuna dago. Parte hartzaileei gomendioak emateko profesionalak ditugu».

Arriskuaz ohartzen duen deia

Joan den martxoan Madrilgo Paraplegia Elkarteak eta Urritasun Fisiko Handien Elkarteak eskakizun bana bidali zuten Mira quién salta eta Splash! Famosos al agua saioetara. Jauzien arriskuaz ohartarazteko eskatu zieten. «Saioetan ikus-entzulea arriskuaz jabetzea nahi dugu. Aukera paregabea da jendearen kontzientzietara jotzeko, eta jauziak jolasa ez direla esateko», azaldu zuten elkarteek.

Eskakizuna egin zutenerako, Mira quién salta saioa amaitua zuten. Antena 3ekoa, berriz, oraindik amaitu gabe dago, eta elkarteen oharra jaso bezain laster arriskuaz ohartarazi zuten. Arturo Valls aurkezleak lehiaketan hainbatetan gogorarazi du jauzien arriskuaz. Saioa prime time ordutegian ematen dutenez, elkarteak beharrezkotzat jo du mezuaren hedapena. «Beste gai batzuekin sarritan ikusten ditugu bi katetan kanpaina ohartzaileak», adierazi dute. Espainian gehien ikusten diren kateetako bi dira, eta prime time ordutegian halako oharrak egitea eragina izango duela uste dute.

Arriskua nabarmena da horrelako lehiaketetan. Dozenaka lesioek eta Txinako heriotzak, baina, ez zaizkie pisuzko arrazoiak iruditu emanaldiak amaitzeko. Agian, lehiakideek bitan pentsatu beharko dute jauzi egin ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.