Aste Nagusirako, dena prest

Konpartsek 300 ekintza baino gehiago dituen egitaraua prestatu dute, jai eredu «herrikoi eta parte hartzailea» bultzatuzTxupinazo garbi bat eskatu dute, esanez «irina eta arrautza kroketak egiteko» direla

Askotariko ekitaldiak egongo dira Bilboko Aste Nagusian: jinkanak, kontzertuak, antzezlanak, bertso saioak eta beste. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2013ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Bilboko Konpartsek prest dute egitaraua. Guztira, 300 ekintza baino gehiago antolatu dituzte konpartsa guztien artean. Denetarik antolatu dute: jinkanak, erakusketak, dantza ikastaroak, bertsolariak, antzezlanak, herri bazkariak, kontzertuak eta abar. Itziar Villafañez eta Jon Barrado, Bilboko Konpartsetako bozeramaileek esan dute ekintza horiek guztiak doakoak, parte hartzaileak, herrikoiak eta denentzat direla. Horrekin batera, txupinazo garbi bat eskatu dute konpartseroek: «Marijaiari zor diogun errespetuzko txupinazo garbia, munduko jairik handienarekin zerikusirik ez duten elementurik gabekoak». Bilbon, irina eta arrautzak, kroketak egiteko direla esan dute.

Interesik handiena pizten duten ekitaldiak kontzertuak izan ohi dira. Aurten, konpartsek 60 musika emanaldi inguru antolatu dituzte. Jai esparruan joko dute, besteak beste, Skakeitan, Akatz, Anai Arrebak, Skasti, Reno Renardo, Willis Drummond, Las Tea Party Djak, DodoSound & Roko tenorsax, Bad Sound System eta Las Fellini taldeek.

Baina Aste Nagusian ez da musika bakarrik izango. Sukaldaritza lehiaketan ehunka pertsonak parte hartzen dutela urtero esan dute Kepa Freirek eta Pedro Prietok, sukaldaritza txapelketako antolatzaileek.

Jaietako asteartetik aurrera, egunero izango da txapelketa. Baina antolatzaileek aldatu egingo dute parte hartzaileek egunero prestatu beharko duten platera. Patata tortilla egin beharko dute batean, txipiroiak bere tintan bestean, bakailaoa Bizkaiko erara, pil-pilean, marmitakoa eta buztan gisatua ondorengoetan. Izena ematea doakoa izango da, eta parte hartze hutsagatik amantala eta ardo botila bat jasoko dituzte. Epaimahaian, hainbat sukaldari profesional eta txokozale egongo dira. Txapelketaz gain, lehenengo igandean Eusko labeldun hanburgerra eta bizkaitar sagardo dastatzea egingo dituzte. Eta astelehenean, Master Txikia izango da, non umeek janaria prestatzen ikasteko aukera izango duten.

Ohikoak diren zenbait ekintza ez dira faltako egitarauan. Aste osoan, umeentzako arrantza eskola egongo da. Astelehenean, txosna ederrenari eta itsusienari Kanpaia eta Eulia sariak emango dizkiete. Asteartean, XVI. Mus txapelketa jokatuko da: Bilboko txitxirioa izenekoa. Bilbo Kantari arrakasta handia izaten duen beste ekitaldi bat da. Aurten, astearte, ostegun eta bigarren larunbatean Zazpikaleetan abestera aterako dira bilbotarrak. Ostiralean, hilak 23, 2.000 korrikalari inguru batuko dira XVII. Hiri krosean. Faboritoak gizonezkoen artean Ivan Hierro kantabriarra eta Worhnek Fikire eritrearra dira, eta, emakumezkoetan, Samari Ahbouche marokoarra, Brahane Ragassa etiopiarra eta Iraia Garcia euskal herritarra.

Aurtengo berritasunak

Berritasunak ere badaude Aste Nagusian. Asteazkenean, Slacklineren tailerra eta erakustaldia egingo dituzte. Egun berean, Lance txapelketa jokatuko da. Astelehen eta asteartean, Basket 3x3 txapelketa izango da. Bi kategoria egongo dira: bata umeentzat, eta bestea, egokitutako saskibaloikoa. Ekinbide hori, Bilbao Basket Fundazioarekin eta Saskibaloi Federazioaren laguntzarekin antolatu dute. Federazioko eta Bilbao Basketeko kideak «oso pozik» agertu dira esperientzia berriarekin.

Aurten ere, konpartsa berri baten sorrera ospatuko dute bilbotarrek: Piztiak konpartsa animalista. Konpartsa hori animalien eskubideen aldeko mugimenduko hainbat pertsonak sortu dute, eta bi helburu nagusi ditu: Bilboko jai herrikoietan parte hartu eta horietan beganismoa eta animaliekiko errespetua bultzatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.